Teknologia berriek “liluratuta” bizi da Maite Goñi ordiziar irakaslea
“Internetek asko lagun diezaioke euskarari”
Internetek eta teknologia berriek bizitza aldatu diote Maite Goñiri: Ordiziako Jakintza Ikastolako Batxilergoko euskara irakaslea izateaz gain, Mondragon Unibertsitean ere teknologia berrien irakasle eta aholkularia da. Internetek “liluratuta” bizi da eta internetek eskaintzen dituen aukerez baliatzen saiatzen da.
Teknlogia berrietara eta internetara “kateatuta” bizi da Maite Goñi ordiziarra. “Kateatuta, baina kontzienteki kateatuta, gustatzen zaidalako. Beti konektatuta nago: 24-7. 24 orduz, 7 egunez”.
Ikasketaz filologoa bada ere, “autoprendizaiaz”, teknologia berrietan ere aditua bihurtu da. “Gogoa eduki behar da ikasteko. Hori bezalakorik ez dago. Bizitza osoko aprendizaia, guk bilatu dezakegu. Nahi duguna ikas dezakegu. Dena dago interneten. Benetan ikasi nahi baduzu, ez daukazu itxoin beharrik halako ikastaroa antolatu arte. Jarrera kontua da”, dio ordiziarrak.
Bizitza erabat aldatu dio internetek eta lan berria ere badu Mondragon Unibertsitatean, teknologia berriei loturikoa.
Euskal filologian eta ingeles filologian lizentziatua zara. Baina azkenaldian, interneten eta teknologia berrietan ikusten zaitugu burubelarri. Nolatan murgildu zara?
Ikasketaz filologa naiz baina orain dela 6-7 urte, Jakintza Ikastolan hasi ginen, IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologia) munduari buelta bat ematen. Talde bat sortu genuen, IKT koordinatzaile bat geneukan, etapa ezberdinetako jendea sartu ginen eta gai hauei buruz kezkatzen hasi ginen. Nola erabiliko genuen teknologia berria, didaktikoki, eguneroko jardunean, klaseetan, txertatzeko. Talde horretatik Ikteroak bloga sortu genuen. Jokin nire lankideak sortu zuen eta gero Mikel eta ni sartu ginen. Han hasi ginen ezagutzen genituen tresnak eta gure hausnarketak plazaratzen. Ikusi genuen, harridura handiz, beste irakasle batzuk kezka berdinak zituztela. Gurekin hasi ziren partekatzen euren kezkak. Denon artean, sare txiki bat osatuz joan ginen.
Jakintza ikastolatik abiatu zen sare txiki hori.
Jakintza Ikastola aitzindari eta erreferente bat izan da. Alde batetik bestera asko ibiltzen naiz eta beti erreferente bezala Jakintza Ikastola da. Garai hartan, IKT taldeak bakarrik ez, zuzendaritzak ere apustu handia egin zuen eta bere lehentasun estrategikoen artean sartu zuen IKT mundu hori. Gurasoek ere kezka hori zuten. Elementu guztiek bat egin zuten apustu horrek aurrera egin zezan.
Sistema honekin irakaslearen papera aldatu egingo da, ezta?
Erabat. Nik lehen, gelara joan eta hitz egin eta hitz egin egiten nuen. Denbora guztian azalpenak ematen, ikasleak ixilik… Orain oso oso ezberdina da. Irakaslearen papera derrigorrean aldatu beharra dago. Gehiago da dinamizatzea, gaiak, proiektuak planteatzea…
Internetek bizitza aldatu digula esaten da.
Nirea bai behintzat! Orain lan ezberdina daukat. Mondragon Unibertsitatean ari naiz lanean. % 30a Ikastolan jarraitzen dut eta % 80 Unibertsitatean ari naiz. Irakasleen formazioan nago, IKT alorrean, aholkulari bezala ere bai. Graduan eta masterretan ematen ditut IKT-eak hezkuntza arloan. Beste alor bat da Mondragon Online, Mondragon Unibertsitateko online sarea. Onlineko mundu horretan nola sortu onlineko ikastaroak… plataformari nola atera etekina sarean dauden baliabide guztiei, online ikastaroak, kalitatezkoak, nola sortu… Hitzaldiak eta ikastaroak ematen ditut…
Internetez gain, euskararen arloan ere lan egiten duzu. Internetak lagundu du euskararen normalizazioan?
