Cajasol Cienciasek kopako lehiatik kanpo utzi du Ampo Ordizia
Ampo Ordizia Espainiako Kopako lehiatik kanpo gelditu da, atzo Sevillako Cajasol Ciencias taldearen kontra 37 eta 17 galdu eta gero. Aurten egindako denboraldi bikainaren ondoren, taldekideek eurek ere zerbait egiteko esperantza bazuten Kopan, baina em...
Ampo Ordizia Espainiako Kopako lehiatik kanpo gelditu da, atzo Sevillako Cajasol Ciencias taldearen kontra 37 eta 17 galdu eta gero. Aurten egindako denboraldi bikainaren ondoren, taldekideek eurek ere zerbait egiteko esperantza bazuten Kopan, baina ematen du asteotako atsedena ez dela nahikoa izan; “garbi gelditu da taldeak errekuperatzeko denbora gehiago behar zuela, baita tentsio gehiago ere”.
Partida hasieratik etxekoen alde jarri zen; gogotsu ekin zion partidari Cajasolek eta 14. minuturako hiru entsegu egin zituzten (Morok bi eta Gonzalezek bat). 30, minuturako berriz, aldea 22 puntukoa zen markagailuan. Atsedenaldiaren aurretik, Simpsonek entsegua egin zuen ordiziarrentzat. Atsedenaldian kargu hartu zien Axio Araña entrenatzaileak jokalariei, baina ez zuen aparteko eraginik izan, bigarren zatian ere, indartsuago atera baitzen etxeko taldea. Egoera ikusita, aldaketak egiten hastea erabaki zuen Axiok. Tom Parker errekuperatu da zelaietatik aldenduta izan duen lesiotik, eta atzo jokatzeko moduan zen. Diez beasaindarrak ere atzo egin zuen bere debuta lehen taldearekin. Freemanek eta Parkerrek entsegu bana lortu zituzten, baina aldea handiegia zen ordurako. Bukaeran, 37 eta 17 etxekoen alde. Ordiziak agur esan dio kopari eta Cajasol Cienciasek, Quesos Entrepinares izango du aurkari final aurrekoetan.












