Meitaimaitie, hezteko filosofia
Peru jaio zenean haurrarekiko atxikimendu arazoak izan zituen Gloria Urkolak, umea ez zuelako berea sentitzen. Egoerari aurre egiteko, Interneten hasi ziren laguntza bila, bera eta bikotekidea. Meitaia izan zen aurkitu zuten laguntzarik onenetakoa, denbora guztian haurra berarekin, soinean, eramatea ahalbidetzen zion zapi zatia. Meitaiari esker, semea hezteko «modu propioa» izan dute Urkolak eta Ander Gorostizuk: «Atxikimenduan oinarrituta, maitasunez, kontaktuarekin, begiradarekin eta ilusio askorekin hezi dugu umea». Meitaia, tela zati lauki bat da, ertz bakoitzean tira luze batekin gorputzera lotzen dena. Jatorriz ekialdetik datorren ume eramaile bat da, «lotu daiteke» esan nahi duena. Ez da ordea ume eramaile mota bakarra, oihala erabiliz mota ezberdinetako eramaileak egin baitaitezke. Oihala gorputzera lotzen da, eta umea eramailearen gorputzaren kontra eramaten da. Meitaia lotzeko ere modu ezberdinak daude, haurraren adinaren, tamainaren eta pisuaren eta egin behar den ekintzaren arabera. Urkolaren esanetan, «oso erraza da korapiloak egiten ikastea, baina norbaitek erakutsi behar dizu, gure gizartean ez delako kulturalki trasmititzen den zerbait». Horregatik, beraiek bezala, ohiko bideetatik irten eta umea hezteko beste modu bat bilatu nahi duenari zuzenduta, tailerrak antolatzen hasi ziren Urkola eta Gorostizu. Hurrengoa, larunbatean egingo dute, Beasainen, Bioqiros zentroan. Lau zati ditu tailerrak Ataundarrek, lau zatitan banatzen dute ikastaroa, eta guztira hiru ordu inguru [...]
Peru jaio zenean haurrarekiko atxikimendu arazoak izan zituen Gloria Urkolak, umea ez zuelako berea sentitzen. Egoerari aurre egiteko, Interneten hasi ziren laguntza bila, bera eta bikotekidea. Meitaia izan zen aurkitu zuten laguntzarik onenetakoa, denbora guztian haurra berarekin, soinean, eramatea ahalbidetzen zion zapi zatia. Meitaiari esker, semea hezteko «modu propioa» izan dute Urkolak eta Ander Gorostizuk: «Atxikimenduan oinarrituta, maitasunez, kontaktuarekin, begiradarekin eta ilusio askorekin hezi dugu umea».
Meitaia, tela zati lauki bat da, ertz bakoitzean tira luze batekin gorputzera lotzen dena. Jatorriz ekialdetik datorren ume eramaile bat da, «lotu daiteke» esan nahi duena. Ez da ordea ume eramaile mota bakarra, oihala erabiliz mota ezberdinetako eramaileak egin baitaitezke. Oihala gorputzera lotzen da, eta umea eramailearen gorputzaren kontra eramaten da. Meitaia lotzeko ere modu ezberdinak daude, haurraren adinaren, tamainaren eta pisuaren eta egin behar den ekintzaren arabera.
Urkolaren esanetan, «oso erraza da korapiloak egiten ikastea, baina norbaitek erakutsi behar dizu, gure gizartean ez delako kulturalki trasmititzen den zerbait». Horregatik, beraiek bezala, ohiko bideetatik irten eta umea hezteko beste modu bat bilatu nahi duenari zuzenduta, tailerrak antolatzen hasi ziren Urkola eta Gorostizu. Hurrengoa, larunbatean egingo dute, Beasainen, Bioqiros zentroan.
Lau zati ditu tailerrak
Ataundarrek, lau zatitan banatzen dute ikastaroa, eta guztira hiru ordu inguru irauten du. Lehen zatian, umea gainean eramateak duen garrantziaz eta kanpo haurdunaldiaz hitz egiten du Urkolak: «Haurra bederatzi hilabeterekin jaiotzen da, baina gainerako ugaztunekin alderatuta, egin gabe jaiotzen da. Beraz, jaio eta hurrengo bederatzi hilabeteetan kanpo haurdunaldia deritzona ematen da. Denbora horretan, eta haurra independentea izaten hasten den arte eta bere kabuz mugitzen hasten den arte, amarekin kontaktuan egotea garrantzitsua da, bien artean sortzen den atxikimendua oso handia delako».
