Carlos Mediavilla: «Sanferminak mundu bat dira; aldi bakoitzean beti ezberdina da dena»
Carlos Mediavilla (Iruñea-Zumarraga, 1957) argazkilaria da. Egunotan sanferminetan dabil, argazkiak egiten. Aurten egun guztietarako akreditazioa du eta goizero joan da entzierroetara.
Noiztik joan ohi zara San ferminetara argazkiak egitera?
5-6 urte izango dira. Ama nafarra dut eta ni ere Iruñean jaiotakoa naiz, nahiz eta umetatik Zumarragan bizi naizen. Umetatik ditut gustoko entzierroak, ez ordea, zezenketak. Ezin ditut jasan. Heriotzarik gabeko jolasa bai, eta errekortadoreak, adibidez, oso gustoko ditut. Jolasa denean bai, baina bestela ez.
Zer da entzierroek hain erakargarri egiten dituena?
Egiteko zailak diren argazkiak dira eta harrapatu egiten zaitu. Lehenik zailtasun hori dago, gero aurrean egotea lortzea zaila da, baina Hitzaren bidez, ZUMen bidez… joan izan naiz. Lehiaketaren batean ere ibili gara eta sariren bat jaso dugu. Akreditatuen erakusketan, esaterako, 20tik 12 nire argazkiak ziren, eta horrek poza ematen du. Aurten gainera, egun guztietarako akreditazioa lortu dut, baina normalean udaletxera joan behar izaten zara negar egitera. Aurten deitu diet, baina eskerrak emateko.
Nola hasi zinen joaten?
Argazki zailak dira, erronka bat. Adierazpenak, keinuak harrapatzen dituzu eta hor jolas bat dago. Bizitzan guztia bezala, gustatzen baldin bazaizu… Orain goizero joaten naiz, Abarzuzatik. Akreditatuen artean, onak direla suposatzen den lekuengatik elkar joka ibiltzen gara [umorez].
Ze ordutan joaten zara entzierrora?
Leku batzuk 4:00etarako hartuta daude. Atzo zezenek irrist egitean jotzen duten barrerara joan nintzen. 6:55ean etorri eta ezinezkoa zen leku bat hartzea, baina gertu jartzea lortu nuen. Gaur ere hara joango naiz, baina lehenxeago. Leku horretatik guztiak parez pare hartzen ditut eta argazkia oso polita da. Agian gateretako argazkiren bat egiteko aukera izango nuela ere esan didate.
Borroka asko egin behar al da leku on bat lortzeko?
Gaur adibidez, arotzen lekuan jarri naiz, baina balkoi bat ere begiz jo dut… Alokatu izan dut bat, eta aurten ere egingo dut, baina alabarentzako. Nik nahiago dut behean egon, balkoiko tiroa polita izan arren lortzen zaila baita. Zortea izan behar duzu.
Zerk erakartzen du zure arreta?
Aldi bakoitzean mundu bat da hura, beti desberdina da guztia.
Abenturarik izango zenuen…
Iaz, esaterako, poste batera igo eta trabatuta gelditu nintzen jaisterakoan. Foruzain batek lagundu behar izan zidan, eta gaizki pasatu nuen. Jaitsi egin behar nuen, zezena parean nuelako, baina ezin. Aste honetan ere pertsona bat elbarri gelditu da erorita.
Zein da atera nahi duzun argazkia?
Jendearen adierazpenak ikustea gustoko dut, beldurrez, builaka… Halakoak zezentxoetan lortu ohi ditut, sarreran montoneran jarri eta bigantxek gainetik salto egiten dutenean. Momentuan agian ez, baina gero, ordengailura pasatzean denetariko aurpegiak ikusten dituzu. Oso polita da.