Caja Rural taldea gustora, azken bi asteetan lortutako emaitza onekin
Ordiziako Txirrindulari Elkartea «oso aste intentsoak» bizitzen ari da. Eskolartekoen denboraldia bukatu bada ere, jubenilak gelditu ere egin gabe dabiltza; batetik, Gipuzkoako Itzulia izan dute, eta «emaitza oso onak» lortu dituztela azaldu dute e...
Ordiziako Txirrindulari Elkartea «oso aste intentsoak» bizitzen ari da. Eskolartekoen denboraldia bukatu bada ere, jubenilak gelditu ere egin gabe dabiltza; batetik, Gipuzkoako Itzulia izan dute, eta «emaitza oso onak» lortu dituztela azaldu dute elkartetik. Bestetik, Arantzazuko eta Ezkio-Itsasoko probak jokatu dituzte.
Joan den igandean, Iker Azkaratek eman zuen albiste ona, Ezkio-Itsasoko proba irabazita. Caja Ruralek lasterketa osoa kontrolatu zuen, talde lan ona egin eta gero. Larunbatean berriz, Arantzazun aritu ziren; ez zuten garaipenik lortu, baina lasterketa polita egin ondoren, Mikel Aristi irabazlearen atzetik Caja Ruraleko hiru gazte sartu ziren, Unanue, Azkarate eta Olaberria.
Lan ona Gipuzkoako Itzulian
Asteburu honetako probez gain, duela bi asteburu, Gipuzkoako Itzulian parte hartu zuten jubenil mailako txirrindulariek. Bertan, Caja Rural taldeko txirrindulariek egindako lana azpimarratu dute elkartekoek.
Aurreneko etapa, Aiakoa, Pello Olaberria mutiloarrak irabazi zuen. Bigarrenean, Olaberrian jokatu zutenean, haren taldekide bat, Asier Gandarias lazkaotarra izan zen azkarrena. Azken bi etapetan, Andoainen eta Zarautzen bukatu zirenetan, lan ona egin arren, ez zuten garaipenik lortu. Sailkapen orokorrean, hirugarren egin zuen Asier Unanue aramarrak. Horrez gain, Caja Ruralek taldekako sailkapena lortu zuen, eta Asier Gandariasek, mendikoa.