Jose Antonio Peña, bizitza osoa atletismoari lotuta
Ordiziako Atletismo Taldearen historian, Jose Antonio Peñak bere lekua egina dauka. Ia 30 urte daramatza dakiena atleta gazteei erakusten. Peña bera gaztea zela, pisu jaurtiketan aritu zen eta jubenil mailan, Espainiako txapela lortu zuen.
59 urte ditu Jose Antonio Peñak eta ia bizitza erdia darama Ordiziako Txindoki Atletismo taldean dakiena erakusten. 80 hamarkadatik atletismoan murgilduta bizi da eta Txindoki Atletismo Taldearen arimetako bat da Jose Antonio Peña ordiziarra, batez ere, Josetxo Imaz eta Txato Caballero gure artetik joan zirenetik. Ordiziako atletismoaren erreferente nagusia da. Ordiziako Udalak ematen dituen Kirol Saria jaso zuen 2010ean, atletismoaren alde egindako lana aitortzeko. Goierritarrak gertuagotik ezagutu nahi izan du Peña. Hona hemen emaitza.
16 urte zituen arte Peña bera atletismoan ibili zen. Pisua jaurtitzen zuen, bere adinerako, mutil handia eta indartsua zen. Espainiako txapelduna izan zen jubenil mailan. Pisu jaurtiketa utzi eta 19 urte zituela, bere lagun kuadrillak saskibaloi taldea sortu zuen Ordizian. Baina denbora gutxi egin zuen atletismotik urrunduta. “Txato Caballero zenak esan zidan behin azaltzeko. Astelehen batean azaldu nintzen eta gaur arte. Beti ikasten, eta beti erakusten. 30 urte eramango ditut hemen. Guk erakutsita jendea ateratzen ari da eta horrek poza ematen du”, adierazi du ordiziarrak.
1993an atera zuen atletismoko monitorearen titulu nazionala atera zuen. Ramon Cid, Justo Lillo, Felix Larrea zena, Jon Karla Lizeaga… izan zituen irakasle. “Azkeneko azterketa egin eta trenean korrika etorri nintzen, Kilometroak festa zen eta nire kuadrilla Goierrin zegoen lanean. Korrika eta presaka etorri nintzen lanera”.
Atleta onak
Txapeldun handiak atera dira Ordizian eta horrek poza ematen du. Azkenaldian, Alazne Furundarena punta-puntan dabil. “Alazne Furundarena orain ez dago gurekin, Atletico San Sebastianen dago, baina gure taldekoa bezala da, hemendik atera da-eta. Primeran ari da. Europako bi minima egin ditu. Europako txapelketetan parte hartuko du Polonian. Espainiako txapelduna ere atera zen uztailaren lehenengo asteburuan, 100 m., 200 m., eta 4x100an. Urtero, Espainiako txapelketara taldeak eramaten ditugu, eta ondo dago. Gazteetan, 300 metroan, txapeldun atera da, Ataun Aiako Janire Agirre. Pista estalian bigarrena egin zuen. Bultz egiten beti datoz gazteak”.
Mutilak erakartzen lan gehiago
Bi nesken izenak aipatu ditu Peñak. Mutilak ere badira baina ordiziarrak adierazi duenez, mutilak atletismora erakartzea gehiago kostatzen da. “Neskekin ondo moldatzen ari gara, kadete mailako neska taldea ere atera dugu. Euskadi mailan bigarren gelditu gara eta Euskal Herri mailan hirugarrenak. Mutilekin gehiago kostatzen da. Zailagoa da. Futbolera edo errugbira joaten dira gehienak. Errugbia ere indartsu dago eta txikitatik ari dira jendea hartzen. Guretzat gutxiago gelditzen da”.
Dena den ikastetxeekin ere badute harremana. Eskola kirolaren barruan atletismoan ere aritzen dira Goierriko haurrak eta gaztetxoak. Beraz, ondoko deia egin nahi du Peñak: “norbaitek etorri nahi badu, etorri eta kitto. Ez dugu mugarik jartzen”. Atletismo taldera gerturatzeko adinean mugarik ba ote dagoen galdetu diogu. “12-13 urte”, erantzun digu. “Hasieran denetik egiten jartzen ditugu, gero hasten dira aukeratzen. Aukera handia dago atletismoan: korrika, abiadura, jauziak, jaurtiketak, hesiak…”, gaineratu du.
Atletismoan aukera handia egoteagatik, gehienek, fondoa aukeratzen dutela dio. “ “Errazena” da. Korrika eta korrika egitea da. Besteek, entrenamendu intentsiboagoak egin behar izaten dituzte. Abiadura, jauziak denetik egin behar izaten da hankak indartzeko. Proba guztiak gustatzen zaizkit baina niretzat politenak, niretzako, 200 metroak eta erreleboak dira”.
Instalazio berriak
Urteotan guztiotan bizitza asko aldatu da eta atletismoan ere bai. Entrenatzeko modua adibidez. “Lehen, 27-28 urterekin utzi egiten zuten atletismoa baina orain kirolarien adina ere igotzen ari da. Janaria zaindu egiten dute, entrenamenduak erabat ezberdinak dira… prestatzaile onak ditugu. Jon Etxeberria oso ona da, Alazneren entrenatzailea da. Jende prestatua daukagu taldean. Jon Aranburu ere oso ona da”.
Entrenamendu motaz gain, duela hiru urtetik gainera instalazio berriak dituzte eta ordiziarra gustura dago azpiegiturekin. “Zorte handia daukagu. Pistarik onena daukagu abiadura egiteko. Jendeak primerako markak egiten ditu”, zehaztu du.
Kirolaren Saria 2010
Iazko abenduan Kirolaren saria eman zion Ordiziako Udalak. “Polita izan zen baina nik beti esaten dut, saria, kirolariei emateko. Gu atzean gaude. Egin duenari eman diezaiela saria. Niretzat errekonozimendu hobea eta garrantzitsuagoa da atletetek baraiek eskerrak ematea; eta horrelakoak badaude ”, aitortu du Peñak.
Espainiako txapeldun pisu jaurtiketan
Handia izateak arazo bat baino gehiago sortarazi zion, ezagutzen ez zuen jendeak ez baitzion sinesten zeukan adina. “Urte batean irabazi nuenean, nirekin moskeatu ziren, zaharragoa, handiagoa nintzela esaten zuten. Nortasun Agiririk eta ezer ez zen egoten 18 urtera arte eta nik beti poltsikoan, jaiotza agiria eramaten nuen. Gizon puska nintzen. Ezagunek bazekiten nire adina, baina kanpoan ez. Beraz, nik beti eramaten nuen jaiotza agiria. Hurrengo urtean, hirugarren egin nuen. Aurreko biak ni baino zaharragoak ziren. Izan zitekeen baina ez dakit. Entrenatzaileari esaten nion urteak galdetzeko. Ez zidan kasorik egiten. Galtzeak ez ninduen kezkatzen, adin berdinekoak ez izatea zen nire kezka. Horrela izanda ez zegoen arazorik. Batek, aurpegian, bizarra bete-betea zeukaten. 14-15 urterekin hainbesteko bizarra?”, dio ordiziarrak. Entrenatzailarean aldetik ez zuen babes handiegirik sentitu eta utzi egin zuen atletismoa.
Hori bai, Peñak, berari irabazi zion mutil handi katalanaren izena buruan ondo gorde zuen eta handik denbora batera jakin zuen bera baino zaharragoa zela. “Bere izenarekin gelditu nintzen eta handik 20 bat urtera, niri irabazten zidana ikusi nuen. Ni baino bi urte zaharragoa zen. Ez zegoen orain bezalako kontrolik. Gaur egun fitxak dauzkate eta txapelketa guztietan fitxa horiek erakutsi behar dituzte”.
Atletismoa utzi eta saskibaloian hasi zen. “Gure koadrillak sortu zuen saskibaloi taldea”, azaldu du ordiziarrak.
“200 metroak eta erreleboak gustatzen zaizkit gehien”
Ez, ezin dut gainera, sorbalda minduta daukat. Astean hiru egunetan 12 kilometro egiten ditut oinez.
Atletismoko proba bat:
200 metro eta erreleboak.
Atletismoa ez den kirol bat:
Saskabaloia. Eskubaloia ere bai. Futbola, egunetik egunera gutxiago gustatzen zait.
Futboleko atezaina ere izan zinen.
Federatuta ez nintzen egon, kuadrilla mailan aritu nintzen.
Ikusi duzun atletarik onena?
Sebastian Coen, Steve Ovett, Sergei Bubka…. Konplotoena, orain dela 20-30 urte konbinatuak egiten zituen, Hombre 10 deitzen zioten. Daley Thompson zen. Gaur egun, proba batzutan, Espainiako errekorrak izango ziren markak zeuzkan. Bikila… asko daude.
Festetan ibiliko zara?
Parrandan ibiliko gara, bai.
Festetatik gehiena gustatzen zaizuna?
Danborrada, kuadrilla eguna. Pelota partiduak ikustera joaten naiz, batzutan Matutina ere bai.