Iñigo Peñagarikano (EAJ): “Alkate onena duen herriak ere, herritarrik gabe ez du aurrera joko”
Iñigo Peñagarikano Eitzagan jaio zen, Zumarragan, 1972an. Bi semeren aita da, ezkonduta dago eta ogibidez ingeniaria da. Zumarragako kulturgintzan lan asko egindakoa da, eta besteak beste, Antzinako Ama Txistulari elkarteko, Goiargi abesbatzako, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeko edota Secundino Esnaola musika eskolako kide izan da. Politikagintzan aritua da, EAJren izenean hainbat batzordetan parte hartu izan du, eta orain, «kideei zerrendetan joateko askotan eskatu eta gero, nire burua aurkezteko sasoia iritsi dela uste dut».
Zein da EAJk Goierrirako duen proiektua?
Herri guztiak elkarrekin lanean ipintzeko grina dugu, lidergo bat sortu behar da. Tolosan, Azkoitiaan eta Goierri beheko eragileekin egon gara, eta Goierri Garaian lidergo falta dagoela somatu dugu. Gure asmoa, bailarako indarrak batzea da, indar horrekin Goierrira gerturatzeko. Garbi daukagu Goierrirekin elkarlana bultzatzea dela bidea. Orain arte Goierrin funtzionatu duen eredua martxan jarri nahi dugu Goierri Garaian ere.
Zein da eredu hori?
Unibertsitatea dago, lantegiak eta enpresak daude, eta herrietan dauden baliabideekin uztartzen dute aurreko guztia.
Zumarragarako zuen proiektuaren ardatzak zeintzuk dira?
Egoera ekonomikoa dela eta, langabezia tasa altua dago Zumarragan. Gipuzkoako eta Euskal Herriko tasarik altuenetakoa da. Krisiak gogorrago eragin digu, eta zaila da aurre egitea daukagun egoerarekin. Goierrin etorkizun handiko enpresak daude, zentro teknologikoak eta unibertsitatea. Beste ehundura bat dute. Gure eredua, Goierria da. Esan daiteke, eredu hori Arrasatekoarekin oso lotuta dagoela.
Arrasateko eredua aipatu duzu. Ondo ezagutzen duzu zuk.
Bai. Han ikasi nuen ingeniaritza eta hango enpresa batean egiten dut lan. Etorkizuna etengabeko formakuntzan dago, kooperazioan eta guztion erantzunkizunean. Alkaterik onena duen herriak ere ez du aurrera egingo, herritarren partehartzerik gabe.
Eredu hori aintzat hartuta, zeintzuk dira Zumarragan ikusten dituzuen gabeziak?
Gurean, enpresek dituzten ezaugarriak direla eta, arazo handiagoak ditugu. Enpresa helduak dira gehienak, hau da, produzitzen dutenak ez du epe luzerako proiekziorik. Horren aurrean, gure proposamena da formakuntza sustatzea, eta unibertsitateen eta enpresen arteko elkarlana bultzatzea.
Eremu politikoan zein da zuen proiektuaren ardatza?
Kudeaketa eredua aldatzea. Gehiengo absolutua ez da batere onuragarria izan. Mikel Serranoren aro presidentzialistarekin amaitu nahi dugu, eta talde lanari ekin. Iritzi asko, adituak, arituak… Guztiak behar ditugu. Serranok erakundeen bitartez herrirako dirua lortu du, baina ez da hori gure eredua. Horrela ez da industria bultzatzen, erraztasunak eman dakizkieke une jakin batean, baina orain arteko ereduarekin ez dugu industria salbatuko. Guztion arteko elkarlanak baino ez gaitu salbatuko, ez Eusko Jaurlaritzatik datorren dirulaguntza batek. Nolanahi ere, guri kanpotik dirua lortzea zoragarria iruditzen zaigu, eta gu horretan ere arituko gara, baina ezin gara horretan bakarrik gelditu, hori ezin da garapenaren oinarri izan, garapena guztion artean eginiko lanak bermatuko duelako.
Zein izango litzateke zuen ekarpena politika egiteko moduan?
Umiltasun gabezia handia egon dela uste dugu. Zumarragan egin den guztia pertsona bakar batek egin duela dirudi, jende asko itzalean lanean arituta ere. Eta gu jende horri guztiari protagonismoa ematearen aldekoak gara. Esate baterako, Serranoren agintaldian elkarteek sortzen zutena murriztu dute eta alkateak pertsonalki antolatutako ekintzak sustatu dituzte; kirolaren eremuan eskandaluzkoa izan da.
Etxebizitzaren gaian, zer politika garatu nahi duzue?
