Erabakitze eskubidearen aldeko festan bi mila lagunek mosaiko erraldoia egingo dute uztailaren 2an Larraitzen
Autodeterminazioa: Gero eta argiago leloarekin, bi mila lagunek giza-mosaiko erraldoia osatuko dute uztailaren 2an, larunbata, Larraizko zelaietan (Abaltzisketa, Gipuzkoa). Nazioen Mundua ekimenak antolatu du jaialdia, erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua duela urtebete leku berean zabaldu zuen toki berean. Gaur eguerdian aurkeztu dute ekitaldia, Larraitzen bertan.
http://youtu.be/7pxnLzzjyOU
Uztailaren 2an goizeko 10:30ean hasiko da jaialdia, eta iaz Almitza elkarteak “Nazioen mundua” esaldia belarretan ebaki zuen belardian osatuko dute mosaikoa. Bi mila lagun biltzeko “erronka” hartu du Nazioen Munduak. Pertsona talde handi horrek hainbat irudi osatuko ditu, koordinatuta eta mezuak irudikatzeko.
“Herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen eta gizarteratzen urteak daramatza ekimenak. Erronka koloretsu berria prestatu dugu oraingoan uztailaren lehen larunbaterako: bi mila lagunek osatutako mosaiko erraldoiarekin Txindokiren magaletik Euskal Herri guztira eta mundura aldarrikatuko dugu autodeterminazio eskubidea”, azaldu dute gaur, Larraitzen, Goierriko gizarteko hogei bat norbanakok.
Mosaikoak hainbat forma hartuko ditu, eta denetan autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko da. “Gutxienez bi mila lagun” elkartu nahi dituzte, eta goierritarrei nahiz euskal herritarrei dei egin die parte har dezaten “aldarrikapen koloretsua eraikitzen”.
Mosaiko erraldoiarekin “Txindokipean sekula ikusi den irudi bitxiena” osatu ondoren jaialdiak segi egingo du. Taberna egongo da, pintxoak eta edaria, baita musika ere. 14:30ean herri bazkaria izango da Abaltzisketako pilotalekuan. Txartelak dagoeneko eros daitezke, Goierriko tabernetan eta saltokietan. Bazkalondoren txaranga, bertsolariak eta jai giroko osagaiak izango dira.
Ekainaren 29an, asteazkena, entsegua egingo dute, 18:00etan, eta uztailaren 2ko mosaikoan parte hartu nahi dutenei joateko eskatu diete.
Gaurko aurkezpen ekitaldian gizarteko arlo askotako pertsonaiak izan dira: Xabier Mendiguren Elizegi idazlea, Aitor Furundarena musikaria, Belen Maiza irakaslea eta politikaria, Elias Arrese politikaria, Iker Markinez sukaldaria, Marije Intxausti nekazaria eta Joxemari Barandiaran bertsozalea, besteak beste. Nazioen Munduko Anjel Oiarbide, Ander Arrese, Eider Alustiza, Dani Oiarbide, Aloña Galarraga, Garazi Otegi, Leire Barandiaran, Iñaki Aranburu nahiz Oskar Soto ere han ziren, jende gehiagorekin batera.
Aurkezpena spot-a grabatzeko baliatu dute. Datorren astean zabalduko dute, uztailaren 2ko mosaiko erraldoiaren jaialdirako deia egiteko. Interneten, hala ere, gizataldearen irudien aurrerapena ikus daiteke: