Javi Dominguez eta Nerea Martinez dira Ehunmiliakeko irabazleak
Ikusi probako argazki galeria 2011/07/16 22:50 Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi du aurtengo Ehunmiliak ultratraila. Guztira, 167 kilometroak egiteko, 24 ordu eta 49 minutu behar izan ditu. Arratsaldeko zazpiak izateko hamar minutu falta zirela iritsi da Beasaingo helmugara, eta txalo artean hartu dute ikusleek eta antolakuntzako kideek. Helmugara iritsitakoan egindako adierazpenetan esan duenez, aurreneko postuan ikusi den momentuan indarrak berreskuratu eta gogotsu iritsi da helmugara. Ibilbidean zehar oso ondo ibili dela esan du, inolako arazorik gabe, eta gauez ere oso gustura ibili dela. Momentuz neke handirik ere ez duela somatzen argitu du, baina orduak pasa hala antzemango duela. Jose Vicente Benito, kilometro askotan zehar lehen postuan joan den korrikalaria, bigarren iritsi da Besaingo helmugara, 25 ordu eta 11 minutu Gipuzkoako mendietan gora eta behera ibili ondoren. Egun gutxitako alaba besoetan zuela sartu da helmugan Vicente. Pedro Germano portugaldarra izan da helmugara iristen hirugarrena, arratsaldeko zortzi eta erdietarako hamar minutu inguru falta zirela. Germanok 26 ordu eta 22 minutu behar izan ditu proba amaitzeko. Laugarren iritsi da azkenean Joxelu Albizuri azkoitiarra Beasaina. Ibilbidea osatzeko 26 ordu eta 43 minutu behar izan ditu. Bosgarren postuan iritsi da helmugara Nerea Martinez, lehen emakumezkoa eta iazko irabazlea. Probaren hasieratik lehen emakumezkoa izan da, eta oso [...]
2011/07/16 22:50
Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi du aurtengo Ehunmiliak ultratraila. Guztira, 167 kilometroak egiteko, 24 ordu eta 49 minutu behar izan ditu. Arratsaldeko zazpiak izateko hamar minutu falta zirela iritsi da Beasaingo helmugara, eta txalo artean hartu dute ikusleek eta antolakuntzako kideek. Helmugara iritsitakoan egindako adierazpenetan esan duenez, aurreneko postuan ikusi den momentuan indarrak berreskuratu eta gogotsu iritsi da helmugara. Ibilbidean zehar oso ondo ibili dela esan du, inolako arazorik gabe, eta gauez ere oso gustura ibili dela. Momentuz neke handirik ere ez duela somatzen argitu du, baina orduak pasa hala antzemango duela.
Jose Vicente Benito, kilometro askotan zehar lehen postuan joan den
korrikalaria, bigarren iritsi da Besaingo helmugara, 25 ordu eta 11 minutu Gipuzkoako mendietan gora eta behera ibili ondoren. Egun gutxitako alaba besoetan zuela sartu da helmugan Vicente.
Pedro Germano portugaldarra izan da helmugara iristen hirugarrena, arratsaldeko zortzi eta erdietarako hamar minutu inguru falta zirela. Germanok 26 ordu eta 22 minutu behar izan ditu proba amaitzeko.
Laugarren iritsi da azkenean Joxelu Albizuri azkoitiarra Beasaina. Ibilbidea osatzeko 26 ordu eta 43 minutu behar izan ditu.
Bosgarren postuan iritsi da helmugara Nerea Martinez, lehen emakumezkoa eta iazko irabazlea. Probaren hasieratik lehen emakumezkoa izan da, eta oso nekatuta ibili den arren, iazko erronka berdintzea lortu du. Azken unean erabaki zuen Ehunmiliak proban parte hartzea Martinezek, orain aste bete, Ameriketako Estatu Batuetan baitzen, Hardorock 100 lasterketan parte hartzen. Orduan erretiratu egin zen, eta iaz horrenbeste gozatu zuen proban parte hartzea erabaki zuen. Guztira, 168 kilometroak egiteko, 28 ordu behar izan ditu jatorri euskalduneko madrildarrak.
Javi Dominguez iritsi da lehena Mutiloara, eta Beasaina bidean da
2011/07/16 18:00
Javi Dominguez izan da Mutiloara iritsi den Ehunmiliak probako lehen korrikalaria (bideoan), eta ia gelditu ere egin gabe Beasaina bidean jarraitu du. Aizkorrirako igoera hasi aurretik Jose Vicente Benito joan da aurretik, baina Mutiloara bigarren iritsi da. Hiru minutuko aldea atera dio Mutiloan Dominguezek Benitori. Ordu erdi inguru barru Beasaina iritsiko dira bi korrikalariak.
