Laurehun korrikalaritik gora
Azkeneko egunetara arte, ezin izan da jakin zenbat korrikalarik parte hartuko duen aurten Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetan. Iazko azaroan ireki zuten izen-emate epea antolatzaileek, eta aurtengo maiatzera arte, korrikalarien kopurua handitzen joan da etenik gabe. Izena emandakoen artean izan diren azken aldaketak kontuan hartuta, azkenean guztira, 415 korrikalarik osatzen dute aurten izena emandakoen zerrenda.
Aurreko astean egin zuten bi proben aurkezpen ofiziala, eta bertan jakitera eman zutenez, aurten iaz adina korrikalari ariko dira Ehunmiliaken eta Goierriko Bi Handietan. Mikel Valdivielso arduradun nagusiak eman zituen datu zehatzagoak: «Aurten bi proben arteko aldea orekatu egin da, iaz proba luzean askoz parte hartzaile gehiago egon zirelako. Aurten luzean kopurua jaitsi egin da pixka bat, baina motzean igo».Korrikalari kopuruarekin pozik daude antolatzaileak, baina proba motzean nahi baino gutxiago egoten jarraitzen dute, iazko kopurua hazi egin bada ere.
Hala eta guztiz ere, «bigarren urtea izateko eta parte hartzaile guztiak kontrolpean izateko», kopuru egokia dela uste du antolakuntza buruak.
Iaz parte hartu zuten korrikalari ugarik errepikatuko du aurten Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetan. Beasainen egongo diren parte hartzaileen artean Espainia mailan izen handia duten hainbat korrikalari egongo direla aurreratu du Valdivielsok, eta «baita atzerrian oso ondo ibiltzen direnak ere».
Ehunmiliak proban lehiatzeko, Euskal Herri osoko 150 korrikalarik eman dute izena. Espainiako 65 parte hartzaile egongo dira, bederatzi portugaldarrak izango dira, frantziarrak zortzi, Australiatik etorritako bat eta Estatu Batuetako bi. Goierriko Bi Handiak proban, berriz, Euskal Herriko 138 korrikalari, Espainiako 25, Frantziako 15, eta Portugal eta Uruguaitik etorritako bana.
Korrikalari guztiak kontuan hartuta, bi probetan parte hartuko duten korrikalari gipuzkoarrak 174 dira: Ehunmiliak proban 73, eta G2H-n 101 korrikalari.
«Alternatiba asko»
Europa mailan Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak bezalako probak ugaritu izanak, korrikalariak proben artean aukeratzera behartuta daudela aipatu zuen aurkezpenean Valdivielsok. Hala ere, «alternatibak egotea oso ona» dela gaineratu du, alternatibak egonda jendeak zein probetan parte hartu nahi duen erabakitzeko aukera duelako».
Iaz proba luzean zein motzean parte hartu zuten korrikalari asko aurten ere Beasaingo irteeran egotea positiboa da antolatzaieentzat, «horrek, iaz gustura egon zirela esan nahi duelako», zehaztu du Valdivielsok. «Errepikatzen duenak zerbaitegatik errepikatzen du, eta dagoen aukera zabaletik guk antolatutakoa aukeratzea ere zerbaitegatik izango da». Proba berriak izanda, iazko antolakuntza lan bikainak erakarri ditu aurten ere korrikalari asko, «gustura egon ez dena ez delako itzultzen».
Korrikalari horietako hainbat, bihar, osteguna, hasiko dira Beasaina gerturatzen eta lehen dortsalak hartzen. Ostiral goizean hasiko da benetako festa Beasainen, ordurako Ehunmiliakeko parte hartzaile gehienak herrian zehar ibiliko baitira. Proba luzeko korrikalarien irteera G2Hko askok ikusiko dute.
Helmugara iristen lehenak, ordea, proba motzeko korrikalariak izango dira. Antolatzaileen kalkuluen arabera, lehena larunbat goizean iritsiko da, 10:30ak inguruan. Ehunmiliakeko lehena berriz, larunbat arratsaldean, 18:00ak aldera.
ORDUTEGIAK:
![](http://goierri.hitza.eus/site/files/2011/07/Ordutegia.jpg)