Patxi Plazaola: «Sasietak ondo lan egin du eta eredugarria izan da Gipuzkoan»
Lau legealdi egin ditu Beasaingo Udalean Patxi Plazaolak (Legorreta, 1944). Bi legealditan, Euskara eta Hirigintza zinegotzi izan da, eta azken zortzi urtetan, berriz, alkatea, EAJren ordezkari. Adinean aurrera egin duela dio, eta horregatik erabaki duela politikagintza uztea. «60 urtetik aurrera, jarrera, ohitura, pentsaera eta erreakzioak aldatu eta harremanak zaildu» egiten direla dio. Alkatetza utzitakoan herriari lotuta jarraitzeko asmoa du. Zergatik erabaki duzu politikagintza uztea? Adinagatik, 67 urte egitera noalako. Zortzi urte nahikoa dira geneuzkan asmoak betetzeko, eta atzetik jendea oso prestatuta dago. Lau urte gutxi dira alkatetza baterako, baina nik hasitako etapa amaitu da. Lehengo alkatetzak egindako lanari jarraipena eman diogu urte hauetan; orain, atzetik datozenek jarraituko dute. Pentsatu al duzu zer egingo duzun? Oraindik ez; herriarekin lotuta jarraituko dut, hemen bizi naizelako eta iniziatiba interesgarriak sortuko direlako. Ekainean izango da aldaketa, eta ordura bitartean, nahiko lan badut. Gero zer etorriko den ikusiko dugu, baina gizarte lanetan murgilduta jarraituko dut. Krisi ekonomikoarekin, inbertsioak egiteko aukerak murriztu egin dira, eta hainbat proiektu E Planetik jasotako laguntzekin egin dira. Nola hartu dituzue laguntzak? E planetik jasotako dirua eskertzekoa bada ere, proportzioan ez da hain esanguratsua izan, eta proiektu txiki asko egiteko aukera eman digu . Proiektu handiak udalaren baliabideei esker eta Eusko [...]
Lau legealdi egin ditu Beasaingo Udalean Patxi Plazaolak (Legorreta, 1944). Bi legealditan, Euskara eta Hirigintza zinegotzi izan da, eta azken zortzi urtetan, berriz, alkatea, EAJren ordezkari. Adinean aurrera egin duela dio, eta horregatik erabaki duela politikagintza uztea. «60 urtetik aurrera, jarrera, ohitura, pentsaera eta erreakzioak aldatu eta harremanak zaildu» egiten direla dio. Alkatetza utzitakoan herriari lotuta jarraitzeko asmoa du.
Zergatik erabaki duzu politikagintza uztea?
Adinagatik, 67 urte egitera noalako. Zortzi urte nahikoa dira geneuzkan asmoak betetzeko, eta atzetik jendea oso prestatuta dago. Lau urte gutxi dira alkatetza baterako, baina nik hasitako etapa amaitu da. Lehengo alkatetzak egindako lanari jarraipena eman diogu urte hauetan; orain, atzetik datozenek jarraituko dute.
Pentsatu al duzu zer egingo duzun?
Oraindik ez; herriarekin lotuta jarraituko dut, hemen bizi naizelako eta iniziatiba interesgarriak sortuko direlako. Ekainean izango da aldaketa, eta ordura bitartean, nahiko lan badut. Gero zer etorriko den ikusiko dugu, baina gizarte lanetan murgilduta jarraituko dut.
Krisi ekonomikoarekin, inbertsioak egiteko aukerak murriztu egin dira, eta hainbat proiektu E Planetik jasotako laguntzekin egin dira. Nola hartu dituzue laguntzak?
E planetik jasotako dirua eskertzekoa bada ere, proportzioan ez da hain esanguratsua izan, eta proiektu txiki asko egiteko aukera eman digu . Proiektu handiak udalaren baliabideei esker eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak emandako laguntzei esker egin ditugu. Bestea ondo etorri den laguntza bat izan da.
