Carlos Gonzalez: «Merkataritzara zuzendutako teknikaria jartzea eskatu diegu politikoei»
Azken bi urteetan indar handia hartu du Bareak merkatari eta ostalarien elkarteak. Gero eta ekintza gehiago antolatzen dituzte, eta bazkide eta bezero kopurua handitzea lortu dute. Elkarteak ordea, behar batzuk ere baditu, eta horiei aurre egiten laguntzeko alderdi politiko guztiekin elkartu ziren iaz, beraien beharrak eta nahiak azaltzeko. Udal berria osatuta, elkartearen eta udalaren arteko elkarlana bultzatzen jarraitu nahi dutela azaldu du Carlos Gonzalezek (Donostia, 1964), Bareakeko bozeramaileak. Iazko hasitako bilera sortari aurten jarraipena eman diozue. Hauteskundeen aurretik, ahal izan genuen alderdiekin bildu ginen, baina ez denekin. Hori izan da bileren gabezietako bat, batez ere kontuan hartuta, aurreko urtean alderdi guztiekin elkartu ginela, salbuespenik gabe. Sorturekin, EAJrekin, eta Hamaikabatekin bildu gara azken bilera sortan. Guk alderdi guztiekin bildu nahi genuen, baina Ezker Batuak ez zuen agendan tokirik izan eta PSE-EErekin eta PPrekin genituen hitzorduek kale egin zuten koordinazio arazoengatik. Zein gai landu dituzue orain arteko bileretan? Bareakek azken urteetan izan duen garapena zein izan den azaldu genien, hori oso interesgarria zela iruditzen zitzaigulako. Zein ekintza egiten ditugun, komunikabideetan dugun presentzia zein den, bazkide eta bezero aldetik zenbat hazi garen… azaldu genien, arlo horietan salto kualitatibo handia eman dugulako. Eskariak zein alorretan egin dituzue? Bost puntutan banatutako eskerak izan dira. Lehen [...]
Azken bi urteetan indar handia hartu du Bareak merkatari eta ostalarien elkarteak. Gero eta ekintza gehiago antolatzen dituzte, eta bazkide eta bezero kopurua handitzea lortu dute. Elkarteak ordea, behar batzuk ere baditu, eta horiei aurre egiten laguntzeko alderdi politiko guztiekin elkartu ziren iaz, beraien beharrak eta nahiak azaltzeko. Udal berria osatuta, elkartearen eta udalaren arteko elkarlana bultzatzen jarraitu nahi dutela azaldu du Carlos Gonzalezek (Donostia, 1964), Bareakeko bozeramaileak.
Iazko hasitako bilera sortari aurten jarraipena eman diozue.
Hauteskundeen aurretik, ahal izan genuen alderdiekin bildu ginen, baina ez denekin. Hori izan da bileren gabezietako bat, batez ere kontuan hartuta, aurreko urtean alderdi guztiekin elkartu ginela, salbuespenik gabe. Sorturekin, EAJrekin, eta Hamaikabatekin bildu gara azken bilera sortan. Guk alderdi guztiekin bildu nahi genuen, baina Ezker Batuak ez zuen agendan tokirik izan eta PSE-EErekin eta PPrekin genituen hitzorduek kale egin zuten koordinazio arazoengatik.
Zein gai landu dituzue orain arteko bileretan?
Bareakek azken urteetan izan duen garapena zein izan den azaldu genien, hori oso interesgarria zela iruditzen zitzaigulako. Zein ekintza egiten ditugun, komunikabideetan dugun presentzia zein den, bazkide eta bezero aldetik zenbat hazi garen… azaldu genien, arlo horietan salto kualitatibo handia eman dugulako.
Eskariak zein alorretan egin dituzue?
Bost puntutan banatutako eskerak izan dira. Lehen puntuak alde politikoarekin zeuden lotuta, Beasain bezalako herri batek merkataritzara zuzendutako zinegotzia behar duela uste dugulako. Zinegotziak elkarrizketari lanak egingo lituzke, merkataritzarekin lotura duten gaiak berarekin landuz. Merkataritzaren inguruan aholkularitza kontseilu baten beharra ere azpimarratu dugu, aldian behin, elkarteko bazkide diren merkatariak eta gainerakoak, elkartu eta gai ezberdinak lantzeko.
Alderdi guztiek esan dute merktaritza alorrak udalean ordezkaritza behar duela. Hala jakinarazi al zizueten zuei ere?
