Herritar guztientzako antzerki batekin emango diete gaur amaiera udalekuei
Secundino Esnaola musika eskolak
antolatu dituen musika udalekuetan 60 haurrek hartu dute parte.
Gaur amaituko dituzte Urretxun eta Zumarragan udaleku musikalak. Secundino Esnaola musika eskolan burutu dituzte, eta ikasitakoa gaur erakutsiko dute, Labeaga aretoko oholtza gainean. Duela sei urte abiarazi zituzten udaleku hauek eta orduko hartan 40 haur inguruk hartu zuten parte. Ordutik, gora egin du haur kopuruak, eta aurten 4 eta 11 urte bitarteko 60 ume inguru aritu dira musikara lotutako udalekuetan. Zuriñe Sarasola udalekuen arduradunak azaldu duenez, antzerki bat prestatu dute, gaur taularatuko dutena. «Argumentua duen antzerki bat da, baina euskal dantzak, gorputz adierazpena, instrumentuak, abestiak… tartekatzen ditu. Ez da musikal bat izango, baina badu bere ukitua» aurreratzen du Sarasolak.
Instrumentuak perkusiozkoak izango dira, oro har. Udalekuetan ibili diren haurrak ez dira guztiak musika eskolako ikasleak. «Gaztetxoenen artean gehienak ere ez» dio irakasleak. «Urtean zehar musika ikastera gerturatzen saiatzeko modu bat da, instrumentuetara hurbilpen txiki bat. Musikara eta antzerkira zaletzea ere bada» borobiltzen du.
Udalekuetan urtean zehar baino metodologia irekiagoa erabiltzen dute. «Gauza asko lantzen dira, erritmoa esaterako. Modu intuitiboagoan lantzen dugu; musika lengoaiaren ordez entzumena, mugimendua… lantzen ditugu neurri handiagoan» dio udalekuen arduradunak. Udaleku arruntekiko berezitasunak ere baditu Secundino Esnaolan eskaintzen dutenak. Sarasolaren hitzetan, «Agian herrietako udalekuetan ez dute hain haur gazteek parte hartzen. Horietan ekintza gehiago lantzen dira, eta ez musikari bereziki lotutakoak. Gure saio guztiek dantzarekin, musikarekin edo antzerkiarekin zerikusia izan dute. Jolasen bidez ere landu ditugu gai hauek, baina hemen ez dira eskulanak edo irteerak egiten. Desberdina da, zehatzagoa agian». Emanaldia Urretxuko Labeaga aretoan egingo dute, gaur, 16:00etan. Herritar guztiei irekitako antzerki saio berezia izango da.