Zerainen zinegotzia izango du PPk, boto bakar batekin
PP alderdiak boto bakar batekin ordezkaritza izango du Zeraingo (Gipuzkoa) Udalean. EAEko Justizia Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu Zeraingo Herri Kandidaturak (ZHK) aurkeztutako helegitea, eta akats informatikoa izan zela aitortu arren, PPri eman dio Zeraingo Udalean dauden bost ordezkaritzetatik bat.
Berria.info-
Xabier Dorronsoro ZHKko ordezkariak azaldu zuenez, Jose Mari Telleria kandidaturako hautagaiak 93 boto jaso zituen maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Akats informatiko bat dela eta, emaitzak hauteskunde batzordera bidaltzerakoan botorik ez zuela jaso agertu zen Hauteskunde Batzordearen ordenagailuan. Hauteskunde batzordean ez zituzten botoak jasotzen dituzten gutunak zabaldu eta balekotzat eman zituzten ordenagailuko emaitzak.
Akatsa izan zela aitortu du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak, baina ZHK inor ez zela bertan izan aurpegiratu dio. Dorronsorok argudiatu du emaitzetan aldea horrenbestekoa izanik ez zutela beharrekotzat jo. Gainera, hutsegitearen berri maiatzaren 27an izan zutela azaldu du.
Uztailaren 2an osatuko da Zeraingo udalbatza. Rafael Bena PPko hautagaia zinegotzi izango da.