Bihar aurkeztuko dute Inoxcra-Beasain txirrindulari taldea
Hogei txirrindulariz osatutako taldea aurkeztuko du bihar Loinaz Txirrindulari Elkarteak. Aurkezpen ekitaldia 19:00etan izango da, Igartza jauregian. Inoxcra-Beasain izenarekin lehiatuko dira aurten, azken urteetan lortutako garaipenak denboraldi hasi berrian ere lortzeko asmoz. Otsaileko azken asteburuan hasi zen errepideko denboraldia, eta ordutik egin diren bost lasterketetatik lau irabazi dituzte. Neguko denboraldia ere emaitza bikainekin amaitu dute. Aurten zazpi txirrindulari aritu dira pistako probetan lehian, eta sei ziklokrosean. Bi kategorietan, Gipuzkoako Txapela lortu dute Inoxcra-ko mutilek. Helburua: txirrindularitza ezagutzea Emaitza bikainak lortu arren, Loinaz Txirrindulari Elkartearen helburu nagusia, gazteek txirrindularitzaren mundua zer den ezagutzea da. Txirririndularia izatea zer den erakutsi nahi diete Goierriko txirrindulariei. Ion Lazkanok zehaztu duenez, “filosofia bat bultzatu nahi dugu. Oraindik denbora asko geratzen zaie txirrindulari profesionalak izan nahi duten edo ez erabakitzeko, baina orain probatzen badute, bidearen erdia eginda dute erabakia hartu aurretik”. Txirrindularitzan dauden gora-beherak ere kontuan hartu behar direla dio Lazkanok, “lesioak, erorikoak, entrenamenduak, janaria, jokaera…”. Horri guztiari ordea, talde lanean egiten diete aurre Inoxcrako mutilek: “Talde oso konpaktoa da eta euren artean oso harreman ona dute. Norberak lasterketa irabazi ezin duela ikusten badu, taldekide batek irabazteko lan egiten dute, eta, hori, oso garrantzitsua da”. Zikloturismoa, bizikletaz gozatzeko beste aukera bat Inoxcra-Beasain taldeko txirrindulariak aurkezteaz gain, [...]
Hogei txirrindulariz osatutako taldea aurkeztuko du bihar Loinaz Txirrindulari Elkarteak. Aurkezpen ekitaldia 19:00etan izango da, Igartza jauregian. Inoxcra-Beasain izenarekin lehiatuko dira aurten, azken urteetan lortutako garaipenak denboraldi hasi berrian ere lortzeko asmoz. Otsaileko azken asteburuan hasi zen errepideko denboraldia, eta ordutik egin diren bost lasterketetatik lau irabazi dituzte.
Neguko denboraldia ere emaitza bikainekin amaitu dute. Aurten zazpi txirrindulari aritu dira pistako probetan lehian, eta sei ziklokrosean. Bi kategorietan, Gipuzkoako Txapela lortu dute Inoxcra-ko mutilek.
Helburua: txirrindularitza ezagutzea
Emaitza bikainak lortu arren, Loinaz Txirrindulari Elkartearen helburu nagusia, gazteek txirrindularitzaren mundua zer den ezagutzea da. Txirririndularia izatea zer den erakutsi nahi diete Goierriko txirrindulariei. Ion Lazkanok zehaztu duenez, “filosofia bat bultzatu nahi dugu. Oraindik denbora asko geratzen zaie txirrindulari profesionalak izan nahi duten edo ez erabakitzeko, baina orain probatzen badute, bidearen erdia eginda dute erabakia hartu aurretik”.
Txirrindularitzan dauden gora-beherak ere kontuan hartu behar direla dio Lazkanok, “lesioak, erorikoak, entrenamenduak, janaria, jokaera…”. Horri guztiari ordea, talde lanean egiten diete aurre Inoxcrako mutilek: “Talde oso konpaktoa da eta euren artean oso harreman ona dute. Norberak lasterketa irabazi ezin duela ikusten badu, taldekide batek irabazteko lan egiten dute, eta, hori, oso garrantzitsua da”.
Zikloturismoa, bizikletaz gozatzeko beste aukera bat
Inoxcra-Beasain taldeko txirrindulariak aurkezteaz gain, Loinaz Txirrindulari Elkarteko zikloturista taldea ere aurkeztuko dute bihar Igartzan egingo den ekitaldian. Iaz sortu zuten elkartean zikloturisten taldea, eta 50 kidek eman zuten izena. Urte guztian zehar hainbat irteera egiten dituzte, hango eta hemengo txokoak bizikleta gainean ezagutuz. “Bizikletaren gainean turismoa egiteko beste modu bat da, bizikletan lehiatu gabe ibili nahi duten guztiei zuzenduta”.
Batez beste, 20 eta 25 pertsona elkartzen dira irteera bakoitzean, eta helburua “bizikletaz beste modu batera gozatzea” da. Irteera gehienak Gipuzkoan zehar eginten dituzte, eta Nafarroa aldera egiten dute baten bat. Oraindik data zehaztu ez badute ere, aurten Lizarra aldera (Nafarroa) irteera egitea dute pentsatuta. “Beasaindik bizikleetan irten eta Lizarra inguruko upategi batean bazkaldu ondoren autobusean itzultzea da asmoa”. Halako ekintzen, orain urte batzuk Beasainen egiten zen Vuelta a la costa itzulia gogoratu nahi dute: “Orduan bizikleta hartu eta Getariara edo Zarautzera joaten ziren, bertan bazkaldu eta beste hainbat gauza egin eta bizikletan itzultzen ziren berriro. Orain halako gauzarik ez da egiten”, dio Lazkanok.
1926tik txirrindularitza bultzatzen
Beasain Kirol Elkartea izenarekin hasi zuen ibilbidea orain Loinaz Txirrindulari Elkartea denak. 1926an antolatu zuten lehen Loinatz Proba, eta ordutik urtero antolatu izan dute. Guda Zibilean bakarrik izan zuen etena probak, 1937 eta 1938 urteetan. Hala, Estatu Espainiarra kontuan hartuta, txirrindularitzarekin lotura duen bigarren proba zaharrena da Loinaz Klasika.
1963an Beasain Kirol Elkartea utzi eta Loinatz Txirrindulari Elkartea sortu zuten. Hainbat lasterketa antolatzen jarraitu zuten eta bi txirrindulari talde ere sortu zituzten: Caobaina eta Gaseosas El As. Garai hartan antolatzen zituzten aipatutako Vuelta a la Costa famatuak, bizikleta eta festa uztartzen zituen irteerak.
1964an antolatu zuten lehen aldiz Espainiako Ziklo Kros Txapelketa, eta 1966an baita Mundiala eta Espainiako Txapelketa ere. Egun hauetan egiten ari diren Euskal Herriko Itzuliko hainbat lasterketa hasi eta amaitu dira Beasainen, Loinaz elkarteak egindako lanari esker.
Elkartearen azken urteetako lana lasterketak antolatzera eta txirrindulari taldeak osatzera zuzendu da. Hala, 80. hamarkadatik aurrera hainbat talde osatu dituzte, eta gaur egun txirrindulari profesionalen artean izen handi bihurtu diren txirrindulari askok talde horiekin parte hartu zuten lehen lasterketetan: Alberto Contador, Joaquim Rodrigez, eta Juanma Garate. Txirrindulari Goierritarren artean Mikel Gaztañaga, Dioni Galparsoro, Aitor Perez Arrieta, Garikoitz Bravo, eta Gorka eta Jon Izagirre anaiak ere igaro dira Loinaz Txirrindulari Elkarteko taldeetatik.