Hala da, baina zehaztasun batekin. Guri, elkarte bezala, gure lan taldea handitzera behartu gaituzte, eta uste genuen udalak ere bere aldetik zerbait jarri behar zuela. Horregatik, alderdi guztiei proposatu genien merkataritzara zuzendutako tekniko bat jartzea, lanaldi osoan eta soilik merkataritzara zuzenduta. EAJ eta Hamaikabat ados zeuden, eta Sortuk esan zigun eztabaidatu egin beharko genuela hori. Bilerak egin ondoren hori izan da kolokan geratu den gauza bakarra.
Eskualdeko Dinamizazio Bulegoaren inguruan egin al duzue eskaririk?
Udalari bulego hori babesteko konpromisoa hartzea eta etorkizunean ere berme hori ematea eskatu genion. Eta horrekin lotuta, Bareakek martxan dituen proiektuak, fideltasun kanpainak… babesteko ere eskatu genien, horiek aurrera eramateko laguntza eta babesa.
Udal berria osatuta, Beasaingo Udalean merkataritzara zuzendutako batzordea osatu dute. Eskariak betetzen hasi direla uste duzu?
Komunikabideen bidez jakin genuen udalak merkataritzarekin lotura izango duen batzordea sortu duela. Guretzako erabaki positiboa dela ezin da ukatu, guk egindako eskaera bat zelako.
Zein izango da hurrengo pausoa?
Berriz ere elkartu egin beharko gara udal berriarekin, elkarrekin nola lan egin dezakegun ikusi eta adostasunetara iristeko. Noiz elkartu zain gaude, udaletik gurekiko zein asmo duten esateko noiz deituko diguten zain.
Momentu hori iristen denean, orain arteko eskariekin aurrera jarraituko duzue?
Bai noski, aipatutako puntu horiek jarriko ditugu berriro mahai gainean. Gauza batzuk dagoneko bete dira, eta pauso horiek emateagatik eskerrak emango dizkiogu udalari, nahiz eta uste dugun gurekin hitz egin behar zutela aurretik. Hortik aurrera gure eskaerak egingo ditugu, udalaren babesa 100%-ean jasotzea espero dugula esango diegu, eta merkataritza planez hitz egiten hasiko gara, herrirako zein proiektu dituzten eztabaidatzen, horiek merkatariengan eta ostalariengan nola eragingo duten aztertzen…
Azken bi urte hauetan Bareakek asko eboluzionatu duela aipatu duzu. Zertan nabaritu duzue?
Salto kualitatibo ikaragarria eman dugu barne antolakuntzari, pertsonalari, ekintzei, eta komunikabideetako presentziari dagokionean. Eta batez ere, eta garrantzitsuena hori da nire ustez, salto handia eman dugu bareak txartelaren erabiltzaileei dagokionean. Erabiltzaile kopurua asko hazi da, eta baita batez besteko kontsumoa ere, jende gehiagok duelako txartela eta txartela dutenek gehiago erabiltzen dutelako. Bazkide kopuruak ere gora egin du, eta oraindik egiteko asko badugu ere, jendea oso gustura dago elkartean eta hori asko nabaritzen da.
Merkatari kopuruak ez ezik, elkarteko kide diren ostalari kopurua ere hazi da azken urtean.
Ostalariak elkartean sartzeko apostua orain dela urte batzuk egin zen, eta ostalaritzaren inguruan egindako ekintzei esker gero eta ostalari gehiago dira elkarteko kide. Ekintza horietan garrantzitsuena pintxopoteoa izan da, jende asko erakartzen duelako eta ostegunetan herrian sortzen den giroa bikaina delako. Ostalariek ez dute nahi giro horretatik kanpo geratu eta, nik uste, urte batzuk barru herriko ostalari ia guztiak elkarteko kide izango direla. Gainera talde bezala oso ondo funtzionatzen dute. Noizen behin elkartu egiten dira eta ekintza berriak antolatzeko proposamenak egiten dituzte.
Elkartearentzat positiboa da hori, ezta?
Bai, gainera elkarteko talderik aurreratuena dira, eta nabaritu egiten da, emaitza oso onak lortzen ari direlako. Orain eskaintza berri bat dago martxan, eta elkarteko kide egiten diren ostalari berriek lehen hiru hilabeteetan kuota doan izango dute.