Aniztasuna Larraizko irudi bateratuan
Nazioen Munduak aurretik iragarri zuen berebiziko garrantzia zuela larunbatean Larraitzen egin zuten Autodeterminazioa: gero eta argiago ekimena ondo ateratzeak. Eduki zuen erantzunarekin, aniztasunarekin eta partaidetzarekin —1.300 bat pertsona— helburua betetzat eman dute: erabakitze eskubidearen aldeko aldarria gizartearen luze-zabalera hedatzea, eta herritar xeheek mezua bere egitea. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen pertsona-taldeekin autodeterminazioaren aldeko irudi handiak zelaian osatzeko ideia gorpuzteak, zapatu goizean. Goierritarrak ziren gehienak, baita Tolosaldetik, Arrasate aldetik nahiz Ipar Euskal Herritik etorritako koadrilak eta lagunak ere. Milatik gora asko bertaratu zen mosaiko erraldoia osatzeko aletxoa jartzera. «Jende ezezaguna» nahi zuten antolatzaileek, norbanako anonimoak, eta egin nahi zituzten ikur, mezu eta irudi guztiak gauzatzea lortu zuten, kartulina koloredunak erabilita. Hogei edo hogeita hamar laguneko taldeetan bereizi zituzten herritarrak, baikoitzaren gidari artzain bana hartuta eta egitekoa zehaztuta. Urko Ruiz de Apodakak egin zituen speaker lanak, goiza girotuz eta mugimenduak koordinatzeko aginduak emanez. Hiru urratsetan mezu bakarra Zerutik urrutitik ikus zitekeen lehenengo irudiak Euskal Herriko mapa, goian Autodeterminazioa hitza letra larriz, eta gutunazal bat izan ziren. Behin hiru osagaiak zelaian zirela, eta ekimenari dinamismo berritzailea emanez, gutunazala maparen gainaldera mugitu zen; bien bitartean, mapa hautesontzi bihurtu zen, ehunka lagunen pausaje zehatzekin. Gutunazala (botoa) ontziaren barruan sartzearekin batera Selfdetermination ingelesezko hitz bilakatu [...]
Nazioen Munduak aurretik iragarri zuen berebiziko garrantzia zuela larunbatean Larraitzen egin zuten Autodeterminazioa: gero eta argiago ekimena ondo ateratzeak. Eduki zuen erantzunarekin, aniztasunarekin eta partaidetzarekin —1.300 bat pertsona— helburua betetzat eman dute: erabakitze eskubidearen aldeko aldarria gizartearen luze-zabalera hedatzea, eta herritar xeheek mezua bere egitea.
Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen pertsona-taldeekin autodeterminazioaren aldeko irudi handiak zelaian osatzeko ideia gorpuzteak, zapatu goizean. Goierritarrak ziren gehienak, baita Tolosaldetik, Arrasate aldetik nahiz Ipar Euskal Herritik etorritako koadrilak eta lagunak ere.
Milatik gora asko bertaratu zen mosaiko erraldoia osatzeko aletxoa jartzera. «Jende ezezaguna» nahi zuten antolatzaileek, norbanako anonimoak, eta egin nahi zituzten ikur, mezu eta irudi guztiak gauzatzea lortu zuten, kartulina koloredunak erabilita.
Hogei edo hogeita hamar laguneko taldeetan bereizi zituzten herritarrak, baikoitzaren gidari artzain bana hartuta eta egitekoa zehaztuta. Urko Ruiz de Apodakak egin zituen speaker lanak, goiza girotuz eta mugimenduak koordinatzeko aginduak emanez.
Hiru urratsetan mezu bakarra
Zerutik urrutitik ikus zitekeen lehenengo irudiak Euskal Herriko mapa, goian Autodeterminazioa hitza letra larriz, eta gutunazal bat izan ziren. Behin hiru osagaiak zelaian zirela, eta ekimenari dinamismo berritzailea emanez, gutunazala maparen gainaldera mugitu zen; bien bitartean, mapa hautesontzi bihurtu zen, ehunka lagunen pausaje zehatzekin. Gutunazala (botoa) ontziaren barruan sartzearekin batera Selfdetermination ingelesezko hitz bilakatu zen goialdeko Autodeterminazioa. Azken eraldaketa hautesontzi barruko gutunazalari eman zioten, Euskal Herriko mapa —hasierakoa bainao txikiagoa tamainaz— bihurtu baitzen.
«Irudia dinamikoa izatea nahi genuen, mugimendukoa, eta nahiko txukun atera zen. Oso gustura gaude jendearen lanarekin», zioen atzo Nazioen Munduko Ander Arresek.
Irudiak altueratik hartzeko eta dinamikotasuna jasotzeko argazkiak eta bideoa filmatu dituzte. Txindokitik parapentean jauzi egin zuen Joxe Ramon Agirre Marron mendizaleak, eta metro askoko garaieratik jaso zuen Goierrin lehenbiziko aldiz gauzatu den ekimenaren testigantza grafikoa. Aldi berean, zelaiaren behealdeko errepidean kokatutako garabi handi baten muturretik, lurretik 80 bat metrora, beste kamera batek jaso zuen zikloa.
Erantzunarekin oso gustura
Nazioen Munduak esan du, erabakitze eskubidearen aldarrikapenaren mezua eta gidaritza herritarrek har dezaten lortzeko «aurrerapausoa» izan dela ekitaldia. «Desberdintasun nabarmen» bat izan duela argitu dute: «Besteetan ordezkariekin, eredu edo ispilu direnekin egin ditugu ekimenak, jendea motibatzeko. Igartza, Miramar, eta azkenekoa Itsasondoko sinadura dira adibide. Alderdi politikoak, kirolariak, bertsolariak edo idazleak bateratu ditugu, eta zergatik ez herritarrak ere bateratu?», dio Arresek.
Itsasondon apirilaren 18an «mugarri garrantzitsua» ezarri zen, Goierri beheko 18 udalek autodeterminazioaren aldeko agiria sinatu zutenean. «Ikusi genuen ordezkariak ados nola jarri ziren, eta orain Larraizko pauso hau herritarrentzat izatea nahi genuen, hurrengo pausoa. Herritar xumeek ere urrats hori egitea nahi genuen, haiek ere ‘guk ere bai’ esatea. Guretzat horrek garrantzia berezia du, eta jendeak erantzun zion deialdiari. Oso gustura gaude emaitzarekin».
Bestetik, Jon Maia bertsolaria grabatzen ari den Euskal Herriari buruzko dokumentalak izenburutzat Gazta zati bat izango duela jakin zen Larraitzen. Irudiak hartu zituzten lan horretarako.