Nire uste apalean, bai eta gehiago egitea dauka. Nire ustez sarean ez dago hizkuntza handirik edo txikirik. Dena gure eskura dago eta nahi dugun ekarpena egin dezakegu. Borondatea eta gogoa baldin badago, dauden baliabideekin, gauza asko egin daitezke ordaindu gabe.
Zer behar du euskarak sarean eta zer nola heda daiteke? Batez ere edukiak behar dira. Beti jartzen den adibiderik garbiena, wikipediarena da. Wikipedian oso goian gaude, garen hiztun kopuruarekiko, beste hizkuntza batzuekin alderatuta. Eta hemendik gutxira askoz ere gehiago izango garela espero dut. Administraziotik ere bultzada eman behar zaio. Nik uste dut jendea konszientea izan behar dela, ekarpen txikiek egiten dutela ekarpen oso handia. Hori da klabea. Eta bakoitzak bere esparruan. Unibertsitatean adibidez, jakintza asko dago gordeta, kajoietan. Hori dena modu digitalean, denon eskura jarrita. Euskaraz behar dira edukiak eta bakoitzak bere esparrutik egin behar du.
Bizitza arruntean bezala dago euskara interneten. Ez dut ikusten desberdintasunik dagoenik. Lehenengo jarrera zaindu behar da. Tuentin ere, lehenengo hitza euskaraz egin dezatela. Guk horretan asko lagundu dugu. Internauta euskaldunok, blogariok, borondatez, euskara zabaldu nahian, gauza asko itzuli ditugu, euskaraz daude programa gehienak, eta erakutsi dugu euskaraz ere posible dela erabiltzea. Baina nik uste dut gehiago egin behar dela. Bakoitzak bere esparrutik edukiak aportatuz. Norbaitek zaletasunen bat baldin badauka blogen bat egitea, wikipedian artikuluren bat idaztea, besteen blogetan komentatzea…
Youtubek ere erraztasun handiak ematen ditu. Mundu guztia ibiltzen da youtuben. Aukera dago azpitituluak euskaraz jartzeko. Ez dago arazorik diru aldetik. Jarrera eta kontzientziazioa da kontua. Nik uste dut internetek asko lagun diezaiokeela euskarari. Asko gainera! Baina horretarako pausoak eman behar dira. Jendeak jakin behar du nola eman pauso horiek. Jendea formatu ere egin behar da.
Plaza ona dauka beraz euskarak.
Plaza ikaragarria dauka! Ez gaude gaizki kokatuta. Oso jende aktiboa dago baina gehiago behar da. Euskararen kontuarekin beti gertatu da: oso jende aktiboa egon da, euskararen alde, erre diren arte. Saiatu behar gara sareko jendea ez erretzen eta sarea zabaltzen.
Hainbat termino berri sortu behar izan dira euskaraz. Zein bide erabiltzen duzue hitzak sortzeko?
Polita da nola ibiltzen garen termino berriak sortzen. Bat hasten da erabiltzen eta normalean besteak ere hasten dira hitz hori erabiltzen, edo eztabaida sortzen da hitzaren inguruan. Horregatik, oso inportantea da termino hori adostea. Askotan aplikazio batean sartzen gara eta hitz bera era ezberdinetara erabiltzen da. Favoritos adibidez nola esaten da? Batzutan laster-marka, gogoenak… askotan ez dakigu zertaz ari garen hizketan. Beraz, oso inportantea da adostea. Orain arte zer egin da? Erabili ahala terminoa orokortu. Horretan ere eszeptiko samarra naiz eta hor ere papera eta hitza hartu beharko ditu hartu behar duenak. Hor daukagu Euskaltzaindia eta hasi beharko du horrelako terminoak bateratzen, edo gutxienez jakin dezagun nora jo. Dena den, nik uste dut nahiko ondo moldatzen garela.
