Arrate Garinek irabazi du emakumezkoetan sega ligaxkako lehen kanporaketa
Arrate Garinek irabazi du Euskal Herriko III. Bakarkako Sega Ligaxkako lehen kanporaketa, emakumezko helduen mailan. Legorretarrak 02:00,42ko denbora behar izan zuen lana bukatzeko. Bigarren, Alazne Etxaburuak egin zuen, 02:17,96ko denborarekin.
Bakarkako Sega Ligaxkako lehen jarduna joan den larunbatean jokatu zuten Beramendi herrian (Nafarroa). Gizonezkoetan helduen mailan 21 segalarik parte hartu zuten, eta gaztetxoen mailan hiru segalarik. Emakumezkoetan helduetan sei segalari aritu ziren nor ala nor eta gazteetan berriz, lau segalari.
Arrate Garinez gain, Aimar Garmendia zaldibiarrak ere irabazi zuen norgehiagoka gizonezkoetan, gaztetxoen mailan. Garmendiak 02:50,51ko denbora behar izan zuen bere saila mozteko. Aitor Intsausti zaldibiarra geratu zen bigarren, 02:54,93ko denborarekin.
Gizonezkoetan helduen kategorian hirugarren sailkatu zen Migel Mari Jauregi Altzo, eta Juan Mari Agirrezabala laugarren. Emakumezkoetan gazteen kategorian ez zegoen goierritarrik lehen hiru postuetan.
Hurrengo hitzordua
Ekainaren 5ean Azpeitian egingo dute Euskal Herriko III. Bakarkako Sega Ligaxkako bigarren kanporaketa. Norgehiagoka Ikasberri ikastolako belardian egingo dute, eguerdiko hamabietatik aurrera.