Etxebizitza berrien salmentek behera egin dute, eta Beasainen, etorkizun hurbilean, beste 300 etxebizitza egitea dago pentsatuta. Halako eskaerarik ba al dago herrian?
Pentsatuta ditugun etxebizitza denak garatzen badira, hamar urte bitarteko lasaitasuna izango dugu. Plangintzan, orain lau urte garatzen ari ginen eremu guztietan, jabe pribatuak zeuden. Sustapen pribatua moteldu denean, leku batzuetan atzeratu egin dira gauzak, eta orain hainbat lekutan kartelak daude jarrita, etxebizitzak nahi diren edo ez galdetzeko. Hemendik gutxira udalak egindako 24 etxebizitza zozkatuko dira, eta zerrendetan ez dira 200 baino gehiago apuntatu, nahiz eta Etxebiden jende gehiago egon izena emanda. Alokairuko etxebizitzak ere oso geldi mugitzen dira. Hor badaude 600-700 etxebizitza mugitu beharko liratekeenak, baina horiek mugitzea oso zaila da.
Trafikoak hainbat buruhauste eman dizkizue azken urteetan, eta herritar gehienek herri erdialdean aparkatzeagatik ordaindu behar izatea proposatu du. Hori al da irtenbide bakarra?
Zirkulazioaren arazoa herri guztietan dago. Gipzukoan ez dago herririk herri sarreran horrenbeste aparkaleku libre duenik, baina halere, arazo handia dago Beasainen. Arazoa konpontzen, kontzientziaren bidez hasi beharko dugu. Edozein gauzatarako autoa erabili behar izateko ohitura aldatu egin behar da. Garraio publikoaren arazoa ere hor dago. Autobus zerbitzuarekin arazoak ditugu, inguruko herriak eta Beasain ez daudelako ondo lotuta, tren ordutegiak eta autobus ordutegiak kontuan hartuta batez ere. Intermodalitatea bultzatuta, arazo hori gutxitu egingo litzateke, eta baita apakaleku falta ere. Herri barruan trafikoa nondik bideratu ere erregulatu beharko da, eta, herritar guztiak kontuan hartuta, formularik egokiena zein den bilatu. Hurrengo legealdi hasierako erabakietako batek zirkulazioaren ingurukoa izan beharko da. Bidegorriak ere hor daude, eta horien erabilera ere bultzatu beharko da.
Zumarragarekin batera, Beasainek dauka Goierrin kutsadurarik handiena. Udalak zein neurketa egiten ditu?
Azterketa guztien emaitzak udalaren webgunean daude. Eusko Jaurlaritzak egunero egiten ditu neurketak, eta emaitzak jakinarazten ditu. Azken bost urteetan, parametro guztiek ondo eman dute. PM10 parametroan bakarrik izan dira aldaketak. Eguraldi txarra egin zuen egun haietan bakarrik gainditu zen ezarritakoa, eta ordu zehatz batzuetan: 08:00etatik 10:00etara eta 18:00etatik aurrera. Inma programak egiten dituen neurketak askoz zehatzagoak dira, eta arrisku mailarik ez dut uste gainditu dugunik azken urteetan.
Urte batzuk barru, abiadura handiko trenak herri guztia zeharkatuko du. Beasainera zehazki zer ekarriko du?
Mugitzeko aukera ekarriko die herritarrei, orain ibilgailuz edo hegazkinez jaoten diren lekuetara lasaiago joateko aukera. Beasainen Renfek duen zamalanetarako gune hori Ezkio-Itsasora igarotzen bada, libre geratuko litzateken gunea herritarrentzako izango litzateke. N-1 errepidetik ere kamioi gutxiago igaroko da, eta hori ere abantaila izango da. CAF enpresari ere aukera ematen zaio. Gutxi salduko du, baina, ondo egiten badu, aukera batzuk izango ditu. Nik uste onura horiek ekarriko dituela herrira. Egia da obra handiak direla, baina txukun geratuko dira.
Gizakerrek egindako inkestan, herritarren arabera, euskara ez da asko erabiltzen herrian eta udalean. Zer egin behar da hori aldatzeko?
Udaletik iniziatiba asko bultzatzen ari gara. Zerbait lortu nahi bada, erakarriz egin behar da, ez inposatuz, eta udala lan hori egiten ari da. Belaunaldi berrei aukerak eskaintzen dizkiegu eskolaz kanpo egiten dituzten ekintzetan euskara sustatuz. Sariketak ere hor daude eta kulturaren alorrean ere gero eta euskara gehiago entzuten da. Inguruan ditugun euskarazko hedabideen aldeko apustua ere egin dugu eta beraien iniziatibak bultzatu ditugu. Euskaltegia eta administrazioa ere euskara bultzatzeko daude. Udalaren eginbeharra esparru horiek denak bultzatzea eta lantzea da, ondoren herritarrek erabili ditzaten. Ditugun elementu guztiak lotu behar ditugu emaitzak lortzen joateko.
Sasieta zabortegiak Gipuzkoa osoko zaborrak jasotzen ditu, eta betetzear dago. Zenbat denbora jarraitu ahalko du hondakinak jasotzen?
2013 eta 2014 artean jarri zen muga. Orain arte, Sasietak ondo lan egin du, eta eredugarria eta aitzindaria izan da Gipuzkoan. Martxan jarri dituen kudeaketak bide onetik doaz, eta Beasainen eta Goierrin herritar gehienak jabetzen dira birziklatzeak duen garrantziaz. Jendeak badaki ahalik eta hondakin gutxiena sortzen ahalegindu behar dugula, eta bosgarren edukiontziak izan duen arrakasta da horren adibide. Denboraren poderioz, beste kultura bat hartzen hasi gara, eta, horretan, Sasietak lan handia egin du.
Zaborraren inguruan sortu den gatazkaz, zer iritzi duzu?
Zilegi iruditzen zait formula bat baino gehiago erabiltzea. Baina uste dut sistema egokiena Sasieta eta diputazioa bultzatzen ari direla. Zabor bilketaren inguruan aukera asko daude, eta badakigu beti zerbait geratuko dela erretzeko eta birziklatzeko. Zaborra pilatzen jarraitzea debekatuta dago, eta errauste plantarena da sistemarik egokiena.
Hiru ikastetxek bat egin dute aurtengo ikasturtean, eta Beasain institutu publikoa sortu da. Eskola mapa eraberritua beharrezkoa al zen?
Nik kezkak baditut, eta horiek denak jakinarazi dizkiet dagokien arduradunei. Garrantzitsua da ikastetxeak ondo funtzionatzea, eta hiru ikastetxe horiek kalitatezko hezkuntza eskaintzen zuten. Ikastetxe bakoitzak bere nortasuna izan behar duela defendatu izan da, eta hori ez da lehiaren kontra jarri behar, lehiak autonomia ematen duelako. Eskola mapa pentsatu zutenek ondorioetan pentsatuko zuten, baina bidean geldiago joan behar zuten. Zehaztu dituzten helburuak betetzen diren ikuskizun dago oraindik.
Sortuk hauteskundeetan egoteko aukera izango balu, zein eragin izango luke horrek Beasaingo Udalean?
Indar potente bat izango litzatekeela uste dut. Bigarren edo hirugarren hor ibiliko litzateke, baina indartsu. Gero adostu egin beharko dira gehiengoak. Nire desioa lehenbailehen legeztatzea da, egungoa fikziozko egoera bat delako, eta hori etorri beharrean dagoelako, bestelako ezerk ez duelako zentzurik. Bestela sufrimendua, kezkak eta ezkortasuna areagotzen ari gara. Pasatu dugun guztiarekin, konfiantza galtzea normala da, baina ezertan ez sinistea ere ez da kontua.