Beste kontu bat da, termino horiek, euskarazkoak sortu ala ingelesezkoak erabili. Gaztelaniaz ingelesetik datozen termino asko erabiltzen da. Hor oreka bat bilatu behar da. Ez da inork ulertuko ez duen gauzarik egin behar. Euskara erabiltzeko erraztasuna bultzatu behar da, gehiegi konplikatu gabe. Baina ondo egongo litzateke termino horiek ahalik eta azkarren adostea, normalizaziora iriste aldera.
Hitzaldi eta ikastaro ugari ematen dituzu internetaren inguruan. Besteak beste, segurtasunaren gaiaz.
Plaza oso handia da internetekoa. Eta denetik dago. Internet eta segurtasunaren inguruan hitz egiten dudanean, beti, aukerak eta arriskuak aipatzen ditut. Aukera mordo bat ditu eta arriskuak, kalean bezala daude, berdin-berdin. Guraso batek, seme-alaba bat lehenengo aldiz kalera joaten denean ez dio uzten kalea gurutzatzen edo nondik joan behar duen esaten dio… hori ere erakutsi egin behar zaio. Zer gertatzen da? Gaur egun kontraesan bat dagoela: guraso askok ez dakite zein den interneteko zebrabidea. Gure ikasleak, gure seme-alabak natibo digitalak dira, jaiotzez digitalki egon direlako. Baina erakutsi egin behar zaie.
Bi jarrera daude: bat, ez ikusiarena egitea eta bestea, nik aholkatuko nukeena, gainean egotea, batez ere lehenengo pausoak eman behar dituztenean. Lan partekatua izan behar du eskolak eta familiak. Eskolak bakarrik ezin du beregain hartu. Alfabetizazio digital horren alde egin beharko du eskolak. Portaerak, jarrerak… etxetik ere mezu berdintsuak eman behar dira.
Legazpiko ikastetxe guztietan egon naiz 5. mailatik DBH2ra bitarteko ikasleekin. Irakasleekin ere egon naiz. Askok dituzte kontuak 9-10 urtekin tuentin eta ez dakite igotzen den guztia tuentirena izan daitekeela, zerbait igotzen badute (lagunek baino ezin dutela ikusi jarrita izanagatik ere), edozein gauza bistaratzen dela gorde daitekeela eta zabaldu daitekeela. Arrasto digitala uzten da egiten den guztiarekin… Horrelako minimo batzuk jakin egin behar dira. Ikasleak oso harrituta gelditzen dira horrelako kontuen adibideak erakutsita.
Gaur egun ezin dugu ez ikusiarena egin. Badakigu interneten ibiliko direla eta gu ere bai. Saiatu interneten ekoizten, produzitzen, ekarpenak egiten, arrasto digital hori uzten, baina onerako izan dadila.
Oso kuriosoa da dagoen moda: jakinda gauza bat ilegala dela, adibidez, porro bat erretzea ilegala dela eta porroa erretzen ari den argazki bat igotzea. Oso modan dago. Gauza batzuk, ilegalak ez izanagatik, ezegokiak dira. Askotan harrotasunez lagunei erakusten zaizkie argazkiak, jakin gabe, argazki hori beharbada, zure kontra itzuli daitekeela. Zure kontrako proba bezala erabil ditzateke.
Ezinbestekoa da alfabetizazio digitala. Sarea beteta dago gurasoentzat aholkuekin, sarean seguroxeago ibiltzeko… gure ikasle asko ‘minijuegosetan’ ibiltzen dira, eta hor dagoen propogandak askotan birusak zabaltzen dituzte. Hori ere jakin egin behar da. Hori ere gurasoei interesatzen zaie. Egia esateko, gurasoak oso kezkatuta daude gai honekin. Normalean ez dute ezikusiarena egiten eta kezkatu egiten dira.
Arlo horretan normaltasunera iritsi gara. Arauak jarri egin behar dira, mugak jarri behar dira. Eta adinaren arabera, gauza bat ala bestea, segurtasunez ibiltzeko.
