Arriarango lehenbiziko mendi bizikleta zeharkaldian 70 bat txirrindulari irten dira, euripean
Loinatz txirrindulari elkarteak eta Arriarango Intxaurpe elkarteak antolatuta, gaur arratsaldean ari da jokatzen Arriaran auzoan (Beasain) I. Mendi Bizikleta Zeharkaldia. Helduak 16:00etan irten dira Arriarango pilotaleku paretik, euri zaparrada mardularen pean. Guztira 70 bat txirrindulari animatu dira zeharkaldia egitera.
Mendi bideetan barrena 27 kilometro luzeko ibilbidea dute, Arriaranen hasi eta buka. Ibilbideak gora-behera aipagarria du, 1.000 metroko desnibela guztira. Arriarandik irten eta Usurbe mendiaren magalerantz jo dute, Agortaraino. Jan-edan postua dute han. Murumendiren oinetik San Gregorio ermitaraino jarraituko dute, eta handik Mandubiako gainera (2. jan-edan postua). Azkenik Kizkitzara igoko dira, zuzenean Arriaranera jaisteko.
Ez da lehiaketa, mendi bizikletan antolatutako proba batean ibiltzeko aukera ematea baitu du helburu Arriarango I. Zeharkaldiak. Beraz, sailkapenik ere ez dute zehaztuko. Federatuek 6 euro ordaindu behar dute irteteko, gainontzekoek 15 euro (izena gaur bertan ematen dutenek 20 euro). Gehienez 200 txirrindulariren kopurua onartuko dute antolatzaileek. Parte hartu duten guztiei oroigarri bana emango diete.
Helduen proba 16:00etan abiatu eta berehala, haurrentzako promozioko ekitaldia egin dute. Adinez bi lasteketa bereizi dituzte, 1997tik 2002ra bitartean jaiotako neska-mutikoem artean. 700 metro luzeko zirkuitua prestatu dute haientzat, erabat laua. Arriarandik beherantz errepidetik joan, eta buelta pistatik. Haur gazteenek itzuli bat egin dute, larriagoek bi.