Zumarragako Ertzain-etxean errekarren ertzan egindako lanak, harrizko murru berriak eta ateak
Herenegungo osoko bilkuran ez zegoen gai pisutsurik zerrendara begira, behintzat. Udalbatzako kideen arteko eztabaida EAJk aurkeztutako moziotik sortu zen, gizarte-larriladiko laguntzei buruzkoa. Bilkura amaitu aurretik, bidegorriaren eta Ertzain-etxearen gaia ekarri zuen Ezker Abertzaleak.
Lehenengo sei puntuak azkar bozkatu zituzten zinegotziek. Eserleku bat baino gehiago hutsik zegoen, izan ere, udalbatzako hainbat kide ez zegoen. Hamazazpi zinegotzitik hamaika zeuden. Aginagako frontoia eraikitzeko kreditu aldaketaren alde bozkatu zuten. Zumarraga Lantzeni geltoki intermodalaren eraikuntzarekin lotutako kapital-trasferentziaren alde bozkatu zuten udal gobernuko kideek eta PPk. Ezker Batuko eta EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren. Adingabekoen zentroan aparkalekua egiteko arau subsidiarioen aldaketaren alde bozkatu zuten.
Jarraian, EAJk gizarte-larrialdiko laguntzen inguruko mozioa aurkeztu zuen. Laguntza hauek eskatzeko baldintzak mugatzen dituen ordenaren kontrako mozioa da. Jeltzaleek, Aralarrekin eta EArekin Eusko Legebiltzarrean aurkeztutakoa. «Baldintza horiek eta erabakia Eudelekin hitz egin gabe hartu izana» leporatu zion Eusko Jaurlaritzari Raquel Blanco EAJko zinegotziak.
Eztabaida piztu zuen mozioak. PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. EAko Ikerne Badiolak gogoratu zuen Gipuzkoako Batzar Orokorretan PSE-EE abstenitu egin zela mozio berdina bozkatzerakoan, «Zumarragako alkatea barne, baina badirudi agintean dagoenaren arabera bozkatzen dutela zenbaitzuk».
Ertzain-etxea
Ezker Abertzaleak hitza hartu zuen galdera-erantzunetan. Aitor Garmendiak Ertzain-etxean egindako lanei buruz galdetu zion alkateari. Izan ere, «lan horiek bi arau puskatzen dituzte. subsidiarioak eta ibaiertzak libre egotea behartzen duena». Garmendiak Eusko Jaurlaritzako Barne Sailarekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuela gogoratu zion alkateari eta horren ordez, Zumarragarenak diren lur-eremuetan, bidegorriari zuzenean eragiten diotenak, “lanak egiteko baimena eman dio Udalak Jaurlaritzari”.
Serranok egungo bidegorriaren pasabidea «behin behinekoa» dela esan zuen, «Ertzain-etxea desagertuko da noizbait», eta «lan gehienak geltokiko aldean egin dituzte». Hasieran, “errekaren aldean lanik egin ez” dutela esan zuen alkateak, baina ondoren seguru ez zegoela onartu zuen eta, “lan gehienak geltokiko aldean egin dituztela” berretsi zuen.
Ertzain-etxean egin dituzten azken lanetan errekako aldean murru bi altxatu dituzte eta sarreratako ateak berritu. Aparkalekuko eremu bat itxi dute.