Internetek, sare sozialek… iraultzak ahalbidetzen ari dira mundu zabalean. Mundu arabiarren adibidea hor dago.
Nik uste dut badela garaia ikuspegi hori aldatzeko: internetek, txarrerako edo onerako, gauzak zabaltzeko balio du. Izugarrizko erraztasuna dago ematen ari dena, lehen ezkutuan gelditzen zen hori, onerako ala txarrerako, garraiatzeko.
Oso kuriosoa da: duela urte batzuk twiter, freeky batzuen kontua zen eta gaur egun albistegietan iturri bezala aipatzen dira. Helerazteko moduan gauzak asko aldatu dira. Zu nonbaiten baldin bazaude, pertsona arrunta zara eta zure kamararekin gertatzen ari den zerbait grabatzen baduzu eta nonbaitera igotzen baduzu, zabaldu egiten duzu. Ez daukazu itxoin beharrik hurrengo eguerdiko 2etan azalduko den albistegian ikusteko. Beste iturri batzuk daude. Asko aldatzen ari da eta oraindik ere askoz gehiago aldatuko da.
Jendeak gaur egun mugikorrak ditu, momentuan zer gertatzen ari den twiteatzeko erabiltzen du. Bat-batekotasun handia dauka.
Informazioa guri nola iristen zaigun ere alde handia dago. Gaur egun ez gara informazioaren bila joaten, informazioa gugana etortzen da. Badaude sistemak, zuk zure egunkari pertsonalizatuak egiteko RSSren bidez. Zer jaso nahi duzun aukeratu dezakezu. Egunkari honetatik sail bat, bestetik beste hori… Infinitoak dira aukerak, jakin egin behar dira horiek denak kudeatzen. Niretzat liluragarria, zoragarria da bizitzen ari garena.
Irakurle batzuk egongo dira, elkarrizketa hau gutxi ulertu dutenak. Nola azalduko zenieke Internet zer den?
Ni oso txarra naiz definizioak emateko. Leiho zabal-zabal bat, aukera pilo bat dituena, denetarik ikusteko eta bizitzeko. Kontsultarako balio duen zerbait eta batez ere. Zuk egin dezakezu zure edukia, eta besteekin partekatu, eta internetari indarra horrek ematen dio. Niri alor hori gustatzen zait gehiena internetetik. Aktibo izan zaitezke. Denon ekarpenekin osatzen da dagoen plaza zabal hori.
Ulertu ez duenak, interneten saltseatzea du onena, probak egiten dira. Seguru, ziur nago, denok topatuko dugula zerbait gustukoa duguna. Ez da hitz egin behar interneti buruz, internet bizi egin behar da, sartu egin behar da, saltseatu egin behar da, eta batez ere onurak bilatu behar dira eskaintzen dizkigun aukera guztietatik.
Urteak pasa dira, baina Euskadi Gaztean ere ibili zinen.
Karrera bukatu nuenean, opor garaian, ordezkapenak egiten aritu nintzen. Euskadi Gazteako kontratuta bukatu eta hurrengo egunean Jakintza Ikastolan hasi nintzen lanean. Diskoa jarri, publizitatea, telefonoa hartu, hitz egin… ez zegoen ezer ere digitalizatuta. Dena guk egin behar genuen. Asko gustatu zitzaidan. Karrera bukatu berria nintzen.
Atzera begiratuta, beti esaten dut, zeinen interesgarria den gauza ezberdinetan lana egitea! Bizitzak zenbat buelta ematen dituen! Ikusi zer ikasi nuen eta zertan ari naizen! Begira zertan hasi nintzen lanean eta zertan ari naizen orain. Hori da polita, bizitzak buelta asko ematea.
Euskaljakintza.com
Jakintza Ikastolan euskal hizkuntza eta literatura ikasgaia ematen duzu Batxilergoan. Euskaljakintza.com sortu duzue.
