Jesus Mari Rodrigez: «Txapela semeari eskaini nahi diot, ospitalean baitago ukondoa hautsita»
Jesus Mari Rodrigez zaldibiarrak bosgarren aldiz irabazi du Eire-Bankoa xake txapelketa. Mikel Zubia añorgarrari finala irabazi zion herenegun, partida azkar batean. «Semeari eskaintzen diot txapela, ukalondoa hautsita baitago ospitalean» dio. Egoitz Irure zestoarrak egin du hirugarren eta Mario Gallego legazpiarrak laugarren.
Espero al zenuen txapelketa hau bosgarrengoz irabaztea?
Beti espero duzu eta ez duzu espero. Behin irabazi baduzu, hurrengoan ere aukerak dituzu, eta lau aldiz irabazi baldin baduzu, bosgarrenean zergatik ez. Hala ere, gu zahartzen ari gara, eta gazteak sendo datoz. Jauzi handia ematen ari dira urtetik urtera. Horrek harritu nau gehien aurten.
Finala azkar irabazi duzu gainera…
Partida ona egin nuen. Elkar asko ezagutzen dugu jada, askotan jokatu baitugu elkarrekin. Orain arteko partida guztietan irabazi egin diot eta agian arlo psikologikoak ere eragina izango zuen.
Eire-bankoa xake txapelketaz zein iritzi duzu?
Txapelketan parte hartzen hasi nintzenetik gora egin du, bai jokalari kopuruan eta baita mailan ere. Azken 8 urteetan jokatu dut, eta bada lehen urteetan 16 onenen artean sailkatzen ziren eta egun urrundik ere iristen ez diren jokalariak. Hasiera batean ere Urretxuko eta Zumarragako edo gertuko herrietako jokalariak erakartzen zituen. Orain Donostiatik, Zaldibiatik, Altsasutik, Zestoatik… gatoz.
Zer du ba ona txapeketa honek?
Malgutasuna. Partidak nahi duzunean jokatzen dituzu. Umeak edo lana direla eta, txapelketetara ezin izaten dut joan, baina honetan, aste osoa duzu partida bat jokatzeko. Aurkariari hots egin eta egun bat adosten duzu, eta astean bi ordu aurkitzea ez da horren zaila. Malgutasun horri esker jokatu dezaket txapelketa hau. Horrez gain, giroa oso ona da. Hasieran ez nuen inor ezagutzen eta orain lagunak gara guztiok.
Orduan, normalean ez duzu xakean jokatzen…
Ez. Ez nago federatuta, eta azken urteetan oso gutxi jokatu dut. Horrek abantailak eta desabantailak ditu agian. Abantaila, motibatuago egon naitekeela da. Urtean jokatzen dudan txapeketa bakarra da, eta beste askok astero jokatzen dituzte partidak. Horren eraginez gainera, agian nire jokoa ez dute hainbeste ezagutzen. Desabantaila, astero jokatzen dutenak agian errodaje handigoa dutela da. Denbora dudanean, Donostiako Opena edo jokatzea gustatuko litzaidake.
Txapela nori eskaintzen diozu?
Semeari. Ospitalean dago ukalondoa hautsita, eta berari eskaini nahi nioke.