Goierriko hainbat eragilek Korrika babestu eta euskara erabiltzeko deia egin dute
Goierriko hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta kultur zein gizarte eragilek Korrikarekin bat egin eta euskararen aldeko jarrera hartzeko deia egin diete goierritarrei.
Ordiziako Barrena jauregiaren atarian bildu dira gaur arratsaldean Goierriko eragile horiek, Korrika Trebiñutik abiatu eta minutu gutxira. Andoni Sarriegi euskaltzaleak hartu du hitza beraien izenean, eta esan du eskertzekoa dela borondate ona eta ahalegina. Dena den, aipatu du biltze horrek hausnarketa eginarazi behar diela, «geure jokabideez eta portaerez, geure arteko harremanetako hizkuntzaz, geure komunikazio-erremintaz, geure harremanetako hizkuntza-politikaz».
Sarriegiren arabera, Korrikak bi urtez behin, beste hainbat ekitaldik bezala, euskara ikasi, hobetu eta erabili beharra gogorarazten die Euskal Herrian bizi diren guztiei: euskaraz mintzatzen dakitenei eta ez dakitenei. «Dakigunoi, dakiguna hobetuz eta erabiliz bizitzeko eta ez dakitenei, lehenbailehen ikasi eta gurekin batera erabiltzeko». Barrena jauregiaren aurrean elkartutako eragileen ustez, euskaraz bizi nahi dutenek, «ez dakitenek mugatuak eta bortxatuak» gertatzen dira askotan, baina baita jakin arren hitz egiten ez dutenek «izorratuak» ere. «Hizkuntza bat, dakitenek hitz egiten ez dutelako galtzen da, baina baita ez dakitenek erabiltzen uzten ez dutelako ere».
«Premia larria»
Sarriegiren hitzetan aurtengo Korrikak ere, «euskara maitatu eta erabiltzeko daukagun premia larria» jartzen die begien aurrean, beste behin. «Gutxieneko errespeturik, asmo onik eta maitasunik gabe, ezinezkoa da euskara ikastea eta ikasi gabe ezinezkoa da erabiltzea eta erabiltzen laguntzea». Beraz, beraien ustez, gizarteak euskararekiko eta euskaldunokiko errespetu, asmo on eta maitasun handiagoa izatea lortu behar dute euskara ikasi, hobetu eta erabiltzeko. «Korrika egin behar dugu eta Goierrin egin behar dugu», aipatu du Sarriegik.
Gutxienez goierritarren hiru laurdenak euskaldunak direla aipatu du, baina euskararen erabilera ez dela ezagutzaren neurri horri dagokiona. «Ezagutza maila horrek ardura eta erantzukizuna ere sortzen dizkigu gaurko Euskal Herrian beste eskualde batzuentzat erreferentzia izateko, baina ez gara behar genukeen neurriko erreferentzia».
Korrika bezalako ekimenen aurrean «oso euskaldun agertzen garela» uste du, baina geure gizartea ez dugula antolatu egunero eskualdeko toki eta zerbitzu guztietan euskaraz bizi ahal izateko moduan. «Gure etxeetan, familietan, kaleetan, lagunarteetan, lanean, ikasketetan, jolasetan, aisialdian, tabernetan, kiroletan, elkarteetan, parrandetan, kantuan, musikan, zineetan, errebindikazioetan, tratuetan, salerosketetan, administrazioetan, dendetan, dokumentuetan… euskarak ez du behar lukeen neurririk, lekurik, erabilpenik eta mailarik». Beraien iritziz, gizarteko bizikera asko aldatu beharrean daude «eta korrika aldatu ere, denbora gure aurka dago-eta».
Bizimoldeak aldatu beharra
Azkenik, azpimarratu du Korrika ongi datorkiola gizarteari, hori dena gogorarazteko, ongi horretaz guztiaz gogoeta egiteko, eta bizimoldeak aldatzen hasteko. «2011ko Korrika honek, orain arte egin ez dugun hori egiteko bidean jar gaitzala».