Ioseba Izagirre: “Jendea ezagutu, eta proposatutakoa egiteko gai zarela ikusten duzu”
Ekainaren 10ean abiatu zen Erromatik Ioseba Izagirre (Ormaiztegi, 1980) Donejakue bidea egiteko. Santiagora abuztuaren 6an iristea du kalkulatuta, eta handik Fisterrara joango da. Guztira bi hilabete inguruko bidaia ari da egiten. Orreagara (Nafarroa) aurreko asteburuan irtsi zen, eta Santiago egunak Burgosen (Espainia) harrapatuko du astelehenean. Zergatik erabaki zenuen bidea egiteko Erromatik hastea? Orreagatik eta beste leku batzuetatik dagoeneko dezentetan eginda daukat, eta pixka bat aldatu nahi nuen. Lagun batek esan zidan bere lagun batek egina zuela, eta informazioa biltzen hasi nintzen. Erronka polita iruditu zitzaidan, eta egitea erabaki nuen. Italia eta Frantzia zeharkatu dituzu, eta, Nafarroatik igaro ondoren, Espainian sartu zara. Non ibili zara ondoen? Orain arte, zati guztiek denetik izan dute, eta Espainian ere hala izango da. Adibidez, Italian oso gustura ibili nintzen, batez ere italiarrek duten jarreragatik. Asko hitz egiten dute, eta laguntzeko prest daude beti. Ibilbidea ere oso polita zen, baina Frantziakoa gehiago gustatu zait. Jendearen jarrera ordea, batere ez. Ez zuten laguntzen, eta zerbait galdetu eta beste aldera begiratzen zuten.Baina jende ona ere aurkitu dudala esan behar dut. Ez da lehen aldia Donejakue bidea egiten duzuna. Zer du horrenbeste erakartzeko? Nik uste dut bide guztiek izan dutela esanahiren bat. Aurrenekoa nahi nuelako egin nuen, gai nintzen [...]
Ekainaren 10ean abiatu zen Erromatik Ioseba Izagirre (Ormaiztegi, 1980) Donejakue bidea egiteko. Santiagora abuztuaren 6an iristea du kalkulatuta, eta handik Fisterrara joango da. Guztira bi hilabete inguruko bidaia ari da egiten. Orreagara (Nafarroa) aurreko asteburuan irtsi zen, eta Santiago egunak Burgosen (Espainia) harrapatuko du astelehenean.
Zergatik erabaki zenuen bidea egiteko Erromatik hastea?
Orreagatik eta beste leku batzuetatik dagoeneko dezentetan eginda daukat, eta pixka bat aldatu nahi nuen. Lagun batek esan zidan bere lagun batek egina zuela, eta informazioa biltzen hasi nintzen. Erronka polita iruditu zitzaidan, eta egitea erabaki nuen.
Italia eta Frantzia zeharkatu dituzu, eta, Nafarroatik igaro ondoren, Espainian sartu zara. Non ibili zara ondoen?
Orain arte, zati guztiek denetik izan dute, eta Espainian ere hala izango da. Adibidez, Italian oso gustura ibili nintzen, batez ere italiarrek duten jarreragatik. Asko hitz egiten dute, eta laguntzeko prest daude beti. Ibilbidea ere oso polita zen, baina Frantziakoa gehiago gustatu zait. Jendearen jarrera ordea, batere ez. Ez zuten laguntzen, eta zerbait galdetu eta beste aldera begiratzen zuten.Baina jende ona ere aurkitu dudala esan behar dut.
Ez da lehen aldia Donejakue bidea egiten duzuna. Zer du horrenbeste erakartzeko?
Nik uste dut bide guztiek izan dutela esanahiren bat. Aurrenekoa nahi nuelako egin nuen, gai nintzen edo ez ikusteko. Baina gainontzeko aldietan esanahi bat izan du. Nire buruari promesa egin nion osaba izaten nintzen bakoitzean bidea egingo nuela, eta dagoeneko hiru aldiz egin dut. Bestelako ezbehar batzuen ondorioz ere egin dut bidea; eta ondo sentitzen naizelako, lasaitu egiten naizelako eta deskonektatu egiten dudalako.
Guztira, zenbat kilometro egingo dituzu aldi honetan?
Nire kalkuluen arabera 2.500 kilometro inguru, egunean batez-beste 45 kilometro. Beti ez dut erritmo berdina eramaten, baina egunean bederatzi ordu inguru ibiltzen naiz oinez.
