Garagardoa, kirolaren eta autodeterminazioaren alde
BKL Beasaingo Kirolaren Lagunak elkarteak eta Nazioen Mundua herri ekimenak antolatutako garagardo festa bete-betean ari dira ospatzen Beasaingo plazapean. 18:00etan zabaldu ditu ateak azokak gaur arratsaldean, eta 01:00ak arte hainbat garagardo mota eta horrelakoetan prestatu ohi diren jakiak dastatzeko aukera izango da. Legazpiko batukada ari da une honetan ingurua alaitzen, baina batzuk dagoeneko hartuak dituzte mahaiak gauean lekurik gabe gera daitezen. Izan ere, Bartzelonaren eta Manchester Uniteden arteko Txapeldunen Ligako finalak ikusteko lau telebista handi jarri dituzte antolatzaileek.
Garagardo festak 30 garagardo mota ezberdin dasta daitezke: Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Herbehereak eta Txekiakoa, eta baita Galiziakoa eta Euskal Herrikoa ere. Alkoholik gabekoa eta alkohol tasa baxukoa ere dastagai daude. Iaz ez zuten antolatu azoka, eta aurtengo berriz ere martxan jarrita, jendeak «ilusio handia» duela adierazi du Iban Conde antolatzaileak: «Ordizian egingo duten Bardulos motorzaleen festarekin ere bat egin nahi dugu, ea bertaratzen den baten bat ere Beasainera, eta alderantziz». Gaur Beasainera hurbiltzen ez denak, bihar izango horretarako aukera.
Nazioen Mundua ekimena ere antolakuntzan sartu da aurten, eta uztailaren 2an Larraitzen egingo duten festa iragartzeko ere baliatu dute garagardo festa; Autodeterminazioa. Gero eta argiago goiburua jarri diote uztailaren lehenengo larunbatean Larraitzen egingo duten festari.














