Ahozko ondarearen eduki gehiago eman dio Burdinolak Badiharduguri
Hogeita hamar orduko grabazioak eta haiei dagozkien 400 orrialdeko transkripzio fonologikoak. Horixe da Euskal Herriko ahotsak proiekturako Goierrik egin duen azkeneko ekarpena, Aitor Azpiazu ormaiztegiarrak bildua eta landua. Legazpiko Burdinola elkarteak –hango kide da Azpiazu– Debagoieneko Badihardugu euskara elkarteari dohaintzan eman zion ondarea ostiralean. Badiharduguren ordezkari Asier Sarasuak eta Burdinolaren lehendakari Jose Luis Ugartek izenpetu zuten ituna. Azpiazu ikertzaileak azken urteotan bildu dituen ahozko testigantzak dira, Brinkolako euskarari eta Aztiriko etnografiari buruzko liburuak egiteko erabilitakoak. Brinkolako Justa Beain, Juan Ugalde, Maria Ugalde eta laugarren baten kontakizunak daude batetik; Aztiriko Etxetxo baserriko (Gabiria) Pedro Alustizarenak, bestetik. Euskal Herriko hizkerak, euskalkiak eta herririk herri ahozko ondarea biltzen ari da Badihardugu, bai bere kabuz, bai ikertzaileek lehendik egindako lana baliatuz. «Herrietan ezagutzen dira bertan egiten diren lanak, baina kanpoan ez. Euskal Herriko ikuspegia izatea ona da, Euskal Herri guztian zehar zenbat elkarrizketa dauden, non, nori… jakiteko», zehaztu du Sarasuak. Interneten audioa edo transkripzioaren testua entzuteko nahiz irakurtzeko, hala ere, lanketa handiagoa behar dute grabazioek. «Gaur jasotakoak katalogatu eta datu-basean sartuko ditugu. Ahotsak.com-en bere txokoa izango du. Oraingoz katalogatu egingo dugu; eta gero, osorik jar ezin daitezkeenez, pasarteka zatitu eta aukeratu», dio Sarasuak. Lauzpabost minutuko tarteak sortzen dituzte, kontaketa baliokoenak aukeratuta. Gaika kodetuta eta [...]
Hogeita hamar orduko grabazioak eta haiei dagozkien 400 orrialdeko transkripzio fonologikoak. Horixe da Euskal Herriko ahotsak proiekturako Goierrik egin duen azkeneko ekarpena, Aitor Azpiazu ormaiztegiarrak bildua eta landua. Legazpiko Burdinola elkarteak –hango kide da Azpiazu– Debagoieneko Badihardugu euskara elkarteari dohaintzan eman zion ondarea ostiralean.
Badiharduguren ordezkari Asier Sarasuak eta Burdinolaren lehendakari Jose Luis Ugartek izenpetu zuten ituna. Azpiazu ikertzaileak azken urteotan bildu dituen ahozko testigantzak dira, Brinkolako euskarari eta Aztiriko etnografiari buruzko liburuak egiteko erabilitakoak. Brinkolako Justa Beain, Juan Ugalde, Maria Ugalde eta laugarren baten kontakizunak daude batetik; Aztiriko Etxetxo baserriko (Gabiria) Pedro Alustizarenak, bestetik.
Euskal Herriko hizkerak, euskalkiak eta herririk herri ahozko ondarea biltzen ari da Badihardugu, bai bere kabuz, bai ikertzaileek lehendik egindako lana baliatuz. «Herrietan ezagutzen dira bertan egiten diren lanak, baina kanpoan ez. Euskal Herriko ikuspegia izatea ona da, Euskal Herri guztian zehar zenbat elkarrizketa dauden, non, nori… jakiteko», zehaztu du Sarasuak. Interneten audioa edo transkripzioaren testua entzuteko nahiz irakurtzeko, hala ere, lanketa handiagoa behar dute grabazioek.
«Gaur jasotakoak katalogatu eta datu-basean sartuko ditugu. Ahotsak.com-en bere txokoa izango du. Oraingoz katalogatu egingo dugu; eta gero, osorik jar ezin daitezkeenez, pasarteka zatitu eta aukeratu», dio Sarasuak.
Lauzpabost minutuko tarteak sortzen dituzte, kontaketa baliokoenak aukeratuta. Gaika kodetuta eta identifikatuta ipintzen dute hizlariaren solasa. Ondoren transkripzio fonologikoa egiten da, edo bideo modura erakutsi.
Proiektua zabala izateaz gain –Euskal Herri osoa hartzen du aintzat–, irekia ere bada. Kolaboratzaileek lagun dezaten gonbita egin dute. «Harrigarria bada ere jende dezente animatzen da transkripzioekin laguntzeko; hizlarien bilobak, seme-alabak, edo norbere herriko euskalkiari buruz interes txiki bat duten filologoak. Gero geuk begiratzen eta orrazten dugu, noski».
Antzinako berrien azken trena
Grabazio gehiago jasotzeko aukera ere zabalik dute, bai berriak, bai garai batekoak. Adineko hizlariak hobesten dituzte, herrian bertan jaioa, bizi izandakoa eta bertako kontuen jakitun dena hobeto. Hizkuntzaren aldaerak jasotzea bezainbeste «memoria historikoa, historia lokala, ohiturak edo sinesmenak» artxibatzea ere bada Ahotsak ekimenaren helburu. «Herri txikietan gehiago, antzinako bizimoduaren aztarnak iraun egiten dutelako oraindik».
Iaz Legazpin eta Ordizian itxi zituen Badiharduguk lankidetza itunak, udalekin. «Zaldibian, Ataunen edo Zegaman ere badaude proiektuak. Orain Urretxurekin eta Zumarragarekin izenpetu dugu», dio Sarasuak.
Langintzak, ordea, «presa» du. Kontakizunaren mamiari dagokionez 1936ko gerra «muga» da. «Gerra aurreko Euskal Herria orain dela 200 urtekoaren oso antzekoa zen, eta belaunaldi bat geroago euskal gizartea eraldatzen hasi zen; hizkuntzan garbi ikusten da hori. Bi mundu dira gerra aurrekoa eta ondorengoa. Noski, gerra aurreko bizimodua ezagutu zutenek 80-90 urte dituzte. Biologiak agintzen du, eta bost urte geratzen zaigu gerra aurreko belaunaldi hori jasotzeko».













