Ordiziako III. Raid zaldi proba jokatzen ari dira, goizean hasita
Lazkaomendiko Alarpe zalditegiak antolatuta, Ordiziako III. Raida ari dira egiten gaur, larunbata. Goizean hasi da zaldi proba, Oianguren parketik, 10:00etan. CEAP motako iraupen lasterketa da, eta 21na kilometroko bi itzuli egin beharko dituzte zaldiek eta zaldikoek. Albaitarien kontrola igaroko dute erdibidean eta bukaeran, zaldiaren osasun egoera eta gutxieneko baldintzak bete direla ziurtatzeko.
CEAP erako probetan ibilbidea gauzatzeko gutxieneko eta gehieneko denborak ere ezartzen dira. 21 kilometro luzeko itzulia egiteko 1:18:45 ordu da gutxieneko denbora, eta 2:06:00 ordu gehienezkoa.
Goizean 10:00etan atera dira hogeitaka zaldi eta zaldun Oiangurendik, Lazkaomendi alderantz. Olako Saroira joan-etorria egingo dute, bi aldiz. Kontrola 15:06an itxiko diete antolakuntzakoek.