Legorretan leherkaritarako gai gehiago atzeman du Guardia Zibilak, albiste agentzien arabera, eta Zegaman beste gordailu baten bila dabiltza
Guardia Zibilak asteartean Legorretan ETArekin lotuta hasi zuen operazioa gaur ari dira jarraitzen, hirugarren egunez jarraian. Goizean Legorretako Berostegi auzoko bi baserri miatu ditu Guardia Zibilak, eta arratsaldean Zegamara hedatu dute bilaketa. Otzaurteko mendi alde batean leherkari gordeleku baten bila dabiltza. Guardia Zibilaren 300 bat polizia Legorretako Olalde baserriaren inguruetan miaketan aritu dira gaur goizean. Trebatutako zakurrak eta helikoptero bat ere erabili dituzte. Asteartean baserrian bertan atxilotu zuten Aitor Esnaola Legorretara eraman dute, miaketetan presente egoteko. Jakinarazi dutenez, baserriko ikuiluan lurpean zulatutako gordeleku batean aluminio hauts “kopuru handia”, pentrita gehiago eta kordel detonatzailea zeuden. Baserri horren inguruan dagoen beste eraikin batera ere zabaldu dute araketa eremua. Albiste agentzien arabera, polizia iturriak aipatuz, han amonio nitrato “kopuru handia” eta arma motz bat zeudekeen. Legorretako miaketa 12:15 inguruan bukatutzat eman du Guardia Zibilak, eta jarraian Zegamara joan dira, Aitor Esnaolarekin. Otzaurtetik gorako inguru batean zulo bat aurkitu nahian dabiltzala aipatzen dute albiste agentziek. Tortura saihesteko neurririk ez TAT Torturaren Aurkako Taldeak inkomunikazioa kentzeko exijitu zuen atzo Donostian, Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek sustengatuta. EA, ezker abertzalea, Alternatiba, Aralar, EHNE, ESK, EILAS, Hiru eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ordezkariak Espainiako Gobernuaren Donostiako ordezkaritzan izan ziren, Esnaola anaien senitartekoekin batera. TATeko abokatu Ane Ituiñok eskatu [...]
Guardia Zibilak asteartean Legorretan ETArekin lotuta hasi zuen operazioa gaur ari dira jarraitzen, hirugarren egunez jarraian. Goizean Legorretako Berostegi auzoko bi baserri miatu ditu Guardia Zibilak, eta arratsaldean Zegamara hedatu dute bilaketa. Otzaurteko mendi alde batean leherkari gordeleku baten bila dabiltza.
Guardia Zibilaren 300 bat polizia Legorretako Olalde baserriaren inguruetan miaketan aritu dira gaur goizean. Trebatutako zakurrak eta helikoptero bat ere erabili dituzte. Asteartean baserrian bertan atxilotu zuten Aitor Esnaola Legorretara eraman dute, miaketetan presente egoteko. Jakinarazi dutenez, baserriko ikuiluan lurpean zulatutako gordeleku batean aluminio hauts “kopuru handia”, pentrita gehiago eta kordel detonatzailea zeuden.
Baserri horren inguruan dagoen beste eraikin batera ere zabaldu dute araketa eremua. Albiste agentzien arabera, polizia iturriak aipatuz, han amonio nitrato “kopuru handia” eta arma motz bat zeudekeen.
Legorretako miaketa 12:15 inguruan bukatutzat eman du Guardia Zibilak, eta jarraian Zegamara joan dira, Aitor Esnaolarekin. Otzaurtetik gorako inguru batean zulo bat aurkitu nahian dabiltzala aipatzen dute albiste agentziek.
Tortura saihesteko neurririk ez
TAT Torturaren Aurkako Taldeak inkomunikazioa kentzeko exijitu zuen atzo Donostian, Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek sustengatuta. EA, ezker abertzalea, Alternatiba, Aralar, EHNE, ESK, EILAS, Hiru eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ordezkariak Espainiako Gobernuaren Donostiako ordezkaritzan izan ziren, Esnaola anaien senitartekoekin batera. TATeko abokatu Ane Ituiñok eskatu zuen atxilotuak epailearen aurretik pasa ditzatela, “uneotan torturatuak izan daitezkeelako”. Tortura saihesteko neurriak hartzeko ere exijitu du, besteak beste atxiloaldi osoa bideoz eta audioz grabatzeko, baita miaketa garaiak eta leku aldaketak ere. Eskakizun horiek dituen agiria utzi zuten eragileek Espainiako Gobernuaren Donostiako ordezkaritzan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur uko egin dio torturak saihesteko protokoloa aplikatzeko eskaerari, AAMk jakinarazi duenez. Gaia daraman Fernando Grande-Marlaska epaileak habeas corpusa ukatu du –atxilotuak berehala epailearen aurrera eramatea–, baita familiartekoek eskatutako beste hiru neurri ere: atxiloketa aldian konfiantzako medikuak ikustea, atxiloaldi osoa bideo kameraz grabatzea eta senitartekoek atxilotuak non eta nola dauden jakiteko eskaerak errefusatu ditu epaileak.
“Atxilotuak inkomunikatuta aurkitzen dira eta ez dago beraien egoeraren gaineko inolako berririk”, zehaztu du gaur arratsaldean AAMk.
Espainiako Segurtasunerako estatu idazkari Antonio Camachok atzo zuen ETA garaitzeko “garairik onenean” dagoela gobernua. 45 egunean “hamabost etakide” atxilotu dituzte, eta ETAren aurka Espainiako Gobernuak borondate “irmoa” duela erakusten du horrek.
Manifestazioa atzo Legorretan
Atxiloketen aurka eta Aitor eta Igor Esnaola anaiak “torturatuak” izan daitezkeela salatzeko –inkomunikatuta dauzkate– hainbat eragilek kezka agertu eta protesta egin dute. Atzo iluntzean manifestazioa egin zuten Legorretan, 300 bat lagunek, “atxiloketak salatu eta senitartekoei elkartasuna adierazteko”. Herenegun ez bezala, atzo “arazorik gabe” egin ahal izan zuten manifestazioa. Herenegun Ertzaintzak galarazi zuen plazan bilkura egitea.
Legorretako Udalbatzak ezohiko bilkura egingo du gaur 18:00etan. Bestetik, gaur eta bihar manifestazioak egiteko deialdiari eutsi egin dio AAMk, 19:30erako. Igor Esnaolak lan egiten duen Idiazabalgo Ampo enpresan ere elkarretaratzea egin dute gaur 13:30etik 14:00etara, lantegiaren atarian. Atzo ere atera ziren. Gaur arratsaldean Donostian gauzatzekoa da beste protesta ekitaldi bat, 18:00etan. Herri mugimendu desberdinek parte hartuko dute, herri kiroletako ordezkariak eta lehen sektorekoak tartean.
Elkarretaratzea Ampon
Ampo enpresako hainbat langilek elkarretaratzea egin dute Igor Esnaolaren askapena eskatzeko, legorretarrak enpresa horretan lan egiten baitu. Enpresaren sarreran egon dira langileak 13:30etik 14:00etara bitartean, Igor Askatu zioen pankarta eskuetan zutela.