Konstituzionalera jotzea erabaki dute zeraindarrek herri batzarrean
Hauteskundeen ondoren Zerainen dagozen zurrinbiloari irtenbidea ematen saiatzeko, Auzitegi Konstituzionalera jotzea erabaki dute herritarrek. Astelehenean Auzitegi Gorenak hauteskundetako emaitzekin gertatutakoa akatsa zela onartu arren, PP alderdiari ...
Hauteskundeen ondoren Zerainen dagozen zurrinbiloari irtenbidea ematen saiatzeko, Auzitegi Konstituzionalera jotzea erabaki dute herritarrek. Astelehenean Auzitegi Gorenak hauteskundetako emaitzekin gertatutakoa akatsa zela onartu arren, PP alderdiari zinegotzia dagokiola esan zuen, eta zeraindarrek herri batzarra egin zuten zein neurri hartu erabakitzeko.
Ehun herritar inguru elkartu ziren udaletxe aurreko plazatxoan, Zeraingo Udalean jardunean dagoen alkateari eta zinegotziei babesa adierazteko, beraien laguntza eskaintzeko eta «herriarentzat hoberena izango den erabakia elkarrekin hartzeko». Udala osatzen duten herritarrek bilera egin behar zuten, eta momentu batetik bestera, deialdi formalik egin gabe, herritarrek ere bilera horretan parte hartzea erabaki zuten.
Jose Manuel Oria jarduneko alkateak azaldu duenez, bilera horretan erabaki zuten Konstituzionalera jotzea, «ezinbestekoa delako gure esku dauden bide guztiak agortzen saiatzea». Zeraingo Herri Kandidaturak ostiralera arteko epea du Konstituzionalean errekurtsoa jartzeko.
Karguari uko egitea aztertzen
Zeraindarrek zein neurri hartu erabakitzen zuten bitartean, PPko Gipuzkoako zuzendaritza Zerainen lortutako zinegotzi karguari nola uko egin aztertzen ari da. Popularrek ez dagokien zinegotzirik ez dutela nahi esan du Borja Semper Gipuzkoako PPko lehendakariak, eta aktak transkribitzerakoan egondako akatsa baten ondorioz lortutako zinegotzirik izateko ez daudela prest gaineratu du.
Arazo honen aurrean, popularrek erakutsi duten jarrera «eskertzekoa» dela esan dute zeraindarrek.