Garai bateko lanabes eta trasteen museotxoa Seguran
Rafael Berasategiren altxorra ikusgai

Azoka txiki bat
Garai batean Seguran izaten ziren azoketan oinarrituta antolatu du Berastategik erakustokia. Aurreko mendearen hasieran, hiru azoka oso garrantzitsu izaten ziren: Sanbizentetan, Santotomasetan eta Santiagotan. “Seguran jauntxo asko bizi zen eta beraiek behar zutena erosteko edo zenbait gauza saltzeko, jendea erakarri behar zuten inguruko herrietatik. Ordiziako peria baino garrantzitsuagoak zirela esaten da. Santiagotan guk ezagutu ditugu, Sanjoanak bezalako festak. Denborarekin galtzen joan dira” dio Berasategik. Hori jakinda zera pentsatu zuen Rafaelek: “Seguran azoka egiten zen eta zer salduko zuten? Hemen, erakustokian zeuden trasteak: etxeko sukaldeko treneria, linoa ere bai (esaten da linoaren salmenta garrantzitsua zela, hemengo jauntxoentzako tela bereziak eginda ekartzen baitzituzten), arotzeriako lanabesak, baserriko lanabesak, ate zerrailak…” Horiek denak bilduta zituenez; garai hartan erabiltzen zen eta azokatan saltzen zen tresneria, jendearentzat ikusgai jartzea erabaki zuen. Hala ere, horiekin zerikusirik ez daukaten beste hainbat gauza ere badira Erraztiolatzan. Museo txikian barneratu gara.
Erraztiolatza
Erraztiolatza izena berreskuratu eta omendu nahi izan du Rafael Berasategik bere erakustokiarekin. Segura herriaren aurreko izena da Erraztiolatza. “Gizarteratu egin nahi dut garai bateko herriaren izena. Ona izan da. Jende askok bazekien, Segura aurretik hemen bazegoela beste herri bat. Zaharrenek bazekiten Erraztiolatza izena zuela”.
Rafael Berasategik duela 10 bat urte izan zuen Erraztiolatza izenaren berri. “Joseba Intxaustik Segurari buruz liburu bat idatzi zuen. Erraztiolatza izena orduan azaldu zen. Bi pasadizo agertu ziren: San Adrian de Erraztiolatzako pasadizo bat. Garai batean, Elizaren izena agertzeko Elizaren izena, santu bat eta izen bat agertu behar izaten ziren. Izen hori, herria omen zen. Beste pasadizo bat: Segura gaurko egunean ezagutzen dugun bezala, 30 bat urtera azaltzen da dokumentu bat, herritarrak elkartu zirela eta hermandade edo kofradia bat egiteko. Erraztiolatza izeneko kofradia egin zuten. Horrek esan nahi du oraindik mantentzen zutela herriaren nortasuna, nortasun hori mantendu nahi zutela adierazten du. Egia da gerra irabazten duenak idazten duela historia, bere aldera. Garai batean hau Nafarroa zen (Nafarroako sinbologia jarri du etxeko balkoian), gaur Gipuzkoa den bezala. Nafarroari lapurtutako lurrak defenditzeko irekitako gune militar bat izan zen Segura. Gero jendea etorriko zen baina gune militarra izan zen Segura, Agurain, Ordizi, Tolosa eta Hernani izan ziren bezala. Segura 1256. urtean sortu zela esaten da, ezagutzen dugun herri hau bezala. Baina hemen jendea bizi zen. Aranzadik, duela 6-7 urte, Txuloneko indusketak egiten aritu ziren eta ehun urte lehenago aztarnak aurkitu zituzten. Aurretik ere jendea bizi zen. Segura izena dauka orain baina aurretik ere bizi zen jendea. Segura izenarekin aurreko guztia suntsituta gelditu zen, inongo arrastorik utzi gabe”, argitu du segurarrak.
Larunbatetan irekita
Martxotik abendura egoten da irekita Erraztiolatza. Larunbat goizetan, 10:00etatik 13:00etara. Aste Santuan, Iparra-Hegoan, Sanjoanetan eta Lore Azokan ere irekitzen du Berasategik.
Informazio gehiago webgunean: erraztiolatza.net
Ehungintza

Ehuleen ehun asko Seguran lortutakoak dira, lihoa egiteko trasteak ere bai, urte askotan geldi egon direnak.
Lihoaren edo linuaren prozesua ikusteko aukera ere badago Erraztiolatza, argazki errealekin lagunduta.
Zerrailak

Ate giltzak ikusgarriak dira. “Segurako ateetan egondakoak dira gehienak. Denek funtzionatzen dute”.
Girgiluak
Girgilu sorta ederra dauka Rafael Berasategik. “Udaletxe zaharraren azpian, kartzela zegoen eta hango girgiluak dira. Kaja batean zeuden. Nik jaso ez banitu, botata egongo ziren. Zerainen dagoen dokumentazioaren arabera, Toledon egindakoak ziren Zerainen zeuden girgiluak. Pentsatzen dut handik ekarriko zirela Segurara ere, Gaztelaren menpe zegoelako”.
Zepoak

Goierriko azken hartza
Hartzak harrapatzeko bi zepo daude erakusketan. Bat hemen bertakoa eta bestea Errumaniakoa. Zepoarekin batera, dokumentu berezi bat ere badu. Honela dio: 1708ko irailaren 29an Zegamako Udalak Juan Martinez de Arostegiri ordaindu zizkion 15 erreal (reales de vellón) Zegamako mendietan hartza hiltzeagatik eta ondoren jendaurrean erakutsi zuen.
Arotzak

Sukaldeko tresnak
Zeramika
Lihoaren prozesua
Gariaren prozesua

Iltzeak

Fosilak

Segura koadroan
Altxor txiki ugari ditu Berasategik eta horietako bat, Seguraren margoa da. “1808an, Espainiako Gerran, Napoleonen tropak pasatu zirenean, berarekin pasatutako apaiz batek egindako margoa izan behar du. Herriko jendeak ez zeukan koadro honen arrastorik”. Berasategik berak ere ez, baina Zumalakarregi museoaren bitartez lortu du.