Euskaraz egindako errenta aitorpenen kopurua bikoiztu nahi du euskara zerbitzuak
Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak erronka jarri dio bere buruari, eta baita herritarrei ere. Astelehenean abiatu zen 2010 urteari dagokion errenta aitorpenaren ekitaldia, eta helburu argia du euskara zerbitzuak: iaz euskaraz egindako errenta aitorp...
Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak erronka jarri dio bere buruari, eta baita herritarrei ere. Astelehenean abiatu zen 2010 urteari dagokion errenta aitorpenaren ekitaldia, eta helburu argia du euskara zerbitzuak: iaz euskaraz egindako errenta aitorpenen kopurua bikoiztea. 2009an 424 herritarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz –%31,61–, eta kopurua hori 800era igotzea da nahia. Gazteleraz 917 aitorpen egin ziren, eta proportzio hori irauli nahi dute dei honen bidez.
Orain bi urteko ekitaldian, 2008. urteari dagokionean, euskaraz egindako aitorpenen batez bestekoa %35,61 izan zen. Lau puntu egin zuen behera aitorpenen zenbatekoak, eta beheranzko joera hori gelditu nahi dute.
Euskaraz egiteko bideak
Gipuzkoan astelehenean hasi zen errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpaina, eta ekainaren 25ean bukatuko da. Zergadunek hainbat bide dituzte aitorpena egiteko, eta “oso modu errazean”, euskaraz egin dezakete hasiera-hasieratik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bidali ditu dagoeneko hainbat etxetara autolikidazio proposamenak, eta ados egonez gero, proposamen hori euskaraz berresteko aukera dago. Aldundiaren webgunean (www.gipuzkoa.net) ere berrets daiteke aitorpena euskaraz, hizkuntza aukeratuta. Era mekanizatuan ere egin daiteke aitorpena, gestoriaren batera edo Ogasuneko bulegoren batera joanda. Telefonoz (902 100 040) edo internetez eska daiteke ordua.