Beste alderdiek alokairuaren apustua egin dute, eta gu poztu egin gara. Azken urteotan diru publikoarekin ondare pribatua sortu da, eta ez dugu uste bidezkoa denik. Pozik gaude guztiok ados gaudela dirudielako, arazoa finantziazioa izango da agian, adostasuna, ez; hori abiapuntu ona da. Gure kultura jabetzaren aldekoa da, hori aldatzea ez da erraza izango, baina hezkuntzaren bitartez egin daiteke.
Beasain-Durango errepidea, AHT, zein da azpiegiturei dagokienez duzuen irizpidea?
Beasain-Durangok onurak ekarriko dizkigu Eitzagako eta Leturiatako zirkulazioa gutxituko duelako. Errepide hori eraldatzeko garaia iritsiko da orduan, eta auzo horretako bizi-kalitatea hobetzeko aukera izango dugu. Errepide horren bulebarizazioa proposatzen dugu, hain zuzen. AHTari buruz, gure eskualderako aukera dela uste dugu. Hiru hiriburuak elkartuko ditu, eta iraultza bat izango da.
Eta Antioko proiektuari buruz, zer diozue?
Antiorako proiektua guretzat oinarrizkoa da, niretzako, bereziki. Han egiten denak Antio erabat alda dezake, eta nik eta beste askok uste dugu, Antio espiritualitatearen gotorlekua dela. Batzuk erlijioari lotua, beste batzuk naturari… bakoitzak bere erara. Bestalde, kalkuluak eginak dauzkagu, eta zentroaren mantenimendu kostuak, Zumarragako kultur aurrekontua erabat hipotekatuko luke etorkizunean. Gu, proiektua gelditzearen aldekoak gara. Antioko makroproiektuaren inguruan Bilduren posizionamendu faltak ere arduratuta gauzka.
Zaborren kudeaketak ere eman du zeresanik, zein izango da zuen eginbidea?
Aldundiak dioenarekin bat gatoz. Gauza asko egiten ari gara poliki-poliki. Nolanahi ere, gure kontsumo ohiturei erreparatzea komeni dela uste dugu. Oraindik dauden edukiontzi guztiak erabiltzen ez baditugu, nola hasiko gara metodo berritzaileagoekin? Edukiontzi marroia momentuz aski delakoan gaude, ez ginateke atez-ateko sistemarekin hasiko.
Gizarte arloan zeintzuk dira Zumarragarako dituzuen proposamen zehatzak?
Orokortasunetik urrunduta, belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko harremanak bultzatzeko asmoa daukagu, kultur taldeen bitartez. Etxebizitza tutelatuak nahi ditugu, behar dituztenentzat. Eitzagan, helduentzako zentro bat behar dela uste dugu, izan ere, Eitzaga atzeratuta geratu da azpiegiturei dagokienez.
Etorkinei zuzendutako politika berezirik egingo al duzue?
Ezin dugu ahaztu gu ere nonbaitetik etorritakoak garela. Gehiegikeriak moztu behar dira etalaguntzak bideratu. Etorkinak ez dira arazo bat, aukera dira.
Emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna bultzatuko al duzue?
Egiteko asko dago. Lan taldean gaiarekin lotutako aditua dugu, eta, bere gidaritzapean, egiteko asko badago ere, emakumeek eskaintzeko dutena xahutu ordez, hartzeko prest gaude. Indarkeriari dagokionez, lehentasuna izan behar du. Gure programatako lehenengo puntua dela esaten hasi beharko gara: indarkeria salatuko dugula, kontra egingo dugula.
Kulturaren eremua ezaguna zaizu, zer dago faltan? Eta soberan?
Azpiegitura onak daude Zumarragan, kudeaketa aldetik hobekuntzak egin daitezke, baina gure indarrak kultur taldeetan jarriko ditugu. Gizarteak une honetan behar dituen baloreak transmititzeko sekulako rola jokatu dezakete elkarteek.
Kulturatik euskarara. Zumarragako euskararen egoera ez da onena. Zer egin daiteke?
Lan asko dago egiteko. Norbera bere burutik hasi behar da, elkarlanera arte. Azken urteotan asko jaitsi da euskararen erabilera Zumarragako udaletxean.
Nola ikusten duzu egungo testuinguru politikoa?
Oso baikor nago. ETAren disoluzioa falta da. Guk egoera hau ez dugu inoiz ezagutu, beti bizi izan dugu berdina, eta gauzak aldatuko direla sinestuta nago. Euskal Herrirako garai berriak datoz.