Ni oso etsita nengoen. Batxilergo 2. mailan euskal hizkuntza eta literatura ematen dut eta ikusten nuen selektibitateari begira gehiago arduratzen zirela matematika, fisika eta horrelako gaietaz. Euskararekin ez ziren gehiegi kezkatzen. Klasera joaten nintzen eta galdetzen zidaten, zertarako ikasi behar dugu hau, ez bada selektibitatean sartzen? Zerbait gertatzen zen. Beraiek ez zeuden motibatuta eta ni are gutxiago. IKTen sartu nintzen eta bloga ezagutu genuen garai hartan. Hortik web 2.0 mundura sartu ginen. Nire lankideek animatu ninduten blog bat sortzera. Buelta asko eman nizkion eta ez nuen nahi zerbait gehigarri bezala erabiltzea, baizik eta, metodologikoki aldatu egingo genuen ikasgaiaren planteamendua. Testu liburua baztertu egin genuen eta harrezkero guk geuk sortzen dugu gure “testu liburua”. Ikasi behar ditugun edukiak geuk egiten ditugu. Gramatika, literatura… edukiak errepasatzeko ariketak sortzen ditugu. Hori dena besteen eskura uzten dugu, sarean. Gure filosofia zen, guk sortutako guztia besteekin konpartitzea. Gure ezusterako, garai hartan (gaur egun ere ez dago gehiegi) ez zegoen ia ezer ere euskaraz, eta gure ariketak egitera beste ikastetxeetatik, euskaltegietatik Euskajakintzara pasatzen ziren. Edukiak sartzen eta sartzen joan gara eta sei urteren ondoren esan dezakegu, altxor txiki bat daukagula.
Nola lan egiten duzue?
Proiektuka lan egiten dugu. Planteamendu ezberdinak dira. Saiatzen naiz ikasleek izan dezaten protagonismo oso, klaseetan aktiboak izaten, pixka bat euskararekiko jarrera alda dezaten. Hori da niretzat inportanteena. Ez da bakarrik euskarako eduki batzuk lantzea, bai gehiago, euskararen alde, sarean, gure esparru txiki-txiki honetatik gauzak egitea. Sarean denok zerbait jartzen badugu, asko izan daiteke.
Sei urte daramazue Euskaljakintza.com-ekin. Zein balorazio egiten duzue?
Nik ikusten dut lehen baino askoz ere hobeto lan egiten dutela. Gaur egun blogean argitaratzeak ematen die beste erantzunkizun bat. Gure artikuluak oso publikoak dira. Lana egiterakoan ere beste ikuspegi bat ematen du. Eta zeharka, teknologia berrietan trebatzen dira.
Gustatuko litzaidake ikastolako ibilbidea bukatzen dutenean sarean ekarpenak egiten jarraitzea. Tresnak eman dizkiegu. Filosofia ere barnearazi diegu. Eta gustatuko litzaidake horrekin jarraitzea.
Ega-ko azterketen gorabehera
Nik baimena banuen 05-06 EGAko azterketa liburua argitaratzeko. Banan-banan, eduki guztiak sartu nituen interneten. Tresnak ezagutzen nituen eta aplikazio batekin sareratu nuen. Baimena eskatu nuen eta baimena eman zidaten. Sarean jarri nuenean, izugarrizko oihartzuna izan zuen. Jende mordoa dago urtero-urtero EGA prestatzen duena eta jende askok erabiltzen du material hori. Nire ikasle guztiek EGAko liburua erosten dute. Ikasleek gelan egiten zuten atariko froga bat behin eta berriz eginez gero, bisualki geratu egiten da erantzuna. Sarean jarrita, aldiro, kargatzen denean, hurrenkera ezberdinean kargatzen dira ariketak. Aukera asko ematen ditu eta oso aproposa iruditu zitzaidan formatu digitalera pasatzeko eta horrela hasi nintzen.
Ikusita zein oihartzun eta zein arrakasta izan zuen, animatu nintzen 03-04koa pasatzea. Harentzako ez nuen baimenik eskatu. Baimen hura uste nuen, EGAko liburuak digitalizatzeko baimena zela. 03-04 urteetan egon zen sarean eta inork ez zuen ezer ere esan.
Noiz eta zergatik sortu zen arazoa?
