Pilotarien dema herrikoia, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, hasi da
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren Kutxa Sariko ikuskizuna asteburuan hasi zen pilotalekuetan. Esku huskako sailean final hamaseirenetako joaneko jardunaldia jokatuz ekin diote hamabi herritako hiruna pilotari bikotek lehiari. Final zortzirenetan, hurrengo koskan, beste hamar herri sartuko dira. Taldeak osatzeko orokorrean nahiko lan izan da. Goierriko lau herrik parte hartuko dute Herriartekoan: Ataun eta Zaldibia eskuz, eta Olaberria eta Ordizia palan. Oraingoz jokoan sartu den eskualdeko ordezkari bakarra Zaldibia da. Azkoitiaren aurka jokatu zuen ostiralean Zaldibiako Resti pilotalekuan, berrehun-bat ikusleren aurrean. Ia hamar urte baziren Herriartekoan parte hartu gabe, eta taldea osatzea lortu izanarekin aurtengo helburua bete dute. «Ilusioz geunden berriz ateratzeko, eta oinarria jarri dugu bertako gazteekin», dio Aratz Mendizabal prestatzaile eta pilotari profesionalak. Zozketan «zorte handirik ez» du izan Zaldibiak, txapelketan historikoetakoa den Azkoitia egokitu baitzaio, nahiz eta garai batetik maila apalagoan ibili. Gainera, Zaldibiako jubenil batek hankan min hartu zuen aurrez, eta beheko mailetakoak igota osatu behar izan ditu Mendizabalek hiru bikoteak. Kadeteetan Aimar Garmendiak (infantila) eta Aitor Elizegik jokatu zuten; jubeniletan Eneko Nazabalek eta Aritz Oriak (kadetea), eta helduetan Harri Zumaldek eta Alex Sukiak. «Kadeteetan eta helduetan erraz galdu genuen, baina jubeniletan irabazi, eta horrek poztu gaitu. Gainera, bai kadeteak eta bai jubenilak lehen urtekoak dira, eta datorren urtean [...]
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren Kutxa Sariko ikuskizuna asteburuan hasi zen pilotalekuetan. Esku huskako sailean final hamaseirenetako joaneko jardunaldia jokatuz ekin diote hamabi herritako hiruna pilotari bikotek lehiari. Final zortzirenetan, hurrengo koskan, beste hamar herri sartuko dira. Taldeak osatzeko orokorrean nahiko lan izan da.
Goierriko lau herrik parte hartuko dute Herriartekoan: Ataun eta Zaldibia eskuz, eta Olaberria eta Ordizia palan.
Oraingoz jokoan sartu den eskualdeko ordezkari bakarra Zaldibia da. Azkoitiaren aurka jokatu zuen ostiralean Zaldibiako Resti pilotalekuan, berrehun-bat ikusleren aurrean. Ia hamar urte baziren Herriartekoan parte hartu gabe, eta taldea osatzea lortu izanarekin aurtengo helburua bete dute. «Ilusioz geunden berriz ateratzeko, eta oinarria jarri dugu bertako gazteekin», dio Aratz Mendizabal prestatzaile eta pilotari profesionalak.
Zozketan «zorte handirik ez» du izan Zaldibiak, txapelketan historikoetakoa den Azkoitia egokitu baitzaio, nahiz eta garai batetik maila apalagoan ibili. Gainera, Zaldibiako jubenil batek hankan min hartu zuen aurrez, eta beheko mailetakoak igota osatu behar izan ditu Mendizabalek hiru bikoteak. Kadeteetan Aimar Garmendiak (infantila) eta Aitor Elizegik jokatu zuten; jubeniletan Eneko Nazabalek eta Aritz Oriak (kadetea), eta helduetan Harri Zumaldek eta Alex Sukiak.
«Kadeteetan eta helduetan erraz galdu genuen, baina jubeniletan irabazi, eta horrek poztu gaitu. Gainera, bai kadeteak eta bai jubenilak lehen urtekoak dira, eta datorren urtean ere maila berean jokatu ahalko dute». Zaldibian ikusmina eta ilusioa zabaldu du Herriartekoak berriz.
Helduek eta kadeteek galduta eta kadeteek irabazita, 2 eta 1eko emaitza kontra dutela jokatuko dute itzulikoa zaldibiarrek, ostiralean 22:00etan, Azkoitian. Aurreko ostiralean Restin kadeteetan 22-4, jubeniletan 16-22, eta helduetan 22-5 izan ziren emaitzak.
Ataun, final zortzirenetan
Eskuz ariko den Goierriko beste herria, Ataun, final zortzirenetan hasiko da lehian, Azpeitiaren aurka. Maiatzaren 13an jokatuko luke Ataunek lehen partida, Auzoetan, oraindik data erabat zehaztu gabe dagoen arren. Itzulikoa, Azpeitian, astebete geroago izango da.
Ataundarren prestatzaile Eneko Imazek ere uste gabeko lesio bat dauka mutilen artean, pilotari batek lepauztaian min hartu duelako. Beheko mailetan ordezkorik ez dute, baina txapelketan hasten direnerako –bi aste barru– lesionatutakoa prest egoteko eta jokatzeko arazorik ez edukitzeko aurreikuspena dute.
Ataun «justu-justuan» ibili da taldea osatzeko, baina lortu dute, beste urte batez. «Gazteenak infantiletako bigarren urtekoak dira. Esan eta esan ari ziren, animatuta daude oso, eta probatzeko aukera izango dute. Horrelako herri txiki batentzat nik uste asko dela taldea osatzea, denak ere antzera dabiltza eta», dio Imazek.
Kadeteetako bikotea Iñigo eta Aitor infantilek osatuko dute. Jubeniletan Aimar Zaldua eta Ibai Arratibel ariko dira; helduetan Jon Arratibel, Eneko Albisu eta Iraitz, lehen biak titular.
Palako bi ordezkari goierritarrek ere maiatzaren 15eko eta 22ko asteburuetan dituzte partidak, final-laurdenetakoak. Ordiziak Oiartzuni egingo dio aurre, eta Olaberriak Errenteriari.