Zerk du garrantzi gehiago, alde fisikoak edo buruak?
Nik beti esaten dut fisikoki ondo egotea garrantzitsua dela, baina askotan burua da garrantzi gehiago duena. Nire ustez, lehen lauzpabost egunak ondo jasaten badituzu, hortik aurrera burua da pisu gehien duena. Bidea egin aurretik, psikologikoki lan asko egin nuen, bidaia prestatzen nuen bitartean, mentalizatzen joan nintzelako. Baina bidea egiten hasten zaren arte ez dakizu zertan ari zaren.
Non hartu duzu ostatu bidean?
Etorri aurretik zirriborro bat egin nuen, egun bakoitzean nondik nora joan behar nintzen kalkulatuz. Bidearen zirriborroa eginda, hotelena egin nuen, herri bakoitzean zeuden hotelen zerrenda batekin. Lau-bost egunez behin, lekua hartzen joan naiz. Lagun batek ere asko lagundu dit, etxetik gestioak eginez.
Erromesentzako aterpetxerik ez dago Frantzian eta Italian?
Ez dago, ez. Arlesetik aurrera [Frantzia] jendeak gehiago ulertzen zuen kontzeptua eta gehiago konturatzen ziren Donejakue bidea egiten ari nintzela. Baina Italian ez. Hoteletan kredentzialean zigiluak jartzeko eskatzen nien, baina leku askotan zer zen ere ez zekiten.
Hemen bidea egiteko dagoen ideia hori, beraz, ez dago horren errotuta?
Nik uste dut jendeak ez duela ohiturarik bidea Erromatik egiteko, eta horregatik ez dagoela aterpetxerik. Jendeak Orreagatik egiten dut batez ere bidea, hiru-lau astean jarraian, eta han dena negozioari lotuta dago.
Turismoa egiteko modu bat ere bada Donejakue bidea?
Dudarik gabe. Nik leku pila bat ezagutu ditut: Pisa, San Remo, Cannes, Niza [Italia]… Tartean dauden herri pila bat ere bai, ezagunak ez direnak, baina bai oso politak. Oinez zoazela, inguru oso politak iksuteko aukera dago. Frantzian, eguzki-lorez betetako zelaiak daude, eta izpilikuenak.
Zer da Donejakue bidea egitearen onena, eta zer txarrena?
Onena, jende asko ezagutzen duzula, eta zure buruari proposatu diozun hori egiteko gai zarela ikusten duzula. Txarrena, ez dakit. Ez dut esango dena ona denik, baina behin bidea bukatuta onena txarrenaren gainetik geratzen da. Zerbait txarra esatekotan, jendeak ez duela besteen loa errespetatzen esango nuke.
Bidean ordu asko bakarrik igaro dituzu. Zenbaiteraino gogorra da hori?
Batzuetan erokeriak egiten ere hasten naiz! Buruari bueltak ematen hasten zara eta, pentsamendu horiek uxatzeko, kantatzen hasten naiz, makilarekin errepideko hesiari kolpetxoak ematen… Musika entzuten ere joaten naiz, bidea arinago egiteko. Hala ere, onena izaten da, zer pentsatu ere ez dakizunean, bat-batean telefonoak jotzen duenean. Horrek asko animatzen du, denbora batean hizketan zoazelako eta burua deskonektatu egiten duzulako.
Bueltatzen zarenerako anekdotak jasotzen ari al zara?
Bidaia hasi aurretik lankideekin bazkari bat egin nuen, eta eguneroko bat oparitu zidaten. Azkenean ez dut ekarri, lehen ere nahikoa pisu nuelako motxilan, baina ia egunero gertatzen zait zerbait eta, bueltan, gogoratzen ditudanak kontatuko ditut.
Berriketan.info sare sozialean esperientzia kontatzen ari zara.
Berriketan-en berri eman zidaten eta bertan esperientzia kontatzeko proposatu zidaten. Berez, ez nuen ibilera honek inolako oihartzunik izatea nahi, baina ezkutatzeko ere ez dut ezer, eta horrenbeste kilometroren ondoren zer kontatua ere badut erromesaldi turistiko honen inguruan.
Izagirrerek kontatutakoak jakiteko, ikusi Ioseba Izagirrek Berriketan.info sare sozialean duen gunea.