Opor batzuk hartu behar nituenean, 07-08ko liburu berria iritsi zen eta liburu berriak formato ezberdina zeukan. Azkar-azkar pasatu nuen, azterketa berehala zen eta gure ikasleek ikas zezaten. Gu ez gara euskaltegikoak eta guri ez zaigu iristen aldaketen berri. Nire ikasleek oporretan ikas zezaten, liburua pasatu nuen sarera. 0-8ko azterketak bakarrik pasatzeko denbora eduki nuen. Jarri nuen, norbaitek ikusi zuen eta Eusko Jaurlaritzakoei esan zien eta kontua da Jaurlaritzatik deitu zidatela, esanez, mesedez, modu oso onean, liburua erretiratzeko. Zein zen arazoa galdetu nien, nik erretiratuko nuela, baina ez nuela zergatia ikusten… Horretarako baimenik ez nuela eskatu esan zidaten. 03-04rako baimenik ez nuela eskatu esan nien eta urteak zeramatzala… Hitz hauekin erantzun zidaten, ez zaizkit sekula ahaztuko, “liburuak bere ibilbidea egin arte ezin nuela argitaratu”. Ikusita zenbat jendek erabiltzen zuen, esan nien, niri iruditzen zitzaidala, beraiek zirela hori hor jarri behar zutenak, eta ez beste inor. Baina erretiratuko nuela.
Baina zer gertatzen da? Nik blogean, hitz horiek argitaratu nituela. Uholde bat sortu zen. Euskadi Irratiko Amarauna programan kolaboratzen dut eta gaiaz galdetu zidaten eta bi hitzetan nire iritzia eman nuen. Irratikoek esan zidaten, hurrengo astean Eusko Jaurlaritzakoen bertsioa jasoko zutela. Gaia baretuta zegoenean, Amaraunako programa horretan, pirata bat nintzela deitu zidan Eusko Jaurlaritzako batek, ez neukala baimenik… Nik garbi esan nuen ez neukala baimenik. Eta jendea asko hasarretu zen. Nola pirata deitu? Maite bere lana egiten ari da, oporretan, liburuak digitalizatzen, xentimorik kobratu gabe… eta zuek daukazue aurpegia pirata deitzeko? Posturak areagotu egin ziren. Gaia itzaldu egin zen arren, jende askok galdetzen dit honetaz.
Dena den, zure lana beti errekonozitu izan du Eusko Jaurlaritzak.
Beraiek komunikatu bat atera zuten eta medioek ere, nahi zutena jarri zuten. Komunikatu hartan, esaten zuten, nik ez neukala baimenik, baina onartzen zuten izugarrizko lana zela, eta denagatik eskerrak ematen zizkidaten. Eta gerora ere elkarrekin jarraituko genuela lanean. Komunikabideetan bakar-bakarrik atera zen, nik ez neukala baimenik.
Garai hartan esan nuen ixilik egongo nintzela, gauza bat esan eta beste bat argitaratzen delako, eta zuelako merezi. Esfortzu handi bat eginez ixilik geratu nintzen. Baina uste dut badela garaia gauzak argitzeko: beraiei oso ondo iruditzen zitzaien lana, hala ere esan zuten, nik eskatu egin behar nuela baimena. Egia da, liburuaren ibilbide hori ez dakidala zer den. Orain baimena eskatuta dago eta sarean dago liburua.
Hainbeste zalaparta sortu zuen materiala interneten dago.
Aurten, pentsatu dut: liburuak egingo al zuen bere ibilbidea? Ikasleentzat liburuak erosi nahi nituen eta agortuta zegoela esan zidaten. Liburu osoa klik batean argitaratzeko nuen eta jende askok eskatu zidan sarean jartzeko… Baina errespetatu egin nuen Eusko Jaurlaritzak esan zuena. Nire ikasleei ere ez nien utzi egiten. Pentsa! Orain baimena eskatu dut eta orain, eskerrak emanez eta lanagatik zorionduz, jartzeko esan didate.
Nik ideia asko dauzkat material horrekin zer egin daitekeen eta gustura emango nizkien ideiak. Baina iruditzen zait beraien ardura dela.