
Uda garaian kirola egitea sustatzeko kanpaina abiarazi du aurten ere Urretxuko Udalak. Urte batzuk badira zerbitzu hau eskaintzen hasi zirenetik, eta oro har, kanpaina 5 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.
Oporraldiak eta aisialdi denbora kirola egitera ere bideratzea da kanpainaren helburua. Gazteei bereziki zuzenduta dagoen eskaintza bada ere, adin guztietako herritarrentzako ekintzak jasotzen ditu udako kirol egitarauak. Uda 11 programako kirol zerbitzuak pasa den ekainaren 27an hasi ziren eskaintzen eta uztailaren 22ra bitartean luzatuko dira. Ikastaro gehienek hiru asteko iraupena izango dute, baina badira ere 15 egunekoak.
Haurrentzako eta gazteentzako kirol desberdinak eskaintzen dituzte: tenisa, mendi bizikletak, freesbeea, badmintona… Ikastaro moduan kirola egiteko aukera emango dute hauek. Ekintza gehiago ere jaso dituzte eskaintzan: irristaketa, aerobik gaztea, gaztezikloa, gimnasia erritmikoa, pilota eta umeentzako yoga. Helduentzako eskaintzak aldiz, bestelako ikastaroak jasotzen ditu. Mantentze gimnasia, yoga, zikloindorra, pilatesa, aerobika, ziklopowerra eta power+gap helduen eskura jarri dituzten aukeretako batzuk dira.
Ordutegien eta prezioen gaineko informazioa Aldiri kiroldegian lor daiteke eta ikastaroetan izena emateko interesa dutenek ere kiroldegira joan beharko dute. Argibide gehiago 943038092 telefonoan eskura daitezke.
Honekin batera, Urretxuko udal igerilekuak irailaren 11ra arte izango ditu ateak zabalik. Aurten 50, 100 eta 150 euroko kostua du abonua eskuratzeak, igerilekura sartzeko kiroldegiko abonu txartela egin behar baita. Abonu honekin abendura arte kiroldegiko gimnasia gelara edota saunara ere sartzeko eskubidea izango du jabeak. Bestelakoan, 4,5 eta 2,5 euroko kostua dute igerilekuko sarrerek, helduen eta gaztetxoen kasuan, hurrenez hurren.