Hirugarren lekuan Pedro Germano dator, lehen bi korrikalarietatik ordu bete ingurura. Honen atzetik, laugarren, iaz hirugarren sailkatu zen Joxelu Albizuri, Germanoren atzetik minutu batera. Lehen emakumezkoa Nerea Martinez da, iazko garailea. Seigarren doa sailkapen orokorrean, baina oraindik ez da Oazurtzako kontroletik igaro. Lehen goierritarra berriz, Bene Aguilar idiazabaldarra da. Bederatzigarren dago momentu honetan, eta Oazurtzako kontroletik igaro gabe.
Jose Vicente Benito doa Ehunmiliak mendi lasterketaren buruan
2011/07/16 15:00
Ehunmiliak proba irabazteko lehian ari diren korrikalariak dagoeneko probaren azken txanpan sartuta daude. Otzaurten, Jose Vicente izan da aurrena pasa dena, 13:20an, eta horrenbestez, bera doa lasterketaren buruan. Haren atzetik doan Joxelu Albizuriri dezenteko tartea atera dio Vicentek; antolatzaileen arabera, ordu erdi inguruko aldea zuen Etxegaraten.
Eguraldia lagun izaten ari dira korrikalariak, baina goiz erditik aurrera, beroa bihurtu da lehian dabiltzanentzat arazorik nagusienetakoa. Boluntarioez gain, dozenaka lagun bildu dira Otzaurten, korrikalariak animatzeko. Ezkontza batekin ere bat egin du probak.
Iker Zurutuza idiazabaldarrak bigarren egin du Bi Handietan
2011/07/16 10:50
Iker Zurutuza idiazabaldarrak bigarren amaitu du Goierriko Bi Handiak proba, 11 ordu eta 46 minutuko denborarekin. Mutiloako azken kontrol postuan hirugarren zijoan, Luis Lasaren atzetik, baina azken kilometroetan aurre hartu dio Ibarrako korrikalariari eta bigarren egin du. Luis Lasak 11 ordu eta 51 minutuko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko.
Zurutuzak eta Lasak helmugan egindako adierazpenetan esan dutenez, oso proba polita izan da, eta nekatuta iritsi badira ere oso gustura daude. Aralarren asko gozatu dutela gaineratu dute, balizak metro askoko tartearekin ikusten zirela eta giro oso ona zegoela. Luis Lasak asko sufritu du azken 20 kilometroetan, eta oso nekatuta iritsi da Beasaina.
Iritsi da Iturrieta Beasaingo helmugara
2011/07/16 10:30
Zigor Iturrieta zen Goierriko Bi Handiak proba irabazteko faboritoa, eta aurreikuspen guztiak beteta, bera izan da Beasaingo hemugara iritsi den proba motzeko lehen korrikalaria. Alaba eskutik zuela sartu da helmugan, 10:25ean. Ibilbideko 88 kilometroak egiteko 11 ordu eta 23 minutu behar izan ditu bizkaitarrak. Lasterketa gogorra izan dela esan du, baina eguraldi oso ona egin duela eta Aralar “zoragarri” zegoela. Ilargi betearekin gauez ere mendian ondo moldatu dela esan du eta antolakuntzak lan bikaina egin duela.
Atzo gauean Beasaindik irten eta Zaldibiara minutu bateko aldearekin iritsi zen Iturrieta, eta ordutik bakarrik egin du bidea. Lizarraustin nahastu egin zela kontatu du, eta atzetik zetozen Lasak eta Zurutuzak berarekin bat egin zutela. Zati bat elkarrekin egin dute, baina Iturrietak berriro ere aurrea hartu die eta bera izan da helmugara iristen lehena. Zatirik gogorrena Lizarraustitik Aizkorrira artekoa izan dela azaldu du, “gora-behera asko” daudelako.
Iaz Goierriko Bi Handiak proba irabazi zuen Xabier Larrion beasaindarrak erorikoa izan du eta Etxegaraten proba utzi du, sahietseko minez. Ehunmiliak probako iazko irabazleak ere, Imanol Alesonek, ez du proban jarraitzen. Nerea Martinez madrildarra oso proba ona egiten ari da oraingoz, eta lehen postuan doa, iazko Ehunmiliakeko lehen emakumezkoaren titulua berritzeko bidean.
