Udal gobernuko taldeen artean adostu gabe onartu dute 24 milioi euroko aurrekontua
Hainbat astetako atzerapenen ondoren, gaur egin du Ordiziako Udalak 2011. urteko udal aurrekontuak onartzeko osoko bilkura. Batzar luzea izan da, bi ordu pasatxo iraun ditu, eta udalbatzako alderdi ezberdinen arteko desadostasunak agerian gelditu dira. Baita udal gobernu taldea osatzen dutenen artekoa ere. Izan ere, aurrekontuak EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dituzte. EAk berriz kontra bozkatu du. Hainbat gairen inguruko desadostasuna eta beste bi alderdiek “aurrekontuak gurekin adosteko inongo erakutsi duten interes falta” izan dira ezezkoa emateko arrazoi nagusiak. EB-Aralar taldeko bi zinegotziek ere, aurrekontuen kontrako botoa eman dute. PPko zinegotzia ez da osoko bilkurara joan. Ordiziako Udalak 24 milioi euroko aurrekontua onartu du 2011. urterako. Horietatik 11 milioi dagozkio berez udal korporazioari. Ordizia Lantzenek (10,2 milioi), San Jose egoitzak (2,5 milioi), Majori kiroldegiak (1,1 milioi) eta Herri Antzokiak (157.000 euro) osatzen dute gainontzeko zatia. Udalaren inbertsio errealetarako, 614.000 euro bideratu dituzte. Santamaria alkateak, “orain artekoekin alderatuta, sekula egin ditugun aurrekontorik ezberdinenak” direla azaldu du. Bere ustez, “aurrekontu sozialagoak” dira orain artekoekin alderatuta, “udal zerbitzuen kalitatea eta gizarte beharrei erantzuna ematea” bermatuko dutelako. Alkateak aitortu du aurrekontuak osatzeko “arazoak” izan dituztela, “baina bitxia izan arren, aurtengo aurrekontua %1,8 handiagoa da”. Alde txarren artean, aurten “85.000 euroko aurrezpena besterik ez” dutela [...]
Hainbat astetako atzerapenen ondoren, gaur egin du Ordiziako Udalak 2011. urteko udal aurrekontuak onartzeko osoko bilkura. Batzar luzea izan da, bi ordu pasatxo iraun ditu, eta udalbatzako alderdi ezberdinen arteko desadostasunak agerian gelditu dira. Baita udal gobernu taldea osatzen dutenen artekoa ere. Izan ere, aurrekontuak EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dituzte. EAk berriz kontra bozkatu du. Hainbat gairen inguruko desadostasuna eta beste bi alderdiek “aurrekontuak gurekin adosteko inongo erakutsi duten interes falta” izan dira ezezkoa emateko arrazoi nagusiak. EB-Aralar taldeko bi zinegotziek ere, aurrekontuen kontrako botoa eman dute. PPko zinegotzia ez da osoko bilkurara joan.
Ordiziako Udalak 24 milioi euroko aurrekontua onartu du 2011. urterako. Horietatik 11 milioi dagozkio berez udal korporazioari. Ordizia Lantzenek (10,2 milioi), San Jose egoitzak (2,5 milioi), Majori kiroldegiak (1,1 milioi) eta Herri Antzokiak (157.000 euro) osatzen dute gainontzeko zatia. Udalaren inbertsio errealetarako, 614.000 euro bideratu dituzte. Santamaria alkateak, “orain artekoekin alderatuta, sekula egin ditugun aurrekontorik ezberdinenak” direla azaldu du. Bere ustez, “aurrekontu sozialagoak” dira orain artekoekin alderatuta, “udal zerbitzuen kalitatea eta gizarte beharrei erantzuna ematea” bermatuko dutelako. Alkateak aitortu du aurrekontuak osatzeko “arazoak” izan dituztela, “baina bitxia izan arren, aurtengo aurrekontua %1,8 handiagoa da”. Alde txarren artean, aurten “85.000 euroko aurrezpena besterik ez” dutela lortu azaldu du.
Aurrekontuen inguruan sortutako eztabaidak, agerian utzi zuen udal gobernu taldea osatzen duten alderdien arteko adostasun falta. EAko Belen Maizak, ezezko botoa ematearen arrazoiak azaldu zituen. “Gure iritziz aurrekontu hauek badituzte gabezia batzuk, eta udal gobernuan ez gara adostasun batera iritsi”. Hala, legegintzaldi osoan eta pasa den urtean hainbat aldiz eztabaidatu eta oraindik argitu gabe dauden gaiak zerrendatu zituen. Bidegorri sarea, garbiketarako makina edota partiden artean dauden alde handiak aipatu zituen, besteak beste. “Herriko kultur eragileak lokal desastroso batzuetan” daudela ere esan zuen “eta ez gara gai izan arazo horri irtenbide bat emateko, batez ere borondatea falta delako”. Herri antzokiko langileen egoera ere konpondu gabe dagoela esan zuen. “Hutsune asko ikusten ditugu eta aurrekontu hauek ez dituzte gure beharrak asetzen. Horregatik ez ditugu onartuko”.
Santamariak ez dio zuzenean erantzun nahi izan Maizari, ez diola garrantziarik eman nahi esanez eta hauteskunde garaian gaudela gogoraraziz. Hala, ezezkoa hauteskunde interesengatik izan zitekeela iradoki du alkateak, eta Maizak gogor kontra egin dio. “Redukzionismora jo duzu justifikatu ezin dena justifikatzeko. Gai batzuk legegintzaldi hasieratik daude mahai gainean eta ez dituzue landu nahi izan. Hasieratik esan dugu ez garela akordio batera iritsi, eta horrekin bukatu nahi dut eztabaida”. Iban Asenjok, Maizak esandako argudioak aipatu eta batez ere, bidegorriaren gaian sakondu nahi izan du. Hala, bere esanetan “ez da bidegorri metro bakar bat ere egin udal aurrekontuetatik. Hori egin duen Goierriko udal bakarretakoa izango da Ordiziakoa”. Orain arteko zatiak Foru Aldundiaren edo Ordizia Lantzenek egindako urbanizazio lanen barruan egin direla gogorarazi du, baina ez udalak zuzenean eginda. Gainera, Lazkaotik Ordizia aldera egiten ari diren lanak direla eta, Ordiziako zatiak eta Lazkaibar aldetik datorrena lotzeko ahaleginik ez dela egin salatu du.
EB-Aralarren izenean, Carlos Gonzalezek berriz, aurrekontuak ez direla partehartzaileak izan esan du, eta horregatik besteak beste, ez dituztela babestuko. “Datu garbi bat, ez dira gobernu taldearen barruan ere kontsentsuatu”. Ideia horretan sakontuz, udal gobernu taldean ere adostasunik ez egoteak “benetan harritu” egiten dituela esan du. “Gure ustez horrek haustura ekarri beharko luke gobenuan. Hain zuzen ere, hori da gobernu talde honen balantzea, hautsita iritsi dela legegintzaldi bukaerara”.
Bere aldetik, Iñaki Dubreuilek esan du “ulertu” egiten duela “aurrekontuen osotasunarekin ados ez egotea”, baina kontuan izan behar dela “24 milioi euroko aurrekontuaz” ari direla. “Desberdintasunak ematea normala da, guk ere izan ditugu eztabaidak”. Hala ere, “Ordiziarentzat aurrekontu onak” direla defendatu du, “ohiko gastuen kontrola eta austeritatea” oinarri izanda, “gastu soziala mantendu” egin baitute. Gainera, “ekonomia krisiari aurre egiteko neurri egokiak” jasotzen dituela aipatu du. Aurrekontuetan jasota gelditu diren beste proiektu egoki batzuen artean, ludotekaren proiektua, komertzioari bultzada emateko egitasmoa, irisgarritasuna hobetzea edota “inmigrazio arloan egiten duen ekarpena” aipatu ditu.
Eztabaida ez da erabat bukatu, ondorengo puntuetan ere berpiztu egin baitute alderdi ezberdinetako ordezkariek. Bozketan ordea, PSE-EEko eta EAJko zinegotziek eman dute aldeko botoa. EA eta EB-Aralarrekoak berriz, kontra agertu dira. Aurrekontuak onartu eta gero, 2011. urteko plantilla organikoa ere izan dute hizpide. Udal gobernuko hiru taldeek aldeko boza eman dute kasu horretan, eta EB-Aralarreko zinegotziak bakarrik agertu dira kontra.
Komunitatearen aldeko lanak
Aurrekontuez gain, beste hainbat gai ere landu dituzte gaurko osoko bilkuran. Horietako bat izan da PSE-EEk komunitatearen aldeko lanak berrantolatzea eta arautzea eskatzeko aurkeztu duen mozioa. Aho batez onartu badute ere, gaia lantzeko modua ez dute gustoko izan alderdi guztiek. EB-Aralarreko Carlos Gonzalezek esan duenez, “ez dugu uste mozio bidez landu beharreko gaia denik. Gobernu batzordean landu beharko litzateke eta gobernu taldeak aurkeztuta, eta ez alderdi batek”. Santamariak ere, formaren inguruan “zalantzak” izan dituela azaldu du, “baina mozio eran aurkezteak ez du esan nahi gobernu taldean gai honen inguruko diskrepantziak daudenik”. Mozioa aho batez onartu dute alderdi guztiek.