Enirio-Aralar mankomunitatearen 600. urteurreneko liburua aurkeztu dute
Enirio-Aralar mankomunitateak 2009an bete zituen 600 urte, eta horren harira Alfredo Moraza arkeologoa prestatzen ari zen liburua gaur eguerdian aurkeztu dute Donostian. Enirio-Aralarko mankomunitatearen urteurrena (1409-2009) da 176 orrialde dituen liburu mardularen izenburua, eta Morazak berak nabarmendu duenez, lan horrekin Aralarri, mankomunitateari eta Aralar maite duen guztiari omenaldi “xume” bat egin nahi izan diote. Horrez gain, Atari lanak izeneko liburuxka ere aurkeztu dute, 600. urteurrenaren harira Amezketako San Martin auzoan jarritako Atari eskulturari eskainia.
Jose Migel Santamari Ordiziako alkate eta Enirio-Aralar mankomunitateko lehendakaria, Rafa Uribarren Landa Garapenerako diputatua, Guillermo Olmo eskulturgilea eta Asier Arrese Foru Aldundiko mendi eta baso zuzendaria izan dira aurkezpenean Morazarekin batera. Liburu honekin urteurren horren harira egindako ekimenei bukaera ematen dietela esan dute Santamariak eta Uribarrenek, eta mankomunitatea “zenbait baloreren lekuko” dela, “garai modernoetara baliagarria”.
“Mankomunitatearen historia liskar baten historia da”. Hitz horiekin laburbildu zuen Morazak liburuaren edukiaren mamia. “Liburu arin bat egin nahi izan dugu, jendeak hobeto uler dezan zer garrantzia daukan horrelako mankomunitate batek. Liburu hau mankomunitateari egiten zaion omenaldi bat da, 15 herrik honaino ailegatzea nola lortu duten adierazten duena”.
Liburuaren zabalkundea
Enirio-Aralarri buruzko liburua Gipuzkoa osoan banatuko dute Elkarren eskutik, baina liburua jasotzen lehenak mankomunitatea osatzen duten 15 herriak izango dira. Goierriko eta Tolosaldeko parketxeetan ere salgai jarriko dute, 10 euroko prezio sinbolikoan.