Zaldizurretatik Senperera arteko bidegorri zatia erabilgarri dago
Beasain eta Lazkao batuko dituen bidegorria amaitu dute Beasaingo zatian, eta Zaldizurretako biribilgunetik Senpereko merkatalgunera arteko zatia erabilgarri dago. Urte hasieran hasi ziren bidegorria egiteko lanak egiten, eta zehaztutako epean amait...
Beasain eta Lazkao batuko dituen bidegorria amaitu dute Beasaingo zatian, eta Zaldizurretako biribilgunetik Senpereko merkatalgunera arteko zatia erabilgarri dago. Urte hasieran hasi ziren bidegorria egiteko lanak egiten, eta zehaztutako epean amaitu dute.
Azken hilabeteetan Beasaindik Lazkao aldera joan ahal izateko, beharrezkoa izan da N-1 errepidera irten eta buelta hartzea. Baina, lanak amaituta, biribilgunetik Lazkao alderako erraila berriz ere irekita dago trafikoarentzat.
Lanak eginda, trenbidearen aldeko eskuineko espaloia kendu egin dute, bidegorria eta ezkerreko espaloia oinezkoentzako eta txirrindularientzako egokitzeko. Bidegorriak eta ezkerreko espaloiak 3,60 metroko zabalera dute guztira.
Hasiera batean bi errepideak altuera ezberdinetan banatzea jasotzen zen proiektuan, bata bestearen gainean. Baina altuera arazoengatik, bertan behera geratu zen ideia. Azkenean, bi bideak ondoan eraiki dituzte: errepidearen kontra txirrinduentzako bidegorria dago, eta, honen ondoan, oinezkoentzako espaloia.
Semaforoetan ere aldaketak
Zaldizurretako biribilgunetik Senpereko merkatalgunerako norabidean dagoen semafaroa aldatu egin dute, eta aurrerantzean, botoia sakatutakoan bakarrik piztuko da argi berdea. Biribilgunean sortzen ziren auto pilaketak ekiditen jarraitzea da helburua.
Zaldizurreta kaleko semafaroak itzalita jarraituko du, orain arte bezala, eta oinezkoek izango dute lehentasuna. Gune horretan zebra bidea gorriz margotu dute, eta altuera eman diote, ibilgailuetako gidariek arreta gehiago izan dezaten. Zebra bidean oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak ere bereizi dituzte.