Umea soinean eramateko ordea, hainbat gauza hartu behar dira kontuan, umearen anatomia, eta egoera eta ezaugarri bakoitzerako postura egokia, adibidez. Adinaren arabera, zein ume eramaile den egokiena ere azaltzen du Urkolak tailerreko lehen zatian, eta egora bakoitzerako zein korapilo den egokiena.
Bigarren zatia berriz, aurrenekoan ikasitakoa praktikara ermateko unea izango da. Guraso bakoitzak nahi duen eramailea probatzeko aukera izango du, korapiloak zapiarekin egiten ikasi eta bakoitzarentzat erosoena dena aurkitzeko momentua. Horregatik, tailerrera umeekin joateko deia egin diete interesatuei, hala, «umearekin probatuko dute ume eramailea». Bere haurrarekin probatzera ausartzen ez denarentzat, ume erreal bat irudikatzen duen panpina eramaten dute tailerrera.
Talde sentimendua
Haurdun daudenentzat ere ikastaro interesgarria izan daiteke ume eramaileena, «haurra izan aurretik, umea nola hezi nahi duzun erabakitzen lagundu dezakeelako». Hirugarren zatia, oihalezko pardelen eta beste hainbat artikulu iraunkorren ingutuko azalpenak emateko izaten da.
Ikastaroko azken zatia izaten da informalena, taldean elkartu eta bakoitzak bere zalantzak, aurkikutzak eta nahiak besteei kontatzea izaten baita azken egitekoa. «Klixe eta aurreiritzi asko daude gizartean, eta askotan, norbera bakarrik ez da ausartzen gauzak egitera». Talde bateko kide izanda ordea, ikuspuntua aldatu egiten dela esan dute Urkolak eta Gorostizuk: «Zuk nahi duzuna beste batzuek ere nahi dutela ikusitakoan, benetan nahi duzun hori egitera ausartzen zara, taldeak segurtasuna ematen duelako oinarrian zenuen ideia edo asmo hori aurrera eramateko».
Aurreiritziei aurre egiten ere ikasi egin behar dela azpimarratu du ataundar bikoteak, eta taldean errazagoa dela esan dute. «Orain arte heziketa mota zehatz bat jaso dugu, baina orain beste gauza batzuk erakutsi dizkiguten filosfiak ere badaude».
Urkolak eta Gorostizuk Laura Gutman psikopedagoga argentinarraren filosofia jarraitu dute Peru hezteko. Gutmanen jarraitzaile eta «saltzaile» direla aitortu dute. «Bere ideiak trasmititu eta zabaldu egiten ditugu». Atxikimenduan eta umeen begiradak duen garrantzian oinarritutako filosofia jasotzen du adituak sei liburutan, «pediatrei kontra egin gabe, beste aldean dagoen filosofia bat jarraituz».
Muturreko ideiarik gabe
Ume eramaileen artean egokiena, zapia da Urkola eta Gorostizurentzat, «zapia jartzeko modu ezberdinek haurra postura ezberdinetan eramatea ahalbidetzen dutelako: umea lo dijoanerako, mendira joateko, aurrean, atzean, albo batean… Gainera, oihal zati bat izanda, pixua hobeto banatzen da eramailearen gorputzean». Izan dezakeen desabantalaia nagusia da korapiloak egiteko denbora behar dela, eta, adibidez, umeak oinez ibiltzen ikasten ari direnean korapiloak egin eta desegin aritu behar dela, «umeak gora eta behera ibili nahi duelako beti».
Hala ere, bikoteak ez ditu muturreko ideiak defendatzen, eta egun osoan zapiarekin ibiltzeko aukera ere ez du babesten. «Garrantzitsua da haurra eta gurasoak zapira ohitzea, baina umeentzako aulkiak ere erabili behar dira, haurrek ez dutelako nahi izaten denbora guztian sorbaldan egon, eta gurasoentzat ere nekagarria izan daitekeelako».
Iraunkortasunaren alde
Meitaiei eta gainerako ume eramaileei buruz hitz egiteaz gain, iraunkortasunaren alde egiten laguntzen duten bestelako produktu batzuei buruz ere hitz egingo du Urkolak larunbateko ikastaroan. Oihalezko pardelak izango ditu hizpide besteak beste, ataundarrek iraunkortasunaren alde duten konpromisoa ere handia delako.
Pardelak ere mota askotakoak daudela aurreratu dute, egun eta egoera bakoitzerako bereziak. Mota bakoitza noiz erabili behar den azalduko du ikastaroan, eta berdina egingo du hilerokorako produktuekin edo bularra ematekoekin.