Goierriko bi segalari sailkatu dira Europako txapelketa jokatzeko
Zaldibiako Almitza segalari elkarteak antolatu duen Euskal Herriko III. Bakarkako Sega Ligaxkak eman du berean, herenegun Baliarrainen hirugarren eta azken jardunaldia jokatuta. Abuztuan Eslovenian den Europako Sega Txapelketarako Euskal Herriko ordezk...
Zaldibiako Almitza segalari elkarteak antolatu duen Euskal Herriko III. Bakarkako Sega Ligaxkak eman du berean, herenegun Baliarrainen hirugarren eta azken jardunaldia jokatuta. Abuztuan Eslovenian den Europako Sega Txapelketarako Euskal Herriko ordezkaritza zehaztuta geratu da, horrenbestez. Euskal selekzioan bi goierritar joango dira, Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra (30 urtetik gorako gizonezkoetan ariko da), eta Arrate Garin legorretarra (30 urtetik gorako emakumezkoetan).
Baliarraingo lanari aurretik Beramendin (Nafarroa) eta Azpeitian (Gipuzkoa) jokatutako denborak batu dizkiete. Hala, sailkapen orokorrean Joxe Gabirondo, Bixente Mitxelena eta Altzo geratu dira lehen postuetan, eta hirurek dute 30 urtetik gorakoen txartel bana. Emakumezkoetan Arrate Garinek irabazi ditu hiru probak, eta zalantza izpirik utzi gabe eskuratu du Esloveniarako txartel bakarra 30etik gorakoetan. Gaztetxoetan (13-16 urte) Aimar Garmendia zaldibiarra izan da orokorrean onena.
30 urtetik beherakoetan hauek sailkatu dira: Andoni Egia, Joseba Agirrezabala, Garikoitz Etxeberria, Unai Iraola eta Arkaitz Arteaga mutiletan, eta Naroa Geresta, Irati Astondoa, Garazi Ezeiza eta Ainhoa Galarraga nesketan.
Euskal selekzioa hamabost kidek osatuko dute. Hamahiru txartel izendatuta daude, eta falta diren bi lekuak zehaztu gabe daude oraingoz.