Ordiziako familien erdiek eskatu dute jada edukiontzi marroiaren giltza
Sasieta Mankomunitateak duela hilabete hasi zuen herrian edukiontzi marroia jartzeko kanpaina. Epe horretan, Ordiziako familien erdiek bat egin dute ekimenarekin. Guztira, 1.700 eskaera jaso dituzte. Emaitza horiek «oso onak» direla azaldu du Enrike Enparantza Sasieta Mankomunitateko teknikariak. Hala ere, ahalik eta jenderik gehienak bat egin dezan, aste osoan izango da izena emateko aukera, herriko plazan. Orain arte edukiontzi marroia jarri duten beste herriekin alderatuta, Ordizian «emaitza hobeak» izan dituztela dio Enparantzak. Izan ere, Beasain eta Lazkao bezalako herrietan, herritarren partehartzea %45 eta %48 artekoa izan da. Ordizian berriz, aurreneko deialdian %50era iristea lortu dute. Enparantzaren arabera, sistemaren berri izateak ere eragina izan du harrera on horretan. «Jendeak bazekien beste herrietan sistema hau martxan zegoela, eta Ordiziara noiz iritsiko zain zeudela esan digute askok». Herritarren aldetik izan duten harrerarekin «oso gustura» daudela esan du, eta datozen egunetan jende gehiagok ere izena ematea espero dutela. Aste honetan jarriko duten informazio mahaiarekin, beste 300 bat familiak izena ematea espero dute. «Beste herrietan izandako datuak ikusita, kopuru horietan ibiltzea espero dugu, baina baliteke hortik gora gelditzea ere». Materia organikoa biltzeko sistema, joan den astetik dago martxan, baina emaitzak ikusteko «oraindik oso goiz» dela azaldu du Enparantzak. «Uztailean eta abuztuan, gainera, zabor kopuruak behera egiten [...]
Sasieta Mankomunitateak duela hilabete hasi zuen herrian edukiontzi marroia jartzeko kanpaina. Epe horretan, Ordiziako familien erdiek bat egin dute ekimenarekin. Guztira, 1.700 eskaera jaso dituzte. Emaitza horiek «oso onak» direla azaldu du Enrike Enparantza Sasieta Mankomunitateko teknikariak. Hala ere, ahalik eta jenderik gehienak bat egin dezan, aste osoan izango da izena emateko aukera, herriko plazan.
Orain arte edukiontzi marroia jarri duten beste herriekin alderatuta, Ordizian «emaitza hobeak» izan dituztela dio Enparantzak. Izan ere, Beasain eta Lazkao bezalako herrietan, herritarren partehartzea %45 eta %48 artekoa izan da. Ordizian berriz, aurreneko deialdian %50era iristea lortu dute. Enparantzaren arabera, sistemaren berri izateak ere eragina izan du harrera on horretan. «Jendeak bazekien beste herrietan sistema hau martxan zegoela, eta Ordiziara noiz iritsiko zain zeudela esan digute askok». Herritarren aldetik izan duten harrerarekin «oso gustura» daudela esan du, eta datozen egunetan jende gehiagok ere izena ematea espero dutela.
Aste honetan jarriko duten informazio mahaiarekin, beste 300 bat familiak izena ematea espero dute. «Beste herrietan izandako datuak ikusita, kopuru horietan ibiltzea espero dugu, baina baliteke hortik gora gelditzea ere». Materia organikoa biltzeko sistema, joan den astetik dago martxan, baina emaitzak ikusteko «oraindik oso goiz» dela azaldu du Enparantzak. «Uztailean eta abuztuan, gainera, zabor kopuruak behera egiten du». Hala, «benetako emaitzak» irailetik aurrera izango dituztela esan du.
Izena emateko bigarren aukera
Edukiontzi marroia erabiltzen hasteko, izena eman behar da aurrena. Sasieta Mankomunitateak etxez etxe banatu ditu sistema honen inguruko informazio orriak, eta portal bakoitzean izena emateko orriak jarri ditu. Aurreneko deialdi horretan 1.700 familiak eman dute izena, baina 2.000ra ere iritsi nahi dute. Orain arteko emaitza onak ikusita, aste honetan jende ugari batzea espero dute Sasietako arduradunek.
Horretarako, orain arte eskaera egin ez duten ordiziarrei, bigarren aukera eman nahi diete datozen egunetan. Aste osoan zehar, informazio mahaia jarriko dute Ordiziako Plaza Nagusian. Gaur, 16:30etik 19:30era bitartean egongo dira bertan; bihar, 17:00etatik 20:00etara; eta ostegunean eta ostiralean, 10:00etatik 13:00etara. Mahai horretan informazioa jaso eta izena emateko aukera izateaz gain, materia organikoa birziklatzeko kit-a jaso ahal izango da.
Kit horretan edukiontzi edo kubo marroia, konpostajerako poltsak, informazio orri bat eta edukiontzi marroia zabaltzeko giltza ematen dituzte. Dagoeneko 700 bat kit banatu dituzte herritarren artean, eta pasa den astetik dago sistema berria erabiltzeko aukera.