Harrera beroa egin diote herritarrek Inocencio Soria ‘Tente’ri
Zazpi urtez kartzelan egon eta kondena beteta irten zen atzo Soria Perpiñagneko kartzelatik. Gaueko 21:30 aurretik iritsi zen herrira.
Zazpi urtez Frantzian kartzelan egon eta gero, aske gelditu zen atzo Inocencio Soria ”Tente” zumarragarra. Gaueko 21:00ak inguruan iritsi zen Ormaiztegira autoz. Bertan egin zioten hainbat herritarrek lehenengo harrera. Kotxe karabanan egin zituzten Urretxura arteko kilometroak ondoren.
Urretxura iritsita ehunka lagun zeuden, harrera beroa egiteko. Bertsolariak, txalapartariak eta dantzariak zituen zain. Bi lore sorta ere eskaini zizkioten bertan bildutakoek. Soriak, egindako harrera eskertu zuen, oraindik ere kartzelan jarraitzen duten euskal herritarrak gogoan. Bertaratutakoei kartzelara ”eskutitzak idazten jarraitzeko” eskatu zien ”asko eskertzen baitira horrelakoak han”.
10 urteko espetxe zigorra
Inocencio Soria preso politiko zumarragarra 2004ko apirilaren 17an atxilotu zuten Frantziako poliziek. Epaitua izan ondoren 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Atzo bete zuen ezarritako zigorra, 7 urte beteta. Apirilaren 7an gose greba hasi zuen Soriak, kanporaketaren aurka protesta egiteko. Kanporatua izango balitz Espainiako poliziek atxilotu eta inkomunikatzeko arriskua zegoen, baina azkenean ez zen horrelakorik gertatu. Inocencio Soriak azkeneko urteak, Perpiñagneko kartzelan eman ditu