Furundarena eta Usabiaga, Europan lehiatzera
Ez da egunero errepikatzen den notizia, eta are gutxiago emakumezkoa izanda; izan ere, emakume kirolarien balentriak oraindik ere gizonezkoen itzalpean segitzen dute, eta hedabideek ere, sarritan, ez diete ematen merezi adinako oihartzunik. Kasualitatea ala ez, Ordiziako bi emakume kirolarik 23 urtez azpiko Europako txapelketetan parte hartuko dute aste honetan. Alazne Furundarena abiadura-lasterkaria Txekiako Ostrava herrira joango da, eta Irene Usabiaga txirrindularia Italiako Offida herrira. Kasualitatea ala ez, bi txapelketak hilaren 14tik 17ra jokatuko dira, ostegunetik igandera. Urte askoan Ordiziako Txindoki atletismo taldearekin aritu eta gero, azken denboraldietan Donostiako Atletiko klubaren koloreekin ari da Furundarena. Aurten denboraldi txukuna egiten ari da, eta erabat sasoiko dagoela erakutsi zuen uztaileko lehen asteburuan. Andujarren (Jaen, Espainia) 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu zen hilaren 2an eta 3an, eta Ordiziako korrikalariak jokatu zituen hiru probak irabazi zituen, txapelketa horretako izar bihurtuz. Jokatu eta irabazi zuen lehen proba 100 metrokoa izan zen. Gaur egun arerio nagusi duen Estela Garcia espainiarra hartu zuen mendean orduan, 11:93ko denborarekin. Hurrengo egunean, 20:30ean, 200 metroko finala jokatu zuen, eta horretan ere nagusi izan zen, bere kirol ibilbideko bigarren marka onena eginez: 24:31. Eta 22:00ak jota zirela lortu zuen urrezko hirugarren domina, kasu honetan 4x100eko proban. Atletikoko Iruretagoiena, Garrantxo eta Azpeitia [...]
Ez da egunero errepikatzen den notizia, eta are gutxiago emakumezkoa izanda; izan ere, emakume kirolarien balentriak oraindik ere gizonezkoen itzalpean segitzen dute, eta hedabideek ere, sarritan, ez diete ematen merezi adinako oihartzunik. Kasualitatea ala ez, Ordiziako bi emakume kirolarik 23 urtez azpiko Europako txapelketetan parte hartuko dute aste honetan. Alazne Furundarena abiadura-lasterkaria Txekiako Ostrava herrira joango da, eta Irene Usabiaga txirrindularia Italiako Offida herrira. Kasualitatea ala ez, bi txapelketak hilaren 14tik 17ra jokatuko dira, ostegunetik igandera.
Urte askoan Ordiziako Txindoki atletismo taldearekin aritu eta gero, azken denboraldietan Donostiako Atletiko klubaren koloreekin ari da Furundarena. Aurten denboraldi txukuna egiten ari da, eta erabat sasoiko dagoela erakutsi zuen uztaileko lehen asteburuan. Andujarren (Jaen, Espainia) 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu zen hilaren 2an eta 3an, eta Ordiziako korrikalariak jokatu zituen hiru probak irabazi zituen, txapelketa horretako izar bihurtuz.
Jokatu eta irabazi zuen lehen proba 100 metrokoa izan zen. Gaur egun arerio nagusi duen Estela Garcia espainiarra hartu zuen mendean orduan, 11:93ko denborarekin. Hurrengo egunean, 20:30ean, 200 metroko finala jokatu zuen, eta horretan ere nagusi izan zen, bere kirol ibilbideko bigarren marka onena eginez: 24:31. Eta 22:00ak jota zirela lortu zuen urrezko hirugarren domina, kasu honetan 4x100eko proban. Atletikoko Iruretagoiena, Garrantxo eta Azpeitia kideak lagun zituela, errelebokako proba bikaina egin zuten. Emaitza horiek lortu eta berehala jaso zuen Espainiako Atletismo Federazioaren deia. 100 eta 200 metroko probetan parte hartuko du Ostravan.
Usabiaga ere bi probatan
Eta antzeko emaitza lortu zuen Irene Usabiagak asteburu berean. Tafallan (Nafarroan) jokatu zen pista estaliko Espainiako Txapelketan urrezko hiru domina lortu zituen honek ere: banakako jazarpenean, scratchean eta puntuaketan. Azken proba horretan, gainera, nabarmena izan zen Usabiagaren erakustaldia.
Aurten, errepideko Gipuzkoako txapeldun, erlojupekoan txapeldunorde, Euskadiko errepideko eta pistako txapeldun, eta Espainiako Koparen irabazle ere izan da Usabiaga ahizpetan gazteena. Europako Txapelketan errepideko proban eta erlojupekoan hartuko du parte, eta bereziki prestatu da bi proba horietarako.