Beasaina bidean dira G2Hko lehen hiru korrikalariak
2011/07/16 10:00
Zigor Iturrieta bizkaitarra izan da Mutiloako kontrol gunera iritsi den lehen korrikalaria, eta bere atzetik iritsi dira Luis Lasa eta Iker Zurutuza idiazabaldarra. Ordu laurdeneko tarterekin abiatu da Beasaina bidean Iturrieta, eta Lasa eta Zurutuza elkarrengandik oso denbora gutxiko aldearekin doaz.
Ordu laurden inguru iritsiko da Iturrieta Beasaingo helmugara, aurreikusi baino lehenago. Nekatuta zegoela esan du Mutiloan, baina “oso pozik” orain arte egindako lanarekin.
Manuel Merillas izan da azkarrena Urretxuko eta Zumarragako anoa gunean
2011/07/15 20:10
Manuel Merillas Leongo mutila izan da azkarrena Urretxuko eta Zumarragako anoa postuan. Pedro Etxeberria zumaiarra da bigarren, Jose Vicente Benito Bilbotarra hirugarren, Oier Ibarbia zizurkildarra laugarren eta Pedro Germano portugaldarra bosgarren. Pixkanka korrikalariak anoa gune hau igaro eta bidean aurrera doaz. Kaleetan giro polita ikus daiteke, eta herritar asko gelditu da korrikalariei animoak eman eta txalo egitera. Eguraldiak ere lagundu du, zeru urdin eta garbiarekin.
Goierriko 2 Handiak probako korrikalariak ere atera dira
2011/07/15 23:30
Gaueko 11ak puntuan, abiatu dira Goierriko Bi Handiak probako ia 200 lasterkariak, Beasaingo plazatik, Txindoki aldera. Txalaparta doinuak, aurreskua eta Koldo Agirre alkateak probaz ahalik eta gehien gozatzeko aholkuak eman ondoren hasi da 88 kilometroko lasterketa. Jende ugari bildu da irteeran. Korrikalariek ilargi betea ere lagun izan dute irteera puntuan. Lehenengo korrikalariak goizeko 10:40ak aldera iristea aurreikusten dute antolatzaileek.
Abiatu dira Ehunmiliakeko korrikalariak
2011/07/15 18:30
Abiatu dira Ehunmiliakeko korrikalariak Beasaingo plazatik. Aurtzaka Dantza Taldekoek aurreskua dantzatu diete parte hartzaile guztiei eta Koldo Agirre Beasaingo alkateak eta Mikel Valdivielso antolatzaile buruak esandako hitzen ondoren, ikusleek egin dute atzerako kontaketa eta ohiu artean ekin diote 188 kilometroko ibilbideari.
Azken luzaketak egiten aritu dira irteera aurreko minutuetan korrikalari asko. Beste batzuk eskualdeko eta nazio mailako komunikabideetako langileek egindako galderak erantzten egon dira, azken unean Ehunmiliaken parte hartzea erabaki duen Nerea Martinez, adibidez, iaz helmugan sartu zen lehen emakumezkoa.
Goierriko Bi Handiak probako parte hartzaileek 23:00etan ekingo diote probari. Ibilbide motzeko korrikalariek 87 kilometro egin beharko dituzte, eta Goierriko mendi ezagunenetatik igaroko dira, tartean Txindoki eta Aizkorritik.
Bi ordu barru hasiko da Ehunmiliak proba
2011/07/15 16:00
Bi ordu barru irtengo dira Beasaingo plazatik Ehunmiliak probako parte hartzaileak. 188 kilometro egin beharko dituzte 48 ordu baino lehen, eta azkarrenak bihar arratsaldeko 18:00ak aldera iritsiko dira helmugara antolatzaileen aurreikuspenen arabera.
Atzo hasi ziren korrikalari batzuk gaurko probarako dortsalak eta poltsak jasotzen, eta gainerakoek gaur goizean hartu dituzte. Eguerdiaz geroztik, Igartza jauregian egin duten Pasta Partyn elkartu dira parte hartzaile asko. Iban Mate sukaldaria eta bere taldea arduratu da aurten ere paella eta makarroiak prestatzeaz, eta Igartzan egon diren boluntarioek eta Matek berak zehaztu dutenez, iaz baino korrikalari gehiago gerturatu da aurten antolakuntzak jarritako bazkarira.
Iaz ez bezala, aurten 13:00etatik 14:00etara bitartean joan dira korrikalariak bazkaltzera. Hamar kilo arroz, eta beste horrenbeste kilo makarroi jan dute gutxi gora-behera, eta sabela beteta, Igartza jauregiaren hormen kontra itzalean etzan eta lokuluxka ere egin dute batzuek.
