Jubilatuek ibilaldi neurtua egingo dute larunbatean Arriarango urtegira
Beasaingo jubilatu elkarteak eta udalak antolatuta, jubilatuentzako ibilaldi neurtua egingo dute larunbatean Beasainen. Urbialde plazatik irten eta Arriarango urtegira joan beharko dute parte hartzaileek, handik berriro ere Urbialde plazara jaisteko. ...
Beasaingo jubilatu elkarteak eta udalak antolatuta, jubilatuentzako ibilaldi neurtua egingo dute larunbatean Beasainen. Urbialde plazatik irten eta Arriarango urtegira joan beharko dute parte hartzaileek, handik berriro ere Urbialde plazara jaisteko.
Ibilaldian Goierriko jubilatu guztiek parte hartu ahalko dute. Horretarako ordea, izena eman beharko dute aurrez. Izena Beasaingo jubilatuen elkartean eman behar da, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Izena emateko azken eguna bihar izango da.
Parte hartzaileak Urbialde plazan egon beharko dute larunbatean 08:30erako, eta antolatzaileen kalkuluen arabera, ibilbidea egiten gutxi gora-behera hiru ordu eta erdi beharko dituzte.
Erregulartasuna sarituko da
Larunbatekoa ibilaldi neurtua izanik, eta ez lehiaketa, «erregulartasuna izan beharko da parte hartzaileek lortu behar duten helburua, ez bizkortasuna», antolatzaileek jakinarazi dutenez. Ibilaldia «patruila sistema bidez» egingo dela ere esan dute, eta «gutxienez bi eta gehienez lau mendizalez osatuta» egon beharko dutela. Talde bakoitzari parte-hartze txartel bana emango zaio, eta kontrol gune guztietan erakutsi beharko dute.
Ibilbidearen erdian, Arriarango pilotalekuan, ordu erdiko atsedena egin beharko dute parte hartzaileek, eta bertan, golsaltzeko aukera ere izango dute. Ordu erdiko geldialdia derrigorrezkoa izango da, eta denbora igaro arte ezingo dute berriz ibiltzen hasi.