Ordiziako Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Kontu Epategiaren txostenari
Ordiziako Udalak alegazioak aurkeztu dizkio HKEE Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ateratako txostenari. Erakunde horrek orain gutxi atera duen txostenaren arabera, Ordiziako Udalak ez zituen kontratazio administratiboko hainbat arau bete 2007an. Epaitegi horren arabera, orokorrean legea bete dela aitortzen badute ere, hainbat arau hauste jasotzen dira txostenean. Besteak beste, zenbait langile eta zerbitzu kontratatzerakoan erabilitako prozedura ez zela egokia izan dio HKEEren txostenak. Ordiziako Udalak epaitegiaren txostenari erantzuteko atera duen oharrak dio Udalak martxoaren 25ean jaso zuela HKEEren fiskalizazio txostena. Udalak 2007an egindako kontratazioei, langileei eta aurrekontuei dagozkien arloak legezkoak diren edo ez aztertzen ditu dokumentu horrek. Bihar jarriko dute Ordiziako Udalaren webgunean epaitegiak egindako txostena, eta baita udaleko idazkari kontu-hartzaileak epaitegiari bidalitako alegazioak ere. “Kontuen Epaitegiak alde batera utzi ditu alegazio horiek, baina Udalak egin du erreklamazioa”, dio prentsa oharrak. Epaitegiaren txostena ikusteko www.tvcp.org webgunea bisita daiteke. Udalaren argudioak Ordiziako Udalaren oharrak dioenez, “ohikoa” izaten da Kontuen Epaitegiak auditoriak egitea, eta jarraian beste bi puntu plazaratu ditu. “Ordiziari dagokionez, epaitegiak honako ondorioak atera ditu: Udalak eta erakunde autonomoek ‘beraien ekonomia eta finantza-jarduera arautzen duen lege araudia betetzen’ dutela, eta Udalaren kontu orokorrek, 2007ko abenduaren 31n, arlo garrantzitsuenetan ‘ondarearen eta finantza-egoeraren irudi zuzena’ erakusten dutela”. Bigarren puntuak dio Epaitegiaren behin betiko [...]
Ordiziako Udalak alegazioak aurkeztu dizkio HKEE Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ateratako txostenari. Erakunde horrek orain gutxi atera duen txostenaren arabera, Ordiziako Udalak ez zituen kontratazio administratiboko hainbat arau bete 2007an. Epaitegi horren arabera, orokorrean legea bete dela aitortzen badute ere, hainbat arau hauste jasotzen dira txostenean. Besteak beste, zenbait langile eta zerbitzu kontratatzerakoan erabilitako prozedura ez zela egokia izan dio HKEEren txostenak.
Ordiziako Udalak epaitegiaren txostenari erantzuteko atera duen oharrak dio Udalak martxoaren 25ean jaso zuela HKEEren fiskalizazio txostena. Udalak 2007an egindako kontratazioei, langileei eta aurrekontuei dagozkien arloak legezkoak diren edo ez aztertzen ditu dokumentu horrek. Bihar jarriko dute Ordiziako Udalaren webgunean epaitegiak egindako txostena, eta baita udaleko idazkari kontu-hartzaileak epaitegiari bidalitako alegazioak ere. “Kontuen Epaitegiak alde batera utzi ditu alegazio horiek, baina Udalak egin du erreklamazioa”, dio prentsa oharrak. Epaitegiaren txostena ikusteko www.tvcp.org webgunea bisita daiteke.
Udalaren argudioak
Ordiziako Udalaren oharrak dioenez, “ohikoa” izaten da Kontuen Epaitegiak auditoriak egitea, eta jarraian beste bi puntu plazaratu ditu. “Ordiziari dagokionez, epaitegiak honako ondorioak atera ditu: Udalak eta erakunde autonomoek ‘beraien ekonomia eta finantza-jarduera arautzen duen lege araudia betetzen’ dutela, eta Udalaren kontu orokorrek, 2007ko abenduaren 31n, arlo garrantzitsuenetan ‘ondarearen eta finantza-egoeraren irudi zuzena’ erakusten dutela”.
Bigarren puntuak dio Epaitegiaren behin betiko txostenak Udalak egindako alegazioak jasotzen dituela. “Epaitegiak adierazi zuen ez zirela hainbat arlo betetzen, eta alegazioak urraketa horien arrazoiak justifikatu eta arrazoitzen ditu. Presazko izaera zuten beharretan, eta udalerriko interes orokorra bermatzeko beharretan oinarritzen dira urraketa horiek”.
Lau adibide
Udalak lau kasuren adibidea plazaratu du. Udaletxea berritzeko proiektua idazteko kontratua iragarki bidez lizitatuz gero Eusko Jaurlaritzaren 1,9 milioi euroko laguntza galduko litzatekeela dio Udalak, ez luketelako epe barruan egingo diru-laguntza eskaera. “Obra bera egiteko esleipena berriz, legeak zehazten duen prozedura bide bideratu zen”. Hori da lehen adibidea.
Udaleko 74 langileei dagokien 12.000 euroko “librantza ordainsariaren” gaian, oharrak dio Udalaren eta Langile batzordearen arteko akordioaren ondorio dela. “Funtzionarioek libre zituzten egunak lanegun bihurtzea eta horiek ordaintzea hitzartu zuten”.
HKEEren txostena arabera, 2007an zortzi funtzionario kontratatu zituen Udala aldi baterako lanak egiteko, “publizitate, merezimendu, gaitasun eta berdintasun printzipioak” kontuan hartu gabe. “Kontratazioak berehala egin ziren, horrela egiten ez bazen zerbitzua kaltetzeko arriskua zegoelako. 2009an konpondu zen arazoa, ordezkapenak egiteko lan-poltsa bat sortuta”, dio Udalaren oharrak.
Azkenik, Altamira estadioaren lanak finantzatzeko adibidea aipatzen du Udalak. HKEEren txostenak dioenez, erantsitako kredituak egin behar direla eransten diren ekitaldian, eta ezin direla ondorengoetan erantsi. 2005 urteko ekitalditik 2007ko ekitaldira egin zen kapitala transferentzia aipatzen du epaitegiaren txostenak (Altamirako instalazioak finantzatzeko 1.933.224 euro). Udalak kaleratu duen oharrean, honako zehaztapena egin du idazkari kontu-hartzaileak: “21/2003 Foru Arauaren 32.4 artikuluan salbuespen bat dago. Helburu jakin bateko diru-sarrerekin egiten badira kapital operazioak egokiak dira, eta Altamirako kirol instalazioak zati handi batean helburu jakin bateko diru-sarrerekin ordaindu ziren (3.000.000 euro mailegu bidez, eta 1.500.000 euro Foru Aldundiko diru-laguntza bidez).