Aizkorriko ataria musikaz blai
Juan Carlos Irizarrek Aizkorriko Ataria izenburupean disko berria kaleratu du. Hemezortzi kantuz osatuta dago lana eta Aizkorpe bailarako Zegama, Segura, Zerain, Idiazabal eta Mutiloari egindako kantu bana eta Zegamako ermitei zein herriko beste hainbat txoko bereziri buruzko kantuak biltzen ditu Irizarrek bertan. Edurne Albizu Zegamako alkateak azaldu du diskoa egiteko ideia nola sortu zen. Zegaman udaran, uztaileko bi gauetan herriko argazki zaharren eta bideo zaharren emanaldia egiten dute. Hainbat zegamarrek garai bateko irudi zaharrak zituztela eta, Jose Mari Artola buru zela, hasi ziren duela bi urte horiek berreskuratu eta guztiekin bilduma bat osatzen. Albizuren hitzetan «Jose Mari Artolari eta euskaldun askori Irizarrek egiten duen musika asko gustatzen zaigunez, irudi zahar horiei haren musika jarri zien Artolak». Bideo horiek banatu eta saldu egin nahi zituela eta, Zegamako Udalak badaezpada Irizarri galdetu egin zion ea utziko ote zien bere musika erabiltzen. «Eta hartu harreman horretatik sortu zen harremana, batez ere Jose Mari Artola eta Juan Carlos Irizarren artean». Harreman horretatik sortu zen diskoa egiteko ideia. Lana egiten hasi aurretik, Jose Mari Artolak Zegamako ermitak eta txokoak erakutsi zizkion musikariari. Horrela Albizuren hitzetan «Zegamako txoko gehienak eta esanguratsuenak jasotzen ditu eta bakoitzari bere musika egin dio Juan Carlos Irizarrek». Irizarrek berak azaldu duenez, [...]
Juan Carlos Irizarrek Aizkorriko Ataria izenburupean disko berria kaleratu du. Hemezortzi kantuz osatuta dago lana eta Aizkorpe bailarako Zegama, Segura, Zerain, Idiazabal eta Mutiloari egindako kantu bana eta Zegamako ermitei zein herriko beste hainbat txoko bereziri buruzko kantuak biltzen ditu Irizarrek bertan.
Edurne Albizu Zegamako alkateak azaldu du diskoa egiteko ideia nola sortu zen. Zegaman udaran, uztaileko bi gauetan herriko argazki zaharren eta bideo zaharren emanaldia egiten dute. Hainbat zegamarrek garai bateko irudi zaharrak zituztela eta, Jose Mari Artola buru zela, hasi ziren duela bi urte horiek berreskuratu eta guztiekin bilduma bat osatzen. Albizuren hitzetan «Jose Mari Artolari eta euskaldun askori Irizarrek egiten duen musika asko gustatzen zaigunez, irudi zahar horiei haren musika jarri zien Artolak». Bideo horiek banatu eta saldu egin nahi zituela eta, Zegamako Udalak badaezpada Irizarri galdetu egin zion ea utziko ote zien bere musika erabiltzen. «Eta hartu harreman horretatik sortu zen harremana, batez ere Jose Mari Artola eta Juan Carlos Irizarren artean».
Harreman horretatik sortu zen diskoa egiteko ideia. Lana egiten hasi aurretik, Jose Mari Artolak Zegamako ermitak eta txokoak erakutsi zizkion musikariari. Horrela Albizuren hitzetan «Zegamako txoko gehienak eta esanguratsuenak jasotzen ditu eta bakoitzari bere musika egin dio Juan Carlos Irizarrek».
Irizarrek berak azaldu duenez, behin baino gehiagotan nahi izan du horrelako disko bat egin. «Aizkorrira igo eta behera begiratzean sarritan pentsatzen nuen: «egun batean nahiko nioke bada ingurune honi oparitxo bat egin». Bere ustez duela gutxi sortu zen momentua horrelako proiektu bat abian jartzeko eta burutzeko.
Zubeldiaren hitzak
Diskoan hemezortzi kantu daude. Azken bost kantuak Zegamari, Segurari, Idiazabali , Mutiloari eta Zeraini egindakoak dira. Kantu horiei musika Juan Carlos Irizarrek berak jarri die, baina hizkiak Iker Zubeldia bertsolariarenak dira. Zegamarraren hitzetan egindako lanak bertsolaritzarekin zerikusi apur bat izan du, «baina apur bat bakarrik, metrika aldetik desberdina izan baita. Zubeldiak azaldu duenez, erronka handia zeukan esku artean «nire herriaz gain, inguruko herriez ere idatzi behar izan baitut. Gainera jakin banekien diskoa beti hor egongo den zerbait izango dela eta beraz, desafio handia izan da niretzat».
Iker Zubeldiaren hitzez eta Juan Carlosen musikaz gain, beste zenbait musikarik ere parte hartu dute lanean, hala nola, Zegamako Orkatz abesbatzak, Arantxa Lasalde txistulariak, Jon Ander Larrañaga gitarra jotzaileak eta Iker Orozko oboelariak.
Era batera edo bestera lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie Irizarrek «horrelako proiektu bat ezinezkoa baita bakarrik egitea eta borobiltzea».
Gustura emaitzarekin
Pozik agertu da Irizar egindako lanarekin. Aitortu du urte «oso oparoa» izan dela beretzat eta azoka guztietara eskuetan disko hori duela joango dela. Bere ustez ordea, kantu gehiago ere sortuko du. «Horrelako herri polit bati musika ere polita jarri behar zaio. Hori bai, hona etortzen naizen bakoitzean, musika desberdina jarriko nioke, giroaren arabera asko aldatzen baita dena» dio.
Irizarrek aurkezpen gehiago egiteko asmoa duen arren, une honetan esku artean duen erronka datorren ostiraleko kontzertua da. Zegamako San Bartolome parrokian diskoa aurkezteko saioa egingo du 20:00etan, Zegamako Orkatz abesbatzako kideak lagun dituela.













