Gaur kutsadura neurgailua daraman furgoneta Zelai Arizti parkean dago, atzo Trintxeran zegoen dago. Areizaga-Kalebarren plazan ere egon da, "txurreriaren ondoan"
Zumarragako Ezker Abertzaleak azken bi asteetan Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailak emandako kutsadura datuak “kezkagarriak” direla dio. PM10 osagaien datuak bi egunetan maila “arriskutsua” gainditu dute , eta beste lau egunetan maila “oso txarra” izan da.
Jaurlaritzak berak ezartzen ditu kutsaduraren inguruko mailak.
Arriskutsua da
138tik gorako neurketa ematen duenean.
Hilaren 6an 146koa izan zen
eta hilaren 8an 145koa.
Oso txarra da
82,6 eta 134 artean dagoenean eta lau egunez, martxoan eta apirilean tarte horretan dauden kopuruak jaso ditu Jaurlaritzak.
Ezker abertzaleak “hainbat herritarren kezka handituz doala sumatzen” duela dio, “eta jarrera hau guztiz ulergarria iruditzen zaigu. Urteetan, filtroez, neurri bideragarriez, ardurez… hitz egiten aritu ondoren, egun, mahai gainean dugun bakarra bizilagunen kezka hori da. Hainbat herritar hurbildu zaizkigu astean zehar gauerdian Antiora igotzera gonbidatuz. Zumarraga gainean hauts eta ke laino handia ikus daiteke zenbait egunetan”.
Arcelor-Mittalen erantzunkizuna
Iturri ofizialetatik jasotako informazioa ez dela dioten arren, “Eusko Jaurlaritzaren urgentziazko interbentzio bat egon” dela jakinarazi dute, “ArcelorMittalen kutsadura maila altuen eraginez”.
EAJk bere ikerketan aipatzen zituen datuak onartzen badituzte ere, “ez gaude inolaz ere ados bertan plazaratu zituzten ondorioekin. Zumarragako kutsadura maila altuari ekarpenik nagusiena Arcelor Mittalen jarduerak egiten dio. Eta hau ez diogu guk, Eusko Jaurlaritzak dio”.
Gaiaren inguruan Udalaren jarrera salatu dute abertzaleek, “ez gatoz bat Zumarragako Udalaren mezuarekin eta jarrerarekin. Zumarragako kutsadura maila altuaren arrazoi nagusia ez da trafikoa, ez da bailara itxi batean kokatuta egotea, eta ez da Saharako haizea. Zumarragako airearen kutsadura bezalako gai garrantzitsu bat ezin dugu ardurak sakabanatuz eta beste aldera begiratuz saihestu”.
Zumarragako Udalari gaiarekiko “utzikeria eta axolagabekeria” egotzi diote. “Arazoa definitzeko ematen ari diren pausuen kontra doa Zumarragako gure agintariek egiten dutena. Beste gauza batzuen artean, Areizaga plazan jarritako neurgailu mugikorraren ondoan txurreria bat ipiniz”.
Era berean, “Arcelor Mittal Zumarragako bizitza industrialaren eta ekonomikoaren zati garrantzitsua” dela onartuta, Ezker Abertzaleak legea bete behar duela dio: “Arcelor Mittalek urte luzeetan jarraitu behar du Zumarragan aberastasuna eta lana sortzen, baina dagokion moduan, legea betez”.
Eskariak Udalari
Kutsaduraren gaiari urteetako jarraipena egin dio Ezker Abertzaleak, “oso kezkatuta gaude, ez dute arazoa konpontzen, eta Udala herritarrak (gu barne) nahasten saiatzen ari da, mezu epelekin eta eduki gabekoekin. Gure galdera oso sinplea da: zergatik garbi ez jokatze hori?”.
Eskari batzuk egin dizkio Ezker Abertzaleak Zumarragako Udalari, eskaera hauek egiten dizkion lehenengo aldia ez den arren. Eskaerak ondokoak dira:
1.- Kutsadura sortzen duen PM10 partikulen osagaiak zehaztuko dituzten analisien emaitzak lortzea.
2.- Arcelor Mittal lantegian beruna erabiltzen den ala ez egiaztatuko duen txostena. Erantzuna baiezkoa balitz zenbat eta zein baldintzetan erabiltzen duten, zein segurtasun neurri hartzen dituzten eta berunaren erabilera legezkoa den ala ez erantzun dezala.
3.- Osakidetzaren txosten bat, Zumarragako minbizi eta arnas sistemaren gaixotasun tasak normalak diren ala ez zehaztuko duena.