‘The wolves’ ikuskizunak Legazpiko kaleetan kaosa sortuko du etzi
Uztaila Kulturalaren barruan, adin guztietako herritarrentzako eguna izango da etzikoa. Gaztetxoentzako poniak eta xexenak, helduentzako kale antzerkia eta guztientzako argazki emanaldia egingo dituzte egun berean. 18:30ean hasiko dituzte etziko kultur ekintzak, haurrentzako ekimenekin. Gaztetxoenek poniekin eta xexenekin jolasteko aukera izango dute Euskal Herria plazan, horretarako egokituko duten itxituran. Ordubete beranduago, 19:30ean, erraldoien eta trikitilarien konpartsa kalejiran aterako da herriko kaleetan giroa jartzera. 22:30ean hil honetako hirugarren ikus-entzunezko emanaldia egingo dute. Ikatza argazkilari elkarteko kideen lanaren erakusleiho dira emanaldi hauek, eta biharkoari 35 milimetro 25 urtetan izena eman diote. Elkartearen historiako irudiak erakutsiko dituzte bihar. 25 urte baino gehiago dira elkartea sortu zutenetik, eta kide batzuek, denbora honetako ibilbidearen argazkiak batu dituzte proiekziorako. Aspaldiko garaiak gogoratzeko aukera polita izango da bihar gauean Legazpin. 22:30ean hasiko dute proiekzioa azokan eta herritar guztiak daude gonbidaturik. 23:30ean, azkenik, Deabru Beltzak antzerki taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Ordu horretan Euskal Herria plazatik abiatuko da The Wolves antzezlan ikusgarria eta ibiltaria. Hamelingo txirularia ipuinaren «bertsio libre eta distortsionatua» da The Wolves (Otsoak) kale antzerkia. Deabru Beltzak taldeak osatu du eta taldekideek azaldu dutenez, hamalau hilabete behar izan dituzte antzezlana eta antzezlanerako behar dituzten egiturak osatzeko. Pertsonaia aurkeztu dutenez, «pianojolea da oraingoan, gizaki bitxia eta ezkerrekoa, [...]
Uztaila Kulturalaren barruan, adin guztietako herritarrentzako eguna izango da etzikoa. Gaztetxoentzako poniak eta xexenak, helduentzako kale antzerkia eta guztientzako argazki emanaldia egingo dituzte egun berean.
18:30ean hasiko dituzte etziko kultur ekintzak, haurrentzako ekimenekin. Gaztetxoenek poniekin eta xexenekin jolasteko aukera izango dute Euskal Herria plazan, horretarako egokituko duten itxituran. Ordubete beranduago, 19:30ean, erraldoien eta trikitilarien konpartsa kalejiran aterako da herriko kaleetan giroa jartzera.
22:30ean hil honetako hirugarren ikus-entzunezko emanaldia egingo dute. Ikatza argazkilari elkarteko kideen lanaren erakusleiho dira emanaldi hauek, eta biharkoari 35 milimetro 25 urtetan izena eman diote. Elkartearen historiako irudiak erakutsiko dituzte bihar. 25 urte baino gehiago dira elkartea sortu zutenetik, eta kide batzuek, denbora honetako ibilbidearen argazkiak batu dituzte proiekziorako. Aspaldiko garaiak gogoratzeko aukera polita izango da bihar gauean Legazpin. 22:30ean hasiko dute proiekzioa azokan eta herritar guztiak daude gonbidaturik.
23:30ean, azkenik, Deabru Beltzak antzerki taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Ordu horretan Euskal Herria plazatik abiatuko da The Wolves antzezlan ikusgarria eta ibiltaria. Hamelingo txirularia ipuinaren «bertsio libre eta distortsionatua» da The Wolves (Otsoak) kale antzerkia. Deabru Beltzak taldeak osatu du eta taldekideek azaldu dutenez, hamalau hilabete behar izan dituzte antzezlana eta antzezlanerako behar dituzten egiturak osatzeko. Pertsonaia aurkeztu dutenez, «pianojolea da oraingoan, gizaki bitxia eta ezkerrekoa, bere musikarekin hiria otsoen erasotik askatuko duena».
Lau metroko garaiera duten otsoekin ikusleak beldurtu eta herriko kaleetan kaosa sortzea dute helburu antzerki taldeko kideek. Otso hauek, iluntasunarekin eta suarekin jolasten dute euren helburua lortzeko. Antzezlanaren estreinaldi ofiziala maiatzaren 6an egin zuten Ingalaterrako Norwicheko jaialdian eta Leioako Nazioarteko Umore azokan eskaini zuten bigarrengoz. Geroztik Euskal Herrian herriz herri dabiltza euren ikuskizuna kaleratuz. Hil honetako Euskal Herriko kale antzerki jaialdi nagusietan ere parte hartu eta hartuko dute, Zarauzkoan edota Lekeitiokoan kasu.
Informazio gehiago: Deabru beltzak













