Asteburuan egingo dute bigarren merkatu txikia Andramendi Ikastolakoek
Beasaingo Andramendi Ikastolak, bere sorreratik izan du lotura naturarekiko errespetuarekin, elikadurarekin, osasunarekin eta kontsumo arduratsuarekin. Haurrak ere balio horiek kontuan hartuta hezten dituzte, eta urtean zehar hainbat ekintza antola...
Beasaingo Andramendi Ikastolak, bere sorreratik izan du lotura naturarekiko errespetuarekin, elikadurarekin, osasunarekin eta kontsumo arduratsuarekin. Haurrak ere balio horiek kontuan hartuta hezten dituzte, eta urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte balore horien inguruan.
Hurrengo ekimena bigarren Merkatu Txikia izango da, ostiralean eta larunbatean egingo dena. Ostiralean 17:00etatik 21:00etara egingo dute merkatu txikia, eta larunbatean 11:00etatik 21:00etara.
Ekimenaren helburua, etxean erabiltzen ez diren hainbat eta hainbat gauzari bigarren erabilera bat emanez, biztanleria sentsibilizatzea da. «Ahalmen ekonomiko urriko biztanleei, behar dituztenak eskuratzeko aukera ematea ere bada ekimen honen asmoa», antolatzaileek jakitera eman dutenez.
Lehenengoaren segida
Iazko abenduan antolatu zuten lehen aldiz herri osoak parte hartzeko aukera zuen merkatu txikia. Ordukoak izan zuen erantzuna oso ona izan zen, «bildutako gauzen kopuruari eta kalitateari dagokionez, gerturatutako jende kopuruari eta jende motari dagokionez, eta saldu ziren produktuei dagokionez». Horregatik erabaki dute bigarrenez merkatu txikia egitea.
Hainbat egunez aritu dira Andramendi Ikastolakoak merkatu txikirako produktuak biltzen. Azken egun hauetan, jasotako guztia antolatzen, salneurriak jartzen eta azokara eraman beharrekoa kaxetan eta esekitokietan sailkatzen ari dira.
Bigarren azokarako ere, jostailuak, arropak, etxetresnak, altzariak, jokoak, oinetakoak, poltsak… jaso dituzte, eta denak salgai egongo dira ostiralean eta larunbatean Loinazko San Martin plaza azpian.














