Agurtu dute Iparra-Hegoa
Iparra-Hegoak eman du berea eta oso gustura daude antolatzaileak jendearen parte hartzearekin eta sortutako giroarekin. Beraien ustez Iparraldeko eta Hegoaldeko kideen artean «harremanak normalizatuta» daude hein handi batean. «Ikusten dugu ordea, belaunaldi berriak ere hasiak direla pixkanaka harreman horiek estutzen eta horrek berebiziko poza ematen digu». Jarritako helburuak bete direlakoan, balorazio positiboa egin dute. Atzokoa azkeneko eguna izan zen, baina hala ere gogotsu heldu zioten egunari eta festa giroa izan zen nagusi Seguran. Goizean herriko eta herrialde bakoitzeko produktuen azoka egin zuten. Guztira zortzi bat postu jarri zituzten eta besteak beste eztia, kandelak, gazta, marmelada eta ahatekiak… erosi ahal izan ziren. Produktu saltzaileak beraien postuetan zeuden bitartean, herrigunean giroa jartzeaz herriko txistulariak eta trikitilariak, Mutiko Alaiak txarangako kideak, Kuxkuxtu txarangakoak, Baigorriko gaita-jotzaileak, Hazparneko joaldunak eta Akelarre dantza taldekoak arduratu ziren. Sukaldari Txapelketari ere goiz partean ekin zioten. Hamabost taldek parte hartu zuten eta epaimahaiko kideen arabera gisaturik onena Zegamako Tartalo- etxeko kideek egin zuten. Bigarren Urruñako (Lapurdi) Berttoli elkarteko kideak geratu ziren eta hirugarren berriz, Beasaingo Arrano elkartekoak. Sari moduan azokako produktugileen produktuez osatutako loteak eskuratu zituzten lehen hiru postuetan sailkatu zirenek. Eguerdiko ordu batean txakoli dastaketa egin zuten plazan. Segurako tabernek jarri zuten txakolina eta antolatzaileek esan dutenez jende [...]
Iparra-Hegoak eman du berea eta oso gustura daude antolatzaileak jendearen parte hartzearekin eta sortutako giroarekin. Beraien ustez Iparraldeko eta Hegoaldeko kideen artean «harremanak normalizatuta» daude hein handi batean. «Ikusten dugu ordea, belaunaldi berriak ere hasiak direla pixkanaka harreman horiek estutzen eta horrek berebiziko poza ematen digu». Jarritako helburuak bete direlakoan, balorazio positiboa egin dute.
Atzokoa azkeneko eguna izan zen, baina hala ere gogotsu heldu zioten egunari eta festa giroa izan zen nagusi Seguran. Goizean herriko eta herrialde bakoitzeko produktuen azoka egin zuten. Guztira zortzi bat postu jarri zituzten eta besteak beste eztia, kandelak, gazta, marmelada eta ahatekiak… erosi ahal izan ziren.
Produktu saltzaileak beraien postuetan zeuden bitartean, herrigunean giroa jartzeaz herriko txistulariak eta trikitilariak, Mutiko Alaiak txarangako kideak, Kuxkuxtu txarangakoak, Baigorriko gaita-jotzaileak, Hazparneko joaldunak eta Akelarre dantza taldekoak arduratu ziren.
Sukaldari Txapelketari ere goiz partean ekin zioten. Hamabost taldek parte hartu zuten eta epaimahaiko kideen arabera gisaturik onena Zegamako Tartalo- etxeko kideek egin zuten. Bigarren Urruñako (Lapurdi) Berttoli elkarteko kideak geratu ziren eta hirugarren berriz, Beasaingo Arrano elkartekoak.
Sari moduan azokako produktugileen produktuez osatutako loteak eskuratu zituzten lehen hiru postuetan sailkatu zirenek.
Eguerdiko ordu batean txakoli dastaketa egin zuten plazan. Segurako tabernek jarri zuten txakolina eta antolatzaileek esan dutenez jende asko ibili zen. «Guztira 250bat baso saldu ziren».
Eguerdiko ordu biak inguruan Kuxkuxtu eta Mutiko Alaiak txarangek, gaita-jotzaileek, dantzariek eta Hazparneko joaldunek desfilea egin zuten plazatik Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen gereziondora. Ordurako antolatzaileak apainduta zuten ingurunea, Euskal Herriko herrialdeetako banderekin zein Ikurriñarekin.
Jada jende guztia bertan zela lau dantzarik Agurra dantzatu zuten eta Lierni Elorza Iparra-Hegoako kideak hartu zuen hitza. Azken hamasei urte hauetan bizitakoak izan zituen hizpide, gainbegirada azkar batean. Aurtengo kultur astearen barruan ardatza komunikabideak izan direnez, Luzien Etxezarreta Gure Irratiaren eta Jojo Bidart Irulegi irratiaren sortzaileek hitz egin zuten gero. Bakoitzak bere irratiaren sorrera eta egindako ibilbidea kontatu zuen eta ondoren, elkarlanaren berri eman zuten. Segidan denen artean kantu bat abestu zuten eta gereziondoko ekitaldiari bukaera emateko, Gotzone Sestorainek irrintzia bota zuen.
Herri bazkari jendetsua
Ekitaldiari amaiera eman eta 14:30ak aldera 350 lagun inguruk herri bazkaria egin zuten plazan jarritako karpan. Lehendabizi Erramun Amundarain buru zutela Iparra-Hegoa elkarteko kideek prestatutako paella jan zuten, eta ondoren sukaldaritza txapelketarako lehiakideek prestatutako gisatua. Postrean Iparraldeko artzain baten gazta eta sagar-goxoa dastatu zituzten.
Bazkal ondorenean sari bereziak banatu zituzten. Joxe Mari Telleriak Iparra-Hegoaren ekitaldi guztietan hainbat diseinu eta barne lan egiteagatik eskultura jaso zuen. Erramun Amundarain jatorduak prestatzeagatik eta dinamizatzaile lanetan aritzeagatik saritu zuten eta Beñat Elizondok eta Xabier Albisuk berriz, Iparra-Hegoa antolatzen egindako lanarengatik jaso zuten saria. Ekimen horrek ezustean harrapatu zituen laurak, eta pozik eta hunkituta jaso zituzten sariak eta jendearen txalo zaparradak.
Arratsaldean Larrain dantzarekin eta Mutxiko dantzekin eman zioten bukaera aurtengo Iparra-Hegoari.
Lanean jarraituko dute
Iparra-Hegoaren helburua Euskal Herriko herrialdeen eta herritarren kultur gunea izatea denez, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko asmoa eta ilusioa dute antolatzaileek «beti ere, elkarlana oinarri gisa hartuta eta protagonismoa izateko asmorik gabe».