Dagoeneko hainbat korrikalarik Tolosan eta Etxegaraten eskura izango dituzten poltsak ere utzi dituzte plaza azpian egokitutako gunean, eta azken prestaketak egiten ari dira orain. 17:00etarako Loinazko San Martin plazan egon beharko dute parte hartzaileek, irteerako kontrolaren hasieran. 18:00etan jaurtiko dute irteera adierazten duen suziria.
Ehunmiliakeko korrikalariak Usurberako bidean direla Goierriko Bi Handiak probako korrikalariak hasiko dira Loinazko San Martin plazara gerturatzen, eta dutxarako eta bideko poltsak uzten. Azken dortsalak ere orduan jasoko dituzte, eta 23:00etan abiatuko dira Beasaingo plazatik Zaldibia aldera. 87 kilometro egin beharko dituzte guztira, eta azkarrenak, antolatzaileen kalkuluen arabera, bihar goizeko 10:30ak aldera iritsiko dira .
Argazki galeria albistearen amaieran
Ehunmiliak eta G2H-eko korrikalariak hasi dira dortsalak jasotzen
2011/07/14, 18:30
Bihar irtengo dira Beasaingo plazatik Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetan parte hartuko duten korrikalariak. Bihar arte itxaron gabe, asko izan dira gaur arratsaldean biharko dortsalak eta beharrezko materialak gordetzeko eta eramateko poltsak eta gainerakoak jaso dituztenak.
Antolatzaileek emandako azken orduko datuen arabera, eta behin betikoz izen ematea itxita, Nerea Matinez madrildarrak ere parte hartuko du azkenean Ehunmiliak proban. Ostiralean Ameriketako Estatu Batuetan jokatu zen Hardrock 100 proban parte hartu zuen Martinez, baina ez zuen proba amaitu eta orduan erabaki zuen Ehunmiliak proban parte hartzea.
Gainerako korrikalarien artean, Ehunmiliak proban parte hartu behar duten Goierritarak 13 izango dira, eta 48 G2Hn parte hartuko dutenak. Guztira proba luzean 326 korrikalarik eman dute izena, eta 190ek proba motzean.
– Ehunmiliak probako korrikalari goierritarrak: Iñaki Ganuza (Zumarraga), Jaione Sasieta (Ezkio-Itsaso), Patxi Xabier Leon (Lazkao), Aitor Garmendia (Beasain), Imanol Rezola (Beasain), Bene Aguilar (Idiazabal), Beñat Urzelai (Urretxu), Marta Cordero (Lazkao), Guillermo Pinillos (Zegama), Mikel Estala (Lazkao), Joxean Gorostidi (Ormaiztegi), Gorka Sasieta (Ezkio-Itsaso), eta Xabier Artola (Legazpi).
– G2H probako korrikalari goierritarrak: Xabier Larrion (Beasain), Lontxo Iriarte (Ikaztegieta), Jon Irastorza (Zaldibia), Oihan Galparsoro (Lazkao), Patxi Arburua (Zumarraga), Javier Calvillo (Beasain), Miguel Perez (Beasain), Enrique Agirre (Urretxu), Beñat Azurmendi (Beasain), Luis Mari Martinez (Urretxu), Jon Usandizaga (Segura), Alex Sukia (Zaldibia), Jose Fidalgo (Beasain), Jon Zabala (Ordizia), Marta Cordero (Lazkao), Jon Alustiza (Idiazabal), Juanjo Landa (Urretxu), Toño Cuñado (Zumarraga), Juan Carlos Cuadrado (Beasain), Iñaki Zubeldia (Beasain), Koldo Urrestarazu (Lazkao), Ion Zugasti (Beasain), Jesus Dominguez (Urretxu), Felix Aleman (Urretxu), Aitor Etxebeste (Beasain), Mikel Pedrosa (Legazpi), Agustin Jimeno (Urretxu), Xabier Irastorza (Zaldibia), Aitor Irazustabarrena (Beasain), Eneko Mujika (Ormaiztegi), Joseba Etxaniz (Legazpi), Iñaki Lizarralde (Legazpi), Carlos Moran (Zegama), Xabier Irazustabarrena (Zaldibia), Francisco Garcia (Legazpi), Aitor Molinero (Urretxu), Iñaki Omañas (Urretxu), Adur Medizabal (Zaldibia), Igor Azurmendi (Ordizia), Prontxio Santoyo (Ordizia), Aitor Gallardo (Beasain), Xabier Yurrebaso (Beasain), Mikel Mujika (Beasain), Mikel Mendizabal (Idiazabal), Pello Arroyo (Beasain), Iker Zurutuza (Idiazabal), Jon Ander Alustiza (Legazpi), Jon Larrañaga (Legazpi).