Goierri-Tolosaldea baturak ekin dio udako turismo denboraldiari
Turismoaren alorrak hasi du udako denboraldia Goierri behean eta Tolosaldean. Bi bailarek eskaintza turistiko bateratuta aurkeztu dute, hirugarren urtez Euskadiko bihotza markarekin. Gida berritua argitaratu dute, bisitarientzat informazio baliagarriarekin: ikustekoak, museoak eta interpretazio zentroak, gastronomia eta ostatu eskaintza, natura eremuko baliabideak, gai historikoak eta agenda ditu. «Uda Euskadiko bihotzean hasten da aurten», esanez aurkeztu dute uda-aroa Goiturreko Niko Osinaldek eta Tolosaldea Garatzeneko Olatz Ilarregik. Kontzeptu mailan, turismo sektorean gertatu diren aldaketak txertatu dituzte, playground filosofia edota esperientzien bizipena, adibidez. Destino geografiko turistiko batean egin daitezkeen gauzak osotasunean saltzea da playground-a, bat eta izen berarekin. Horrez gain, ikustetik egitera birmoldatu da turismoaren betebeharra bisitariarekiko. «Orain turista ez dator leku bat ikustera, baizik zerbait egitera, esperientziak bizitzera. Datozen urteetan hortik joko du turismoko arloak». Goierri-Tolosaldea «bost izarreko» destino turistikoa da; «harro esan dezakegu, ametsa zena errealitate bihurtzen hasi da eta». Bost osagairen gainean eraikia dago: gastronomia, natura, kultura, kalitatea eta lasaitasuna. Turismo eskaintzaren erdian Gastronomiaz, naturaz eta kulturaz gain, bide berdeak eta Done Jakue bidearen eskaintzekin Jaurlaritzaren Turismo Sailaren programetan sartuta dago. Bestetik, Donostia 2016 Europako kultura hiriburuaren «olatu erraldoia» erabili beharrekotzat jo dute. «Guk ere olatuan surfean hasi beharko dugu. Parte hartu dugu proiektua eraikitzen, eta programa horretan jarraituko dugu. Donostiara [...]
Turismoaren alorrak hasi du udako denboraldia Goierri behean eta Tolosaldean. Bi bailarek eskaintza turistiko bateratuta aurkeztu dute, hirugarren urtez Euskadiko bihotza markarekin. Gida berritua argitaratu dute, bisitarientzat informazio baliagarriarekin: ikustekoak, museoak eta interpretazio zentroak, gastronomia eta ostatu eskaintza, natura eremuko baliabideak, gai historikoak eta agenda ditu.
«Uda Euskadiko bihotzean hasten da aurten», esanez aurkeztu dute uda-aroa Goiturreko Niko Osinaldek eta Tolosaldea Garatzeneko Olatz Ilarregik. Kontzeptu mailan, turismo sektorean gertatu diren aldaketak txertatu dituzte, playground filosofia edota esperientzien bizipena, adibidez.
Destino geografiko turistiko batean egin daitezkeen gauzak osotasunean saltzea da playground-a, bat eta izen berarekin.
Horrez gain, ikustetik egitera birmoldatu da turismoaren betebeharra bisitariarekiko. «Orain turista ez dator leku bat ikustera, baizik zerbait egitera, esperientziak bizitzera. Datozen urteetan hortik joko du turismoko arloak».
Goierri-Tolosaldea «bost izarreko» destino turistikoa da; «harro esan dezakegu, ametsa zena errealitate bihurtzen hasi da eta». Bost osagairen gainean eraikia dago: gastronomia, natura, kultura, kalitatea eta lasaitasuna.
Turismo eskaintzaren erdian
Gastronomiaz, naturaz eta kulturaz gain, bide berdeak eta Done Jakue bidearen eskaintzekin Jaurlaritzaren Turismo Sailaren programetan sartuta dago.
Bestetik, Donostia 2016 Europako kultura hiriburuaren «olatu erraldoia» erabili beharrekotzat jo dute. «Guk ere olatuan surfean hasi beharko dugu. Parte hartu dugu proiektua eraikitzen, eta programa horretan jarraituko dugu. Donostiara datozen bisitariak eskuratzeko aukera paregabea izango dugu hemendik 2016ra arte», azaldu du Osinaldek.
Goierri-Tolosaldea elkarlanak aurrera segiko duela «garbi» dute. Bi bailaren baturak Gipuzkoaren erdia baino gehiago hartzen du, «Gipuzkoako 88 udalerrietatik 46, erdiak pasa, bi eskualdeotan daude».
Euskadiko bihotza marka «erreferente» bihurtu dela gaineratu dute: «Euskal Herrian geografikoki erdi-erdian gaude, eta bere ispilua eta aurpegia gara. Euskal Herria edo bere nortasuna ezagutu nahi duenak Euskadiko bihotza bisitatu behar du».
Hasi berri den legealdirako bi lan ildo nagusi ditu hitzarmenak: orain artekoa batetik, «produktu turistiko gehiago sortzen eta promozioarekin jarraitu, ahalik eta leku gehienetara iristeko».
Bestetik, «garrantzitsuena», lehen sektoreko ekoizleei babesa eta aholkua ematea beren produktuak promozionatzerakoan. «Berdin alojamenduarekin. Euskadin beste destinorik ez dago hemen adinako kalitate ziurtagirik duenik. Une honetan ia 100 enpresa ditugu ziurtatuta». Irisgarritasun arloan, aurreko astean estatu mailan berrikuntzarako plan pilotu batean hasi dira. «Horrekin, lehenengo interesatuak eta indartuta azaltzen direnak pribatuak dira», dio Osinaldek.
Turismoan aurtengo uda Goierrin eta Tolosaldean «ona» izango dela aurreikusi dute —lehen sei hiletan iaztik gora egin du—. «Horrek ez du esan nahi turista kopurua handituta gastua ere handitzen denik». Jatetxe eta ostatuen egoera apaldu baldin bada, «bertako kontsumoa asko jaitsi» izanagatik dela argitu dute.