Elkarteetan gizonek agintzen dute, emakume gehiagok parte hartu arren
Ordizian dauden elkarteetan emakumeen partehartzea gizonena baino handiagoa bada ere, elkarte horien aginte organoetan gizonezkoak dira nagusi. Datu hori, Ordiziako Udalak onartutako Berdintasun Planaren baitan, Murgibe eta Avento etxeek egindako ikerketaren emaitzetako bat da. Herriko elkarteetan eta kirol arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aztertu dute, eta ondorioa garbia da: oraindik ere bi generoen arteko aldea handia da. Ordiziako Udaleko eta bi erakunde horietako ordezkariek prentsa aurreko agerraldia egin dute gaur, ikerketaren berri emateko. Bihar berriz, herritarren aurrean aurkeztuko dituzte emaitzak, 19:00etan, Barrena jauregian. Kristina Altuna Ordiziako Berdintasun teknikariak eman du saioaren berri, eta «herritar guztiei bertara joateko gonbitea» luzatu die. Murgibe kontsultoriak «herriko elkarteetako zuzendaritzetan emakumeen egoera» zein den aztertu du. Itxasne Martinezen arabera, «kultur elkarteetan emakumeen parte-hartzea handia dela jakin arren, aginte esparruetako benetako errealitatea» ezagutu behar zela ikusi eta egoera aztertzea erabaki zuten. Horretarako, herriko 71 elkartetara jo zuten eta horietatik 51 izan dira erantzun dutenak. Horrez gain, zuzeneko elkarrizketak eta eztabaida saioak ere egin dituzte. Ikerketa horren emaitzek, hasierako hipotesia baieztatu dute, alegia, «gizonezkoak zuzendaritza batzorde guztietan» daudela; emakumeak ordea, «batzuetan bakarrik». Datuak ere esanguratsuak dira. Ordizian, 6.383 herritar dira elkarteren bateko bazkide; horietatik 3.626 emakumezkoak dira eta 2.757 gizonezkoak. Aginte organoei begira ordea, 31 elkartetan [...]
Ordizian dauden elkarteetan emakumeen partehartzea gizonena baino handiagoa bada ere, elkarte horien aginte organoetan gizonezkoak dira nagusi. Datu hori, Ordiziako Udalak onartutako Berdintasun Planaren baitan, Murgibe eta Avento etxeek egindako ikerketaren emaitzetako bat da. Herriko elkarteetan eta kirol arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aztertu dute, eta ondorioa garbia da: oraindik ere bi generoen arteko aldea handia da.
Ordiziako Udaleko eta bi erakunde horietako ordezkariek prentsa aurreko agerraldia egin dute gaur, ikerketaren berri emateko. Bihar berriz, herritarren aurrean aurkeztuko dituzte emaitzak, 19:00etan, Barrena jauregian. Kristina Altuna Ordiziako Berdintasun teknikariak eman du saioaren berri, eta «herritar guztiei bertara joateko gonbitea» luzatu die.
Murgibe kontsultoriak «herriko elkarteetako zuzendaritzetan emakumeen egoera» zein den aztertu du. Itxasne Martinezen arabera, «kultur elkarteetan emakumeen parte-hartzea handia dela jakin arren, aginte esparruetako benetako errealitatea» ezagutu behar zela ikusi eta egoera aztertzea erabaki zuten. Horretarako, herriko 71 elkartetara jo zuten eta horietatik 51 izan dira erantzun dutenak. Horrez gain, zuzeneko elkarrizketak eta eztabaida saioak ere egin dituzte. Ikerketa horren emaitzek, hasierako hipotesia baieztatu dute, alegia, «gizonezkoak zuzendaritza batzorde guztietan» daudela; emakumeak ordea, «batzuetan bakarrik». Datuak ere esanguratsuak dira. Ordizian, 6.383 herritar dira elkarteren bateko bazkide; horietatik 3.626 emakumezkoak dira eta 2.757 gizonezkoak. Aginte organoei begira ordea, 31 elkartetan gizonezko lehendakaria dute eta 18tan emakumezkoa. Lehendakari-orde postuan ere gizonezkoak (28) gehiago dira emakumezkoak (9) baino. Idazkari postuan dago parekotasunik handiena.
Elkarte motari edo lantzen duen esparruari begiratuta ere, alde handia dago batzuen eta besteen artean. Hala, emakumezkoen partehartzea handiagoa da kultura, euskara, ingurugiroa edo etorkinak lantzen dituzten elkarteetan eta auzo elkarteetan. Kirol, gizarte eta osasun arlokoetan eta elkarte gastronomikoetan berriz, gizonezkoak gehiago dira.
Ezberdintasun horien atzean, hainbat arrazoi daude Martinezen ustez. «Emakumeek askotan denbora falta izaten dute elkarteetan parte hartzeko, bai gehienetan zaintzaren rola eurek hartzen dutelako eta baita gizonen kolaborazio faltagatik ere». Ohiturek ere, pisu handia dute. «Botere organoetan gizonak egon izan dira beti eta horrek ere eragiten du. Esperientzia falta eta beldurra ere oztopo dira» emakumeen partehartzeari begira.
Kirola ere, gizonezkoen arloa
Kirol arloaren inguruan Avento etxeak egin duen ikerketan ere, «antzeko ondorioak» atera dituztela azaldu du Ainhoa Azurmendik. Hala, eskola kirolean eta beheko mailetan horrenbesteko alderik ez badago bada ere, heltzen joan ahala, emakumeek arazo gehiago izaten dituzte. Hala, errendimendu kirolean dabiltzan hamar kirolaritik bi dira emakumezkoak. «Kirola tradizionalki alor maskulinoa» izan dela dio Azurmendik eta «egiturak ere, borondatezkoak eta tradizionalak» izaten jarraitzen dutela. Emakumeei iritzia eskatuta, ezberdintasunak badirela ikusi dute. «Ikusi dugu nola askotan gizonezkoek ordutegi eta material hobeak» izaten dituzten. Majori kiroldegiko eskaintzari dagokionez ordea, parekatuago dago banaketa. Abonatuta dauden 4.363 lagunetatik, %46 emakumezkoak dira eta %54 gizonezkoak. Berdintasuna bermatzeko lan-ildo berriak ere eskatu dituzte.














