Igandean emakume bat bortxatu zutela salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko Kimetzek
Joan den igande gauean, bi gizonezko emakume bat bortxatzen saiatu ziren Ordizian. Sexu eraso horren aurrean, Kimetz Emakume Elkarteak elkarretaratzea deitu du. Gaur iluntzean elkartuko dira, plaza nagusian, erasoa salatu eta biktimari elkartasuna adierazteko. Kimetz elkartetik azaldu dutenez, «emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa onartezina da». Baina ez hori bakarrik, «ziur aski, emakumeok bizitzaren hainbat esparrutan dugun diskriminazioaren adierazpen larriena» ere badela uste dute. Hala, emakumeen kontrako indarkeria eta bazterkeria «egiturazkoak eta dimentsio anitzekoak» direla diote, eta horrekin bukatzeko, erakundeen eta herritarren inplikazioa eskatu dute. «Ezinbestekoa da erakunde publikoek zein gizarteak, bere osotasunean, gaiarekiko konpromiso garbia hartzea». Hori guztia dela eta, Kimetz elkarteak ordiziarrei dei egin die gaurko elkarrateratzean parte har dezaten; «herriko emakume batek jasan duen bortxaketa gaitzesteko eta emakumeari gure elkartasuna adierazteko». Kimetzen ustez, «ordiziarrok eman beharreko erantzunak inplikazio horren isla» izan behar du. Gaur, iluntzeko 20:00etan bilduko dira plaza nagusian. Gertakariak, igande gauean izan ziren. Hainbat iturrik zabaldu dutenez, 23:00ak aldera, bi gizonezkok emakume bati eraso egin eta bortxatzen saiatu ziren, Urdaneta kalean. Bizilagun batek oihuak entzun eta emakumea laguntzera jaitsi zen; ordurako, ihes egin zuten bi gizonezkoek. Gaitzespena eta elkartasuna Ordiziako Udaleko bozeramaleen batzordeak, igandeko gertakaria «irmoki salatu eta deitoratu» du eta ohar baten bidez elkartasuna [...]
Joan den igande gauean, bi gizonezko emakume bat bortxatzen saiatu ziren Ordizian. Sexu eraso horren aurrean, Kimetz Emakume Elkarteak elkarretaratzea deitu du. Gaur iluntzean elkartuko dira, plaza nagusian, erasoa salatu eta biktimari elkartasuna adierazteko.
Kimetz elkartetik azaldu dutenez, «emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa onartezina da». Baina ez hori bakarrik, «ziur aski, emakumeok bizitzaren hainbat esparrutan dugun diskriminazioaren adierazpen larriena» ere badela uste dute. Hala, emakumeen kontrako indarkeria eta bazterkeria «egiturazkoak eta dimentsio anitzekoak» direla diote, eta horrekin bukatzeko, erakundeen eta herritarren inplikazioa eskatu dute. «Ezinbestekoa da erakunde publikoek zein gizarteak, bere osotasunean, gaiarekiko konpromiso garbia hartzea».
Hori guztia dela eta, Kimetz elkarteak ordiziarrei dei egin die gaurko elkarrateratzean parte har dezaten; «herriko emakume batek jasan duen bortxaketa gaitzesteko eta emakumeari gure elkartasuna adierazteko».
Kimetzen ustez, «ordiziarrok eman beharreko erantzunak inplikazio horren isla» izan behar du. Gaur, iluntzeko 20:00etan bilduko dira plaza nagusian.
Gertakariak, igande gauean izan ziren. Hainbat iturrik zabaldu dutenez, 23:00ak aldera, bi gizonezkok emakume bati eraso egin eta bortxatzen saiatu ziren, Urdaneta kalean. Bizilagun batek oihuak entzun eta emakumea laguntzera jaitsi zen; ordurako, ihes egin zuten bi gizonezkoek.
Gaitzespena eta elkartasuna
Ordiziako Udaleko bozeramaleen batzordeak, igandeko gertakaria «irmoki salatu eta deitoratu» du eta ohar baten bidez elkartasuna agertu dio erasoa jasan duen emakumeari. Azkenik, herritarrei, Kimetz elkarteak gaurko deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die.
Ordiziako Bildu koalizioak ere bat egin du Kimetzen deialdiarekin. Bortxaketa jasan duen emakumeari «elkartasun osoa» adierazi diote eta «horrelako portaeren aurrean, gizarte gisa, behar bezalako erantzuna» eman behar dela diote.
Bilduk argi du «erakundeetatik ere erantzun irmoa» eman behar zaiela horrelako erasoei eta kasu hori aztertzen ari direla azaldu dute, «aurrerantzean udal gisa eman beharreko pausoetan ere irmotasun hori adieraz dadin».