Bertsolari gazteen gogoko
Bertsolari gazteei bertsotan aritzeko aukera ematen zien txapelketarik ez zegoela eta, hasi ziren duela 40 urte Osinalde bertso sariketa egiten Gabirian. Antolatzaile lanetan besteak beste, Alegi auzoko Joxe Mari Landa eta Gabiriako Eusebio Igartzabal ibili ziren. «Jende askori entzuten genion gazteek irtetzeko aukerarik ez zutela eta beraz, aurrerantzean ez zela bertsolari gazterik izango. Kezka horretatik abiatuta txapelketa antolatzen hastea pentsatu genuen Gabirian» dio Igartzabalek. Zumarragako Galeperra elkartean egiten zuten orduan egungo Osinalde sariketaren antzeko ezaugarriak dituen norgehiagoka bat. Igartzabalek kontatu duenez, zazpi urtetan segidan antolatu zuten lehiaketa hori. «Zortzigarrena antolatzekotan zirela elkarteko batzordean jende erdalduna sartu zen, bertsoak ezer esaten ez dion jendea, eta bertan behera geratu zen». Zumarragako txapelketa antolatzen zuen Luzio Gabiria gabiriarrarengana jo zuten Igartzabalek eta Landak haien ideiaren berri ematera. Sekulako poza hartu zuen hark. «Geroztik bizi zen artean, beti etorri izan zen gaiak jartzen laguntzera edo epaile lanetan aritzera». Lehen lehiaketa 1971an 1971an egin zuten lehendabiziko txapelketa. Erbie elkartean antolatu zuten, baina garai hartan nahiko txikia zen, artean obrarik egin gabe baitzegoen, eta beste guztiak Osinalde elkartean egin dituzte. Ordutik behin bakarrik kale egin dute, 1972an. «Osinalde elkartea egiten ari ginen orduan. Denbora gainera etorri zitzaigun eta jada berandu zela eta, azkenean ez egiteko erabakia [...]
Bertsolari gazteei bertsotan aritzeko aukera ematen zien txapelketarik ez zegoela eta, hasi ziren duela 40 urte Osinalde bertso sariketa egiten Gabirian. Antolatzaile lanetan besteak beste, Alegi auzoko Joxe Mari Landa eta Gabiriako Eusebio Igartzabal ibili ziren. «Jende askori entzuten genion gazteek irtetzeko aukerarik ez zutela eta beraz, aurrerantzean ez zela bertsolari gazterik izango. Kezka horretatik abiatuta txapelketa antolatzen hastea pentsatu genuen Gabirian» dio Igartzabalek.
Zumarragako Galeperra elkartean egiten zuten orduan egungo Osinalde sariketaren antzeko ezaugarriak dituen norgehiagoka bat. Igartzabalek kontatu duenez, zazpi urtetan segidan antolatu zuten lehiaketa hori. «Zortzigarrena antolatzekotan zirela elkarteko batzordean jende erdalduna sartu zen, bertsoak ezer esaten ez dion jendea, eta bertan behera geratu zen». Zumarragako txapelketa antolatzen zuen Luzio Gabiria gabiriarrarengana jo zuten Igartzabalek eta Landak haien ideiaren berri ematera. Sekulako poza hartu zuen hark. «Geroztik bizi zen artean, beti etorri izan zen gaiak jartzen laguntzera edo epaile lanetan aritzera».
Lehen lehiaketa 1971an
1971an egin zuten lehendabiziko txapelketa. Erbie elkartean antolatu zuten, baina garai hartan nahiko txikia zen, artean obrarik egin gabe baitzegoen, eta beste guztiak Osinalde elkartean egin dituzte. Ordutik behin bakarrik kale egin dute, 1972an. «Osinalde elkartea egiten ari ginen orduan. Denbora gainera etorri zitzaigun eta jada berandu zela eta, azkenean ez egiteko erabakia hartu genuen. Bigarren urtean huts egin genuelako da aurtengoa 40. saioa», dio Igartzabalek.
Antolatzen duten 40.aldia izan arren, hasierako espirituari eusten dio Osinalde sariketak, hau da, bertsolari gazteen aukera paregabea izan ohi da bertsoen munduan murgiltzeko.
Beti antolatzaileek gonbidatutako bertsolariek parte hartzen dute Osinalden. Aurrenetik nahikoa lan izaten zuten antolatzaileek seikotea osatzen. «Bertsolari gazte asko ez zen bazterretan eta batera eta bestera jo, beraiekin hitz egin eta horrela animatzen genituen parte hartzera».
Bertso eskolak sortu ondorenean gauzak aldatzen hasi ziren, ordea. Urteetan zehar egindako lana hasi zen fruitua ematen, eta saiorako sei bertsolari aukeratuta, asko kanpoan geratzen ziren. «Horiek ere aukera bat merezi zutela eta, inguruko elkarteekin hizketan hasi ginen». Horrela, duela hamalau urte ekin zioten Brinkolako Armuño elkarteak, Idiazabalgo Axarik eta Ordiziako Argi Berrik txapelketak antolatzeari. Gerora Brinkolako saioaren antolatzailea ohartu zen Aztiriako Aztiri Bat elkartean Brinkolako Armuñon baino bertso giro hobea sortzen zela, eta handik aurrera Aztirian hasi ziren lehiaketak antolatzen. Hamar bat urte igaro dira ordutik.
Idiazabalgo bertso sariketari dagokionean esan Axari saria izaten jarraitzen duen arren, azken bi urte hauetan Elizalde elkartean egin dutela, Axari baino handiagoa baita.
Hemezortzi bertsolari
Hiru elkarte horietan kanporaketak antolatzen hasi zirenetik hemezortzi bertsolarik parte hartzen dute urtero. Elkarte bakoitzean sei gaztek kantatzen dute. Hori bai, hiru kanporaketa jokatu arren, elkarte bakoitzeko txapelketak izaera propioa du. Bertako antolatzaileak arduratzen dira saiorako gaiak jartzeaz, epaimahiko kideak lotzeaz, sariez… Kanporaketa bakoitzetik bina bertsolari sailkatzen dira Osinalderako eta beraz, finalean ere sei gazte izaten dira.
Saio berezia
25. urteurrenean ez zuten ohiko txapelketarik egin. Urteurren berezia zela eta, saio berezia antolatzea pentsatu zuten. Sei bertsolariz osatutako launa talde osatu eta taldekako saioa egin zuten. Jendeak bozka emanda erabaki zuen zein izan zen talde irabazlea. «Jendeari grazi gehien egin ziolako edo, bertsolaririk zaharrenek irabazi zuten saria» dio irribartsu Igartzabalek.
Gainerako lehiaketa guztiak ildo beretsutik joan dira. Igartzabalek ordutik hona antolaketa lanetan dihardu eta ilusio berarekin jarraitzen du, gainera. Hori bai, orain jende gazte gehixeago ere badabil lanean. «Nahiko poliki moldatzen dira, gainera».
Hasiera batean ez zuten uste izango beharbada Osinaldek horrelako arrakasta izango zuenik, baina bertsolari gazteentzat erreferentzia bilakatu da eta baita entzuleentzat ere. Antolatzaile taldean berriz 6-7 lagun dabiltza. Beraz, etorkizun oparoa izango du izaera jakin hori duen Euskal Herriko lehiaketa bakarrak.