Patxi Zubizarreta, ordiziar idazlea
“Agirietan lanbidea eskatzen didatenean, beti pentsatzen dut ‘Irakurle’ jarri beharko nukeela”
Lehorrekook, menditarrok, urruti samar izan dugu itsasoa. Gogoan dut, garai batean, Ataungo neskatila bat Ordiziako perira bidean, Oria ibaia ikusi eta itsasoa iruditu zitzaiola… Euskal literaturan, bitxia bada ere, itsasoa oso gutxitan agertu izan da: Ignacio Aldecoa gasteiztarrak arrantzale istorioak bikain idatzi zituen, eta hara non orain ni ere balezaleei buruzko ipuin batekin ausartu naizen… Batzuetan, Gasteizen, ekaitz giroak kresal usaina ekartzen duela iruditzen zait.
Zergatik idazten dituzu haur eta gazteentzat liburuak?
Gure belaunaldiko askok, arrazoi ugari medio, euskara galdu edo ahaztu genuen. Euskara nireganatzeko ahaleginean, haur literaturak asko lagundu zidan: erraz ulertzen da, laburra da, marrazkiek atseginago egiten dute… Kantuek bezalaxe.
Nondik hartzen dituzu ideiak?
Edozein tokitatik. Ataungo neskatila haren pasadizotik, ingurukoen kontuetatik, egunkarietatik… Baina batzuetan, ideiarik gabe egoten naiz, naufragoa bezala.
Zure inguruko errealitatearekin ba al daukate zerikusirik zure istorioek eta pertsonaiek?
Bai, noski. Nire liburuetan Larrañeta herria agertzen baldin bada, kontu egin hori Ordizia dela. 1948ko uda, Emakume sugearen misterioa, Barrikadak… gazte eta nagusientzako lan horiek nire jatorrian oinarritu ditut.
Zein da sortu duzun pertsonaiarik gustukoena?
Matias Ploff mutiko potoloa oso maite dut. Beasainen ikasi nuen, La Salle-n, eta horko gimnasia gorabeherak-eta ageri dira (aurten egon naiz, lehenengo aldiz, bertan, 34 urteren buruan… oso hunkigarria izan zen). Baina Usoa neskatila afrikarra ere maitagarria zait, edo azken liburuko Ismael, bukaeran izugarri harrituko gaituena… Denak dira, nola edo hala, nire seme-alabak.
Eta besteek sortu dutenetik?
Pinotxo, Sinbad, Altxor uharte-ko Jim Hawkins… Asko eta asko. Kontu egin idazlea batez ere irakurlea dela.
Irakurzalea ere ba zara beraz?
Oraintxe esan dizut. Agirietan lanbidea eskatzen didatenean, beti pentsatzen dut ‘Irakurle’ jarri beharko nukeela.
Irakurtzea ala idaztea gustatzen zaizu gehiago?
Sortzea txokolatezko izozki edo tarta bat jatea bezalakoxea da. Baina irakurtzea lehen eta bigarren platerek osatzen dute, hori da behar-beharrezkoena.
Liburuek zer ematen dute?
Jende askok uste du aspergarriak direla, jasanezinak. Eta batzuk-batzuk badira. Baina niri bizipoza ematen didate, bidaiatzeko bidea, protagonista askoren larruan sartzeko aukera…
Irakurtzea gustatzen ez zaion bati, irakurzaletzeko zein liburu gomendatuko zenioke?
Daniel Pennac-en Otsoaren begia, gaztetxoentzat; Joxe Arratibel ataundar maitagarriaren Kontu zaharrak, baita txikiagoentzat ere: uste dut liburu hori gu denon etxeetan egon beharko litzatekeela; eta, atrebentziarekin, Joxek berak ‘Txomin Ipurdi’ ipuina kontatzen duen Urrezko giltza liburu-diskoa: hor ahalegin handia egin genuen gure tradizio aberatsa sartzeko eta gozagarri egiteko. Ahaztu gabe, Joxantonio Ormazabalen liburuak!
Goerrin Piriniozale asko dagoenez, Julio Llamazaresen La lluvia amarilla (Biescas inguruan, Ainielle herrixka abandonatuari buruzkoa). Baina urrutira joan gabe, Jon Arano, Xabier Mendiguren, Koldo Zubeldia edo Tere Irastortza goierritarren liburuak. Froga egin, aholkua eskatu, baietz zure gustuko liburua topatu!
Zaletasun bat:
Zinema, antzerkia, lagunarte ederreko ogitartekoa… (Alotzan hankautsik ibiltzea…).
Eskolan zein gai gustatzen zitzaizun gehiena?
Gizarte, ‘dudipe’.
Eta gutxiena?
Gimnasia, hori ere, ‘dudipe’. Kontu egin mutiko potoloa nintzela, eta Usurbe aldera bidaltzen gintuztela, korrika…
Txikitan gustukoen zenuen jostailua?
Cinexin tramankulua, txuri-beltzeko pelikulak nola edo hala ikusteko.
Eta jolasa?
Pote-poteka, ezkutaketa… Gu kalean bizi ginen.
Txikitan gehiena gustatzen zitzaizun janaria?
Lau hitzetan esateko: Txo-ko-la-tea…
Eta gutxiena?
Hitz bakar batean esateko: barazkiak (gaur egun izugarri